Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Timothy Morton filosofo britainiarrak duela urte batzuk modan jarri zuen adierazpen deigarri bat: gauza guztiek beren denbora dute. Gauza handienetik txikienera, esan daiteke denbora gauzari berari erantsita doan zerbait dela. Itsasaldiek beren denbora dute, aurreikusi daitekeena. Berdin gertatzen da urtaroekin eta eskala atomikoan Carbono 14ak duen desintegrazio abiadura, neurri moduan hartzen da fosilei eta hezur aztarnei data bat jarri behar zaienean. Gizakizko gauzek ere denbora bat dute erantsita. 'Parerga eta Paralipomena' liburuan Arthur Schopenhauerrek idatzi zuen haurtzaroan ikertzeko joera nagusitzen dela eta zahartzaroan errealitate printzipioa dela nagusi. Gazteek ilusioa omen dute, zaharrek sufrimendua. Zein da orduan gerraren denbora? Gerrak pendulu antzeko mugimendua eragiten du. Modu anitzetan nabaritzen da gerrak eragindako penduluzko mugimendua, batzuk hurbil hurbilekoak dira, besteak urrutiago kokatzen direnak.
Hurbiletik gerrak memoria historikoa modu materialean egiaztatzen du. 1936an Gernikan gertatutakoa sudurren aurrean jartzen digu. Aldi berean, Gernikan gertatutakoa estaltzeko erabili ziren gezur berak mugikorraren pantailatxoetan irakurri ditzakegu. Lehen begiradan elkarrengandik aldenduta dauden errealitateak hurbiltzen ditu gerrak. Esate baterako, Tuzididesen 'Peloponesoko gerraren historia' hartzen badugu, ez dirudi bigarren liburuko Periklesen diskurtsoa lumaz idatzi zenetik 2.500 urte pasatu direnik. Nahitaezkoa da aztertzea zein harreman duen gerrak postmodernitatearekin eta bere muinean dagoen nihilismoarekin.
Postmodernitatearen ikuspegitik gerrak ez luke berariazko errealitaterik izango, ikuskizun hutsa bilakatu baita. Hori zen Jean Baudrillardek proposatu zuena, 1991n, 'La guerre du Golfe n'a pas eu lieu' (Golfoko gerra ez da gertatu) liburuan. Ez dago gerrarik ez dagoelako benetako gudaririk, guztiok baikara, ikusleak garen heinean, gerra antolatuaren bahituak.
Egungo gerrak Baudrillarden tesi nagusia kolokan jartzen duela esan daiteke. Antzinatea, Erdi Aroa, Modernitatea eta Postmodernitatea erditik zeharkatzen dituen lantza zorroztuaren forma du gerrak. Beraz, badu gerrak oinarrizko materialtasun kutsu bat, kulturazko irazkiak herdoildu ditzakeena. Nihilismoaren teoriko nagusiak, Friedrich Nietzschek, 'Bigarren ezgaraiko gogoeta' idatzi zuenean kultura gaixotu batek dituen ezaugarri nagusia deskribatzen saiatu zen.
Nietzscherentzat ezaugarri nagusi hori historizismoa zen. Harentzat, ideia hautatu baten historiak kontzeptu baten errealitatea behin eta betiko definitzen zuenean kontzientzia gaixo eta nekatuaren zeinu ukaezina bilakatzen zen. Nietzscheren aburuz, historiazko esentziak mugiezinak bihurtzen direnean zahardadezko irrika azaltzen zuen. Nietzscherentzat bizitzarekiko ihesaldia eta heriotzaren hurbiltasuna ziren kultura gaixo baten ezaugarri nagusiak.
Nietzscheren teoriak nihilismoaren osagarri orokorrak deskribatzen zituen. Haatik, egungo europar gerra ulertzeko derrigorrezkoa da errusiar nihilismoak historikoki azaldu dituen ezaugarriak aztertzea.
Kenji Nishitani filosofo japoniarrak nihilismoaz idatzi zuen lan nagusian, joera horrek Errusian izan zuen eragin sakona azaldu zuen. Nishitanik aipatzen du nihilismoa pentsamenduaren historian gai bilakatu aurretik, errusiar jendearen izaeran sustrai sakonak zituela jada. Nishitanik Nikolai Berdyaev errusiar filosofoaren iritzia jasotzen du esanez errusiar nihilismoak izpiritu apokaliptikoa eta nihilismo intelektuala ezkontzen zituela. Bi joera hauen elkarretaratzeak absolutismo erradikal bat sorrarazten zuen Nishitaniren ustez, absolutismo hori «guztia ala ezereza» esaerak laburbiltzen zuen, arrazoiaz haratago dauden posizioetara bultzatzen baitzituen errusiarrak, euren kalterako ziren planteamenduetara gidatuz.
Errusiar nihilismoak, bere adierazpen historikoan behintzat, intentsitate gordinean oinarritzen zuen bere erakargarritasuna. Horrez gain, Nishitanik dio errusiar nihilismoak humanismoaren balioen ustezko epelkeriari barre egiten ziola. Erreforma politikoen kasuan adibidez, paper hutsezko egitasmotzat hartzen zituen. Nishitaniren esanetan, errusiar nihilismoak arazoei behin eta betiko irtenbidea ematen saiatzen zen, errealitate osoa erabat suntsituz. Ideia batez emozionalki estekatuta azaltzen zirenean, ideia horrek zekartzan ondorioak ahalik eta modu erradikalenean jazartzen zituen, nahiz eta prozesu horretan errealitatearekin zituen uki-puntu guztiak galdu.
Nietzscheren teoriak nihilismoaren burutzea eta gizakiaren adinen teoria elkartzen zituen. Egungo gerra nihilitatearen horizontetik interpretatze aldera, bereziki esanguratsua da nihilismoak har dezakeen muturreko forma bat. Forma horri «saturnozko nihilismoa» deitu diezaiokegu. Saturno erromatar panteoiko denboraren jainkoa zen, greziar Cronos jainkoaren antzekoa. Alabaina, denborak har ditzakeen forma guztien artean, Saturno da denbora suntsitzailearen pertsonifikazioa.
Saturnoren esanahi zehatza Macrobio idazleak 'Saturnalia' bere liburuan adierazten du modu argian. Saturnok segaren laguntzaz guztia ebakitzen zuen. Heriotzaren irudi arrunta edo orokorra dela pentsa dezakegu, baina Saturnoren kontzientzia endekatuaren ezaugarria da Macrobiok aipatzen duena, Saturnok bere umeak ere irensten baitzituen.
Azkenik, Macrobiok dio Saturnoren ezaugarrietako bat mugiezintasuna dela, nolabaiteko berariazko zurruntasuna. Saturno bere esentziari modu askaezinean lotuta balego bezala azaltzen zen. Beraz, saturnozko kontzientzia ez da zahartzaroaren kontzientzia hutsa, baizik eta kontzientzia horren modu perbertsoa.
Saturnozko nihilismoak ezereza modu materialean eta absolutuan jazartzen du. Hori dela-eta, postmodernitate nihilistaren aurkako formarekin azaltzen da, azken honen ezaugarri deigarrienetakoa baita errealitatearen eta figuren arteko harreman askea eta mugikorra.
Publicidad
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Óscar Beltrán de Otálora y Gonzalo de las Heras
José A. González y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.