Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión

Nafarroara begira

Maiatzaren 26ko foru hauteskundeak bereziki izango dira garrantzitsuak Nafarroan, aldaketaren gobernuaren lau urteotakoaren azterketa legez. Erresuma zaharreko egoerak eta lerrokatze politikoek Estatu mailako oihartzuna dute beti. Areago Uxue Barkos lehendakari denetik

Lunes, 5 de noviembre 2018, 00:33

2015eko uztailaren 22a egun historikoa izan zen Nafarroan: estrainekoz abertzale batek hartu zuen foru gobernuaren presidente kargua. Mugarri zen horri harrera guztiz erasokorra egin zioten ordura arte agintean egondakoek. UPNk lehenengo momentutik iragarri zituen era guztietako gaitzak, inposizioak eta nortasun galerak.

Publicidad

Oposiziora, besteak beste, ustelkeriak eraman zituela ezkutatu eta erkidegoaren nortasunaren gordelari bakartzat agertu dute euren burua geroztik, ohiko patrimonalizazio ariketaren bidez. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerraren arteko adostasunetik sortutako exekutiboaren aurkako jarduna histerikoa izan da halako batzuetan, joko politiko normalizatutik haragokoa, balizko esentzia jakin batzuei begirakoa.

Nafarroako bozetan bertakoek erabakitzen dute askatasunez. Eta horren nortasunari egin dakiokeen erasorik zuzenena herri-borondate hori auzitan jartzea da, nafarrek eurek erabakitakoari baldarkeriaz aurre egitea. Egungo gobernuari eusten diotenen nafartasuna beste edonorenaren bestekoa delako; gainerako ikuspegien osagarri, Nafarroa anitz baten adierazgarri. Honelakorik ez litzateke gogora ekarri behar izango dialektika politiko helduko inon, baina foru erkidegoan 2018an badago lurraldearen izaera eta horrekiko atxikimendua bere pentsamoldearekin soil-soilik lotzen duenik, aurkaria arrotz gisakotzat hartzeko tentazioa uxatu ezinean dabilenik.

Kultura mailako kontzeptu historiko modura ere Euskal Herria ukatzea muturrera eraman dute UPNk eta bere oso inguruko PPk. Berdin zaie seigarren merindadeko nafarrek egun 'Pays Basque' administratiboa normaltasun osoz osatzen badute. Bost axola Nafarroa baskoien jatorri izana edo euskarari 'lingua navarrorum' zeritzaionekoa. Horrek guztiak, jakina, ez du zertan ezer baldintzatu behar; nafarrei baitagokie euren egitura politikoaz eta besteekiko harremanez erabakitzea. Baina errotiko ukazioa, euskara bera ere kanpokotzat jotzea edo-ta Bizkai, Gipuzkoa eta Arabarekin aparteko loturarik ez dagoela aldarrikatzea zeharo zentzugabea da.

Abertzaleek ez dute beti asmatu Nafarroarekin, barrutik bainoago kanpotik aritu direnero ziurrenik. Dinamika endogenoetatik jarduterik baino ez dagoelako, lehia demokratikotik, egitasmo sendoetatik. Uxue Barkosek oso ondo daki guzti hori eta posibilismotik egin du lan, Nafarroaren interesak lehenetsita, zubigintza ardatz hartuta. Kongresuan zebileneko balorazioak eta ondoren foru erkidegoko presidente aukeratua izanak islatzen dute hori. Kargua hartu zuenean argi esan zuen bere izendapenak ez zuela gehiengo abertzalerik adierazten, eta errealitate soziopolitiko zehatz hori aintzat hartuta ekingo ziola. Hala, ondo neurtu ditu egin beharreko urratsak, gizartearen osotasunari erreparatuta, ez zati bati begira.

Publicidad

Haatik, sekulako egur politikoa jasan du. Gogotik saiatu dira bere aurka, Iruñeko Udaleko dieten kontura esaterako. Kasua epaitegietan artxibatuta geratu arren helburua min politikoa eragitea zelako, susmoa zabaltzea. Eta ironikoa da horren bultzatzaile Nafarroako Kutxa akabatu zutenak izana, eta bertan dieta potoloak poltsikoratzen zituztenetakoak.

Aldaketaren gobernuak zuhur jokatu du arlo guztietan. Zuhurregi, zenbait sektoreren ustez. Horien artean, luzaroko euren estrategiarekin 2015era arte txandaketa ezinezko egin zutenen aburuz. Baina hori zegokion Barkosen taldeari, UPNren hainbat politika ahalik eta adostasun zabalenarekin zuzentzea. Podemosen zatiketak eta Ezkerraren noizean behineko bereizteek kalte egin diote laukoaren trinkotasunari, baina ez dute kolokan jarri egonkortasun politikoa. Foru gobernuak legealdia beteko du, ohiko ardatzetatik at lankidetza eraginkorra posible dela eta Nafarroarentzat bestelako eredurik badagoela frogatuta.

Publicidad

Barkos lehendakariaren azken arrakasta Nafarroari frankismoak 1962an kendutako trafikoaren gaineko eskuduntza berreskuratzea izan da. Pedro Sánchezek horretarako konpromisoa hartu zuen urriaren azken egunean Moncloan alde biek egindako bileran. Maiatza baino lehen hartuko du bere gain Foruzaingoak trafikoaren eta bide-segurtasunaren kudeaketa osoa, eta ez da edozelango lorpena: azken 17 urteotako lehen transferentzia da, eta baita 1990ean egungo eskumen-esparru gehien-gehiena osatu zenetik honakoen arteko garrantzitsuena ere. Maila askotan da esanguratsua UPNk luzaroan honekiko erakutsi duen interes eskasa, autogobernua ulertzeko modu jakin baten ondoriozkoa delako.

Euskararen arloan ere saiatu da Uxue Barkosen exekutiboa, zonifikazioak ezartzen dituen mugak egokitzen eta bertako hizkuntza lurralde osoan hauspotzen. Horretarako ezinbestekoa da berorren erabilera administrazioaren aurrean bermatzea, ez inposizio legez, eskubide modura baino. Izan badirelako horren eskean dauden herritarrak eta alperrikakoa delako lege mailako nolabaiteko aitortza gero arlo publikoan dagokion neurrian horretarako bitartekoak jartzen ez badira. Dena den, UPNk —eta PP ere bereziki sutsu agertu da hizkuntzaren bazterketari dagokionean— urrats nimiñoenak apokalipsiaren atariko antzera irudikatu ditu, euskararen sustapenarekin zerikusia duen edozer gaitzetsita.

Publicidad

Agertoki honetan, PSNk betikoan jarraitu du, zerharkakotasuna bultzatzen barik nortasun eredu zurrun eta alde bakarrekoenaren alde. Erresuma zaharreko sozialistak ez dira gai ausartago jokatzeko, PSEn zeudeneko euren ibilbideari inoiz erreparatu eta malguago jarduteko. Nafarroa Estatu arazotzat hartzeak zerikusi zuzena izan zuen bertako sozialisten trantsizioko norabide aldaketan, eta azkenaldiko indar galeratik ikasi beharko lukete egoera politikoa normaldu ahala bestelako eragiletza dagokiela aintzat hartzeko.

Nafarrek erabaki behar dute euren etorkizuna, egungoan jarraitzeko edo bestelako formulak baliatzeko. Ziurrenik, EAErekin bat egiteko aurreikusitakoak zahar geratu dira, inoiz antzekorik jazo ezean beste parametro batzuetatik izango delako, Nafarroa bera ardatz hartuta. Integrazio kontzeptua bertako abertzale askok ere ez dutelako jada gogoko, dagokion nortasun historikoaren pareko formula berriak behar direlako.

Publicidad

Estatuari zein Europari begirakoak, irudimenezkoak, malguak, askotarikoak, gehitzekoak. Maiatzean ikusiko da neurriren batean bide hori astiro-astiro egiterik dagoen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad