Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Diotenez, kosmosaren musika entzuten zuela zioen Pitagorasek. Sutegi baten mailukadaren tonu desberdinak entzutean, zenbakiak eta proportzioak entzun uste izan zituen bat-batean. Pitagorikoek dena bihurtzen zuten zenbaki. Hala, eskura zituzten soka bakarreko musika-tresnak hartu, eta sokak pintza batekin eustean, beste tonu bat entzuten zela ohartu ziren. Hortik sortzen joan omen ziren musika notak gurean. Egiazki, ez da gutxi musikak proportzioarekin eta zenbakiekin duen zorra, baina, hala izanagatik ere, aspalditik izan da gure zentzumenen aztoratzaile eta horditzaile.
Ezaguna da Orfeoren kondaira. Animaliak baretzen zituen bere liraren doinuekin, eta azpimundura jaitsi zen bere maitea, Euridize, berpizteko itxaropenez, baina esku hutsik itzuli behar izan zuen. Hala ere, bisitaldi horren ondorioz sortu ziren erritu orfikoak, antzinako Grezian indarrean zegoen Hesiodoren 'Teogonia'ren ikusmoldearen aurkakoak. Unibertsoaren Batasun sortzaile baten bila zebiltzan orfikoak, existentziari osotasun gisa zentzua emango ziona Arimaren hilezkortasunean sinesten zuten, halaber, eta eragin nabaria izan zuten pitagorikoengan eta Platonengan. Guk, batez ere, musikaren ahalmen baretzailearekin lotzen dugu Orfeo, baina Dionisoren jarraitzaile ere bazen, eta azken hau, besteak beste, joritasunaren eta ardoaren jainkoa zen, baita erritu-eromenaren eta estasiaren inspiratzaile ere.
Monteverdik opera bat eskaini zion Orfeori 1607an, 'Orfeoren fabula'. Historiako lehen operetako bat izan zen. 1762an Glück izan zen pertsonaia berari opera berritzaile bat eskaini ziona. Ordu arte bananduta zihoazen aria eta errezitatiboa uztartzen eta josten saiatu zen orkestraren laguntzarekin. Ordurako musikak egina zuen bere bidea Vivaldi, Bach, Haendel eta beste hainbaten eskutik. Askotarikoa da musikak gugan izaten duen eragina: hunkitu egiten gaitu, lasaitu, zoratu, dantzan eta jauzika ere has gaitezke… Bildu egiten gaituzte notek geruza bat bezala, eta zapaltzen dugun lurretik atera gaitzakete une batez. Akorde batzuk entzutearekin batera, mundua konkistatzeko adorea bil dezakegu, edo, aitzitik, negar batean hasi, zerbait tristea gogora ekarriz. Badago misterio ilun bat pitagorikoen proportzioen atzean. Tolstoi, adibidez, babesgabe sentitzen zen hainbat musika konposizio entzutean, eta horrek ikara eragiten zion. Beethovenekin gertatzen zitzaion batez ere. Ez kasualitatez, 'Kreutzer sonata' izenburua jarri zion bere eleberrietako bati. Nobelako protagonista Pózdnyshev-ek dio musika gai izan daitekeela pertsona baten egoera aldarazi eta haren berezko izaerarekin zerikusirik ez duen beste bat azalerazteko. Hain zuzen ere, 'Kreutzer sonata' pieza da Pózdnyshev-en krimenaren eragilea. Eta susmoa dugu fikziozko pertsonaia horren atzean Tolstoi bera dagoela, zeloen infernuan harrapatua (bere emazte Sofia Behrs eta Sergei Taneiev konpositorearen arteko gorabeherak zirela eta). Zalantzarik gabe, harreman zurrunbilotsua izan zuen errusiarrak Bonnen jaiotako konpositorearekin.
Orfeori soneto gogoangarriak idatzi zizkion Rilke poetak, adibidez, gorroto zuen musika gaztetan. «Kartzela bat da, zeinaren barruan arima geldotu egiten baita, eta suntsituta amaitu». Musika isiltasunaren eta bakardadearen antonimoa zen. Gorroto zituen musika-tresnak jotzen zituzten bizilagunak. «Isildu. Barrutik isiltzen denak hitzen erroa ukitzen du», idatzi zuen beste nonbait. Berlinen zegoela, ordea, Beethovenen 'Missa solemnis' obra entzun, eta musikaren misterioa ernatu zitzaion barruan. Helduaroan musikaren zale porrokatu bihurtu, eta honako hau idatzi zuen: «Musika (...): beste hizkuntzak zugan amaitzen dira. Ihes dagiten bihotzen gainetik bertikalki altxatzen den denbora zara». Arestian esan bezala, Orfeori eskaini zion bere azken lana, alegia musikaren jainkoari.
Poesia mailu bat zela zioen Arestik. Ezaguna da poesiaren eta musikaren artean dagoen ezinbesteko lotura. Jakiteke dago, ordea, poesiaren mailu horrek Pitagorasek sutegian entzun zuenarekin zerikusirik ba ote duen.
============OP04 FIRMA opinión (71574803)============
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.