Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Muinoak eta poesia

Muinoak eta poesia

Muinoez hitz egiten zuenean, bere haurtzaroko muinoez ari zen, baina baita muino guztiez ere

Sábado, 26 de marzo 2022, 00:02

Gure esperientzian iluna, misteriotsua eta problematikoa iruditu zaigun horren irudi argia da poesia». Honela definitu zuen Cesare Pavesek poesia 'Ez dago belaunaldi galdurik' artikuluan. Poesia eta bizitza lanbide bihurtu zituen idazlearen nobela ia guztietan, giro eta narratiba argi hori da nagusi. Muinoen, itsasoaren eta espazio irekien idazlea izan zen, baina baita hiriaren eta itxituren idazlea ere. «Garai haietan beti zen festa». Esaldi gogoangarri horrekin hasten du 'Uda ederra' eleberria. «Oso gazteak ginen. Uste dut urte hartan ez nuela sekula lorik egin». Horrela ekiten dio, berriz, 'Deabrua muinoen gainean' lanari. Baina ez zen beti horrela; ez zen beti festa, eta lorik ez egitea ez zen festengatik bakarrik gertatzen, gauetako larritasunagatik ere bai. Paveseren pertsonaiak halako giro fresko eta ustez alai batean mugitzen dira askotan, baina giro horrek ez ditu kutsatzen. Jende artean daude, baina bakarrik, beren baitan bilduta. Ez dira gai besteengana iristeko. Hala ere, askatasun usaina darie bere lerroei. Askatasun nahiarena, barne borrokarena. «Bada zerbait izugarrikeriatik salbatzen duena: gizakiengana irekitzea». Hala nahi zuen Pavesek, eta klase kontzientziaz oso blaitua zegoen, baina herriarengana hurbildu nahi horretan, bereizketa esanguratsua egiten zuen. «Herrirantz hurbiltzeko nahia izatea, funtsean, kontzientzia txarra aitortzea da». Izan ere, haren ustez, ezin zara herriarengana joan, herria izan baizik. Bestalde, liburuak, berarentzat, gizakiengana heltzeko bitartekoak dira, baina liburuak maite dituen hura, eta ez gizonak, harroputza edo gaitzesgarria da.

Pavesek urteak eman zituen lanean estilo bat bilatzeko. Nobelagile, saiakeragile, artikulugile, ipuingile eta poeta izan zen, baina berak aitortu zuen bere ondorengo narratiba guztia dagoeneko 'Lan egiteak nekatzen du' poema-liburuan zegoela, liburu hartan topatu zuela bere ahotsa. 1936an kaleratu zuen, 28 urte inguru zituela. Ezaguna da AEBko literaturak berarengan izan zuen eragina. Gogo biziz irakurri zituen handik zetozen lanak: Melville, Whitman, Sherwood Anderson, Sinclair Lewis, Lee Masters, Dreiser… Itzuli ere, itzuli zituen hango hainbat lan. Faxismoak Italia itota zuen garai hartan, Paveserentzat ezinbestekoa izan zen kanpotik zetorren haize fresko hura, aberri ideal bat topatu baitzuen hartan. Barne mailan bizi zuten estutasun horri iskin egingo zion estilo baten bila zebilen, aldi berean erregionalismoa eta unibertsaltasuna uztartzeko gai izango zena. Edo bestela esanda, mundu primitiboa eta mitoa batetik, eta komunismoa eta hiria bestetik. Adierazgarria bezain ederra da kontagintzaren argitasunaz dioena: «Kontakizunaren argitasuna bat dator igeriketaren funtzionaltasunarekin; keinu garbi eta zehatzak dira, ur axolagabearen gainean modelatzen direnak eta eraztunetan, bulkadetan eta apar-jokoetan modelatzen dutenak».

Irakurle arruntarentzat idazten zuen, burkideentzat, diskurtso politikoa landu zuen, baina, beste alde batetik, mito eta sinbolo korapilatsuekin borrokan ari zen. Pavesek berak aitortu zuen gehien maite zuen bere lana 'Leukorekin solasaldiak' zela. Greziarra ere bazen, beraz, eta isabelinoa. 'Moby Dick' eleberrian ikusten zuen lanaren, naturaren eta literaturaren jakinduriaren arteko sintesi gorena. «Klasikoak garaikideak bezala ikustea; eta garaikideak klasikoak bezala», esan zuen irratiko elkarrizketa batean. Muinoez hitz egiten zuenean, bere haurtzaroko muinoez ari zen, baina baita muino guztiez ere. Unea eta errebelazioa bilatzen zituen, denboratik eta espaziotik at. Sinboloaren adiera anitzak. Paveseren ustez, munduaren aurrean hunkitzen garenean, hunkitu egiten gara lehen ere jada hunkitu egin garelako, egun batean zerbait itxuraldatuta agertu zitzaigulako, besteengandik isolatuta, hitz edo alegia batean gordea. Horregatik zen hain garrantzitsua berarentzat haurtzaroa eta hitzak bereganatu aurreko begirada garbi fantasiaz blaitua. Liburuen aurretik fabulak izan baitziren, irudiak eta jolasak, kantuak eta festak. Beti ezberdinak eta beti berak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Muinoak eta poesia