Nami Kaneko.

Nami Kaneko japoniarrak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Saria 'Soinujolearen semea'ren itzulpenagatik

Bernardo Atxagaren eleberriaren japonierazko itzulpena izan da aurtengo garailea, eta Shinchosha argitaletxeak plazaratu du lana. Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horren sustapenerako

Zurekin

Jueves, 30 de septiembre 2021, 20:57

Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea' eleberriari bizitza berria eman dio Nami Kaneko itzultzaile japoniarrak. Izan ere, zuzenean itzuli du euskaratik japonierara, eta lan horren kalitatea aitortzeko asmoz, Etxepare- Laboral Kutxa Itzulpengintza sariaren zazpigarren irabazle izendatu du epaimahaiak. Shigeki Tabata editorearen gidaritzapean, Shinchosha argitaletxeak plazaratu du lana.

Publicidad

Kaneko itzultzailea eta Tabata editorea sari-emate ekitaldira bertaratu ezin izan badira ere, era telematikoan egin dute bat Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldian Bernardo Atxaga idazlearekin; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin; eta Inaxio Garro Laboral Kutxako Euskara arduradunarekin.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lan bat saritzeko asmoz sortutako lehiaketa honetan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain justu, Kanekok eta Shinchoshak egindako promozio lana nabarmendu ditu epaimahaiak: «Itzulpenak Japonian bertan izan duen harrera eta kritika oso onak izan dira. Japoniako Itzulpen Onenaren Sarietan finalista izan da eta hainbat aldizkarik libururik onenen artean txertatu dute».

Itzulpena «kalitate handikoa» dela adierazi du epaimahaiak, eta azpimarratu dituzte itzultzaileak «euskarazko lana japonieraz emateko egindako hautuak». Gainera, Kanekoren ibilbidea bera ere aintzat hartu dute «euskaratik zuzenean itzultzeaz gain bere ikerketa lana ere arlo horretan ari baita egiten».

Bestalde, Shinchusha argitaletxeari dagokionez, haren «garrantzia eta literaturan espezializatutakoa izatea» azpimarratu dituzte. Halaber, inprimatu duten tirada handia, 4.000 alekoa, Japoniako literatura itzuliaren merkatuan ohikoa den kopuruaren bikoitza da. Kontrazalean, Akira Higashiyama idazle ezagunaren gomendioa agertzen da, Ibon Egaña euskal kritikariaren hitzekin batera. Argitaletxeak garrantzia izan du obraren sustapen plangintzan, eta epaimahaiak plan hori ere aitortu nahi izan du.

Publicidad

Esan bezala, sariaren zazpigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna Laboral Kutxan; Imanol Otaegi, Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; Naroa Zubillaga, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; eta Beñat Doxandabaratz, Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikaria.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad