Borrar
Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano egileak, eta Jorge Giménez Bech editorea, liburuaren aurkezpenean. Alberdania
Nerabeen osasun mentalean murgiltzen den liburu bat argitaratu du Alberdaniak

Nerabeen osasun mentalean murgiltzen den liburu bat argitaratu du Alberdaniak

Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal egileek nabarmendu dutenaren arabera, «gizartean oso zifra anomaloak ditugu gazteenen artean osasun mentaleko arazoei dagokienez, eta liburu honek argi pixka bat ematen dio egoera horri»

Miércoles, 25 de octubre 2023, 17:57

Zer dakigu nerabeen osasun mentalari buruz? Zergatik geratzen dira hainbeste gazte beren telefonoen amildegi birtualean ordu amaigabeetan kateatuta? Zer sekretu ezkutatzen dira sare sozialen atzean? Zalantzarik gabe, ezinbestekoa da aztertzea sare horien benetako funtzionamendua, inpaktu kognitiboa, emozionala eta mentala, eta, era berean, harreman sano bat bilatzea nonahi dagoen teknologia horrekin.

Bada, helburu horrekin nerabeen osasun mentalari buruzko liburua argitaratu du Alberdaniak, gaiaren ezagutza sakona duten bi espezialisten eskutik. Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal izan dira 'Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaia' bere hogeita hamargarren urteurrena ospatzen ari den argitaletxera ekartzearen arduradunak. Eta, horretarako, elikadura-nahasmenduen, antsietatearen, depresioaren, autolesioen eta jokabide suiziden labirintoan murgildu dira, haietan inguruneak izan ditzakeen eragin kezkagarriak argitze aldera.

Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak nabarmendu duenez, «ez genuen zalantzarik izan Temo eta Maitane proposamen honekin etorri zirenean eta konpromiso sozialaren alde egin nahi izan dugu. Ez da ohikoa Alberdania bezalako argitaletxe batek mota honetako liburu bat ekartzea, baina gaiak merezi du, liburuak mahai gainean jartzen dituen errealitateak gogorrak eta larriak direlako, eta epe luzera ondorioak izan ditzaketelako».

Telmo Lazkanok, bestalde, asteartean egindako aurkezpenean azaldu zuen zergatik egin duten liburu hau: «Hamarkada batetik hona telefono mugikorrarekiko menpekotasuna errealitate bat da. Eta, era berean, gizartean oso zifra anomaloak ditugu gazteenen artean, osasun mentaleko arazoei dagokienez. Hau ez da kasualitatea, baizik eta kausalitatea, eta liburu honek argi pixka bat ematen dio kausalitate horri».

Ildo horretan, Maitane Ormazabalek azpimarratu zuen mugikorrak, sareek... sarri «erreferente» direla nerabe batentzat. «Askotan heldu bat ez dagoenez, mugikorra oso arriskutsua da. Urteen poderioz zer neurri hartu behar diren arautu eta ikasiko dugu, baina horrek denbora beharko du eta horretarako da liburu hau, denbora horretan guztian ahalik eta ondoen jardun dezagun».

Beraz, nerabeen osasun mentalaren mundu konplexua esploratu, erronkak prebenitu, ulertu eta eraginkortasunez heldu nahi baduzu, ez galdu aukera, eta euskaraz (jatorrizko hizkuntza) eta gaztelaniaz argitararatu den 'Nerabeen garrasia / Las voces del silencio' liburua erosi.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Nerabeen osasun mentalean murgiltzen den liburu bat argitaratu du Alberdaniak