Irakurle gazteekin Odisea irakurtzen nuen bakoitzean mitologiak eragindako jakin mina zen irakurketari ekiteko amu kitzikagarria. Gazteen gogoko ziren rol jokoek eta geroago eta sarriago agertzen ziren sorgin eta aztikeriek mitologia klasikorako zaletasuna kartsuki biztu ohi zuten nerabeen bihotzetan. Hari horri tiraka iradoki nien behin baino gehiagotan Juan Kruz Igerabidek eginiko greziar klasikoaren Ulises moldaketa irakur zezaten. Hasiera ez zen samurra izaten, urruna eta nahasia egiten zitzaien bidaia irakurleei lehen ataletan; hiztegi aberatsegia eta idazkera korapilatsuduna Ulisesek feaziarrei bere abenturak azaltzen hasi arte. Asteroko irakurketa solasaldian irakaslearen ekiteak eta mitologia zaleen alamenak baino ez zituen lotzen gazteak Ulisesen gora-beheretara. Ez zuten bat ere argi ikusten zer opa ziezaiekeen XXI. mendean, poema klasiko baten idatzitakoak; zein lotura egon zitekeen Ulises, Telemako eta Peneloperen egoeraz eta beraiek bizi zuten giroaz. Ez zioten etekinik ateratzen klasiko baten irakurketari, ez xederik begitantzen Mediterraneoan zeharreko joan-etorriei, Itakara heltzeko egiten zituen ahaleginei eta pairatutako oinaze eta oztopoen azalpenei, adierazpen horien erritmo eta bizitasuna besterik zen arren, eta solasaldiak zoliago.
Publicidad
Hori horrela izan zen 2014ko urrira arte. Udazken hartan, aurrekoetan legez Juan Kruz Igerabidek moldatutako Homeroren kontakizun epikoa irakurtzeari ekin genion, eta solasaldietan irakurritakoaz mintzatzeari ere bai; geure uste eta iritzi kritikoak azaltzeari; Ulisesek Itakarako bidai luzean bizi zituen arazo eta gorabeherak unean gazteek bizi zituztenekin lotzeari; aurrean ikusten genuen bizitza-harian idoro genitzakeenekin. Horretan igaro ziren saioak, laugarren solasaldian Nikaraguatik etorritako Frangeli gazteak hitza hartu eta geure begi aurrean XXI. mendeko Telemako legez agertu zen arte, ordura arteko geure irakurketa arinari hunkiduraren atea zabalduz: «Orduan Telemakok aita besarkatu zuen negarrez. Biek egin zuten negar, luze, txoriek umeak kentzen dizkietenean baino gehiago», irakurri zuen eta bere azalpentxoa emateari ekin zion.
Zehatz eta xehe hasieran, zirraraz betea ondoren: «Aukeratu dut zita hau ze, irakurri dudanean asko emozionatu naiz, gauza hauek asko gustatzen zaizkit eta oroitzapen asko ekartzen dizkidate… noizbait bizi izan dudalako egoera honen bezalakoa».
Frangeli gure ikaslearen aita Nikaraguan zen orduan; hantxe geratu zen lau urte arinago Frangeli eta bere ama Euskal Herrira etorri zirenean, eta neskatoak ez zuen berriro ikusi aldi luze horretan. Baina hurrengo udan bere herrira itzultzeko asmoa zuen aita ikusteko, eta irakurritako atalak burura ekarri zion harekin izango zuen elkartzea. Telemakoren azalean jarri zen une batez eta begi aurrera ekarri zigun ondoan ginen guztioi Ulises, Penelope eta Telemakoak ugari direla geure artean begi zorrotzez inguruari behatzen badiogu. Frangeliren aitorpen sentikorrak, Telemako eta Ulisesekiko bat egiteak, geure adimena esnarazi zuen, uliseak eta odiseak berton zirela adierazi, begiak zorroztu eta adi egon besterik ez genuela egin behar ohartarazteko, ordura arte ere ondoan, hurbil izan baikenuen atzerri urrunetik heldutako ikasle eta kide gazteak; aldamenean Mediterraneoa ahaiderik ez gurasorik gabe zeharkatutako nerabeak.
Adierazgarria aurrean genuen, baina geure begiek ez zuten ikusten begiratzeko ohiturarik ez zutena. Geugandik hurbil izanda ere geure adimenak ez zuen antzematen geure herriraino heltzeko egin zuten ibilbidea, bizi izan zuten odisea, etxean edo Aldundiaren egoitzan zuten egoera. Urriko egun hartan Frangeliren hunkidura geure egin genuen, bere malkoak geureekin batu. Ez dakit Frangeli zehazki Ulisesekin ala argiago Telemakorekin lotu ote genuen, zeren bai, 3200 urte arinago Telemako legez bere aitaren bila abiatuko zen itsas handiaren gainean mendebalderantz. Baina, bestalde, Ulises ausartaren eran zeharkatu zuen itsas handia ezezaguna zitzaion arrisku eremuan aurrera zitekeen etorkizuneko Itakaren bila. Horretan ere bada irakurgai klasikoen irakaspena, antzinakoak direlako bazterrean uzteko zorian diren irakurketek erakutsi egiten digutela garai batekotzat jo ditugun arazoak, aspaldi ahaztutako nekeak bertan direla ageri-agerian; ispiluak aurrez-aurre jartzen dizkigula egungo erreportajeak baino bortitzago eta bere hizkera ederrez bihotzean jo itzuri egiteko aukerarik gabe.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.