Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Ziur aski gogoratuko duzue. Duela urte batzuk, musika, denda espezializatuetan eros zitekeen. Abesti bat gustuko izanez gero, 'singlea' erosten zenuen, eta bat baino gehiago izatekotan, elepe bat edo kasete-zinta bat eskuratu ahal zenuen. Irrati-kateak eta telebista arduratzen ziren gero produktu horiek sustatzeaz eta zuk zure disko-jogailuan edo irrati-kasetean erreproduzitzen zenituen. Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, etxe gehienetan ohikoak ziren binilozko diskoak eta kasete-zintak. Ohitura horrek, aldi berean, musika-ekitaldietara joateko zaletasuna suspertzen zuen. Horrela, hainbat sektore elikatzen zituen industria oso indartsua sortu zen: disko-dendak, grabazio-estudioak, diskoetxeak, artista plastikoak, prentsa musikala...
Laurogeiko hamarkadaren amaieran Compact Disc-a iritsi zen, formatu modernoago eta iraunkorrago bat, gure aparatuak aldatzera behartu zuena, eta binilozko disko eta zinta zaharrak bazterturik utzi zituena.
Negozio biribila, dudarik gabe. Diskoetxeetako agintariak eskuak igurzten ari ziren. Ez zekiten, kantoiaren bueltan, zer topatuko zuten. Compact discak oso erraz kopiatu ahal ziren. Pirateria, ordura arte bazterreko fenomeno minoritarioa zena, benetako mehatxu bihurtu zen. Inbertsio txiki batekin, posible zen jatorrizko disko bat errepikatzea, zeure etxean. Diskoak objektu preziatu izateari utzi zion, eta kalean merke saltzen zen produktu debaluatu bihurtu zen. Baina Interneten etorrerak jokoaren arauak erabat aldatu zituen. 'Dena doan' kultura hasi zen zabaltzen. 'Ordaindu gabeko' musika eskaintzeko lehen saiakera Napster-en eskutik etorri zen. Urte batzuetako jardueraren ondoren, ixtera behartu zituzten. Baina laster jarri ziren martxan 'The Mule' eta antzeko «artxiboak partekatzeko» programak, praktikan edozein grabaziotara doan sartzeko aukera ematen zizuna. Disko-industriako burukideak azkenean ohartu ziren: Ezin zuten Internetekin lehiatu. Eta jakina da: «Zure etsaia gainditu ezin baduzu, batu zaitez berarekin». Orain, Spotify-ri edo Deezer-i esker, nahi dugun musika guztia gure poltsikoan dugu doan, eta ez dugu dendara joan beharrik objektu horien truke ordaintzera. Gainera, YouTubek aukera ematen du edonork promozio-bideo bat igo dezan, irratiak edo telebista-saioak bisitatu beharrik gabe. Azken finean, telebista kateetan geratzen diren musika saioek nostalgia hutsa eskaintzen dute, ia ez dira berriak egiten, 'talent-showak' ez badira. Dagoeneko disko-denda gehienak itxi dituzte eta ez ditugu ezertarako behar hainbeste aparatu. Zigilu diskografikoek beren katalogoak gehitu dituzte negoziazio gardenetan, eta -ez dut zalantzarik egiten- bidezkoak izan dira musikariekin, azken finean, horiexek ematen baitituzte talentua eta lehengaia. Eta zertatik bizi dira doako plataforma horiek? Publizitatetik. Noizean behin, publizitate-mezu gogaikarri bat entzun behar duzu. Jakina, diru kopuru txiki bat emanez gero «Premium» eredura sar zaitezke, eta horrekin arazo hori ere ez duzu izango. Dena abantaila. Nork ikus dezake akatsen bat? Nahi duzun musika guztia poltsikoan duzu, modu eroso eta atseginean. Zure eskura. Arazo handirik gabe. Musikaren mesederako. Inozenteen egun zoriontsua opa dizuet.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.