Oihane Calvo
Viernes, 6 de diciembre 2024, 14:54
Urteak daramatza musikaren munduan Xsakara rap abeslariak (Bermeo, 1997) -Xabier Gutiez benetako izenez-. 2020. urtean atera zuen bere aurreneko albuma 'Ilargiaren Semea 16 19'. Geroztik, musika sortzen jarraitu du, eta beste bi EP kaleratu izan ditu: 'Lurrikarak' eta 'Lurrikarak 2.0', 2022 eta 2023an, hurrenez hurren.
Publicidad
Urte honetako martxoan 'Ilargiaren Semea' albuma eman du ezagutzera, azken bost urteetan sortutako obra kontzeptualari amaiera ematen dion lana. Hala ere, ez da hor geratu Bermeoko artistaren proposamena. Geruza berriak eta energia berritua gehitzen dituzten lau abesti berrirekin, Xsakarak azken disko horren edizio 'deluxe' bat dakarkigu aurtengo Durangoko Azokara: 'Ilargiaren Semea: Deluxe Edition'.
«Martxoan atera zen lanaren izenburua 'Ilargiaren Semea' da, neure buruari aspaldi jarri nion ezizena. Album horrek orain dela bost urte hasitako etaparen amaiera markatzen du. Izan ere, 2020an hasi nuen lan kontzeptuala osatzen duen zirkulua ixten du», azaldu du kantari bermeotarrak.
Xsakarak berak dioenez, lan guztiak elkarren artean konektatuta daude. «'Ilargiaren Semea 16 19' izan zen nire debut albuma, eta bertan, nire bizitzako garairik latzena -16 eta 19 urte bitartekoa- laburbildu nuen. Ondoren, 'Lurrikarak' eta 'Lurrikarak 2.0' EPak etorri ziren, eta lehen laneko mamuak uxatu zituzten. Hau da, lehenengo lurrikarak arrakalak sortu zituen, 'Ilargiaren Semea 16 19'ko 16a apurtuz, eta bigarren lurrikarak, berriz, 19a apurtuz. Emaitza 'Ilargiaren Semea' da, a sekas, zikloa ixten duen azken fasea, obra kontzeptual osoari zentzua ematen diona».
Rapa oinarri izanda, beste estilo batzuk ere -trap, techno…- jorratzen ditu Bermeoko abeslariak 'Ilargiaren Semea' albumeko bederatzi abestietan. Gainera, herriko lagunez inguratu da kolaborazioei dagokienez. Dgabanna artistak ez ezik, Bermeoko Etxekalte taldeak eta Aritz Lertxundi kuadrillako lagunak ere parte hartu dute. «Nire ustez, kaleratu dudan obrarik potenteena eta profesionalena da. Batez ere, eskainitako denbora, egindako esfortzua, jarritako gogoa eta sartutako dirua kontuan harturik», gaineratu du.
Publicidad
'Ilargiaren Semea' albumaren edizio deluxe bat ateratzeko ideia modu natural batean bururatu zitzaion Xsakarari. «Gaur egungo industria oso arin doa, eta martxoan kaleratutako diskoari bizi gehiago emateko asmotan, koska bat estuago egitea erabaki nuen», adierazi du. Azken urteetan sortutako obra kontzeptuala guztiz zarratzeko aukera ezin hobea ikusi zuen Bermeoko artistak azaro hasieran argia ikusi zuen deluxe edizioan: «2020ko abiapuntu ilunetik gaur egungo argitasunerako egin dudan bidaia pertsonala eta artistikoa perfektuki islatzen duela uste dut. Eboluzio bat dago eta hori hitzetan, produkzioan eta kalitatean nabaritzen da».
Guztira, hamahiru kantuk osatzen dute 'Ilargiaren Semea: Deluxe Edition' albuma. Disko originaleko bederatzi abestiei, lau berri gehitu zaizkie; horien artean, 'Parrandazale', eta Anixe, Fane, Axeri, Eli, Maida, eta Densorekin batera kaleratutako 'Dj jarri bat geyo'. Beste bi kolaborazio ere badaude. Euskara eta katalana nahasten dituen 'Hemen' kantuan Lluc abeslari katalana izan du lagun Xsakarak, eta 'Zurekin baina bakarrik' abestian Olatz Salvadorren lankidetza berezia izan du.
Publicidad
Xsakara zuzenean ikusi nahi duenak, hurrengo hilabeteetan izango du aukera. Abeslari bermeotarrak Ilargiaren Semea Tour biraren datak iragarri ditu sare sozialetan. Dagoeneko hiru kontzertu eskaini ditu, baina ez larritu, oraindik garaiz zaude. Urteko azken kontzertua abenduaren 13an izango da, Gasteizko gaztetxean, eta urte berria ere indarrez hasiko da. Urtarrilaren 18an Bartzelonako Heliogabal tabernan egongo da, otsailaren 7an Iruñeako Txintxarrin eta 8an Madrilgo Café La Palman.
Durangoko Azokan ere izango dugu datorren ostiralean, abenduaren 6an. Ahotseneako eszenatokira igoko da gaueko 21.30ean. Gainera, gainontzeko Azoka egunetan bere standean egongo da diskoak eta merchandisinga saltzen, eta gerturatzen diren zaletuekin hitz egiteko prest. «Nahi duen guztia etor dadila. Oso pertsona hurbila naiz, besteekin berba egitekoa. Beraz, esku zabalik egongo naiz» aitortu du.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.