Lauaxeta herrian
Egunotan 119 urte bete dira Esteban Urkiaga, Lauaxeta, jaio zela. Zenbaki borobildun urteurrenen lagun ez naizen honek, poetaren irudia ekarri nahi nuke gogora
Miren Billelabeitia
Sábado, 10 de agosto 2024, 00:03
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Miren Billelabeitia
Sábado, 10 de agosto 2024, 00:03
Gizakiak ez direla uharteak idatzi zuen Jonh Donnek 1624an 'Meditazioak' liburuan. Mintzo ditugun hizkuntzak eta ahotan darabiltzagun hitz gozoak ere ez, ezta gurea bezalako hiztun gutxidun hizkuntza txikia esango nuke nik. Jatorria zein den eta ahaiderik ote dituen ez dakigun eleketa hau ere ez da izaro isolatua. Gizakiak ez gara irla bakartiak, kultura, ohitura eta tradizioak ere ez, ezta literaturak, idazleak eta olerkariak. Antzina batean agian, irudikatu genituen olerkariak irudi erromantikoari loturik, bakardadean zain musak belarrira bertso ederrak noiz esango. Baina horrelakorik ez zein inoiz izan. Olerkariek, idazleek, artista guztiek legez harremanak behar dituzte inguruarekin, bere lanen zubi bidez elkarreragina izan irakurle eta entzuleekin. Idazteko darabiltzaten hizkuntza irakurria eta esana izan behar da dirauela nahi badugu, bere emaitza literarioak damaizkigula.
Duela hamalau urte, 2010-11 ikasturtean, Adela Fernández, ikastetxera astero zetorren pedagogia adituak era berean proposamen eta itauna zen esaldia esan zidan: «Miren, zeure herrian idazle izena duten kaleak ote dira?». Ezetz erantzun nion, Lauaxeta kalea baino ez, herriko olerkariaren izena zuena. Berak ez zuen atzera egin ordea eta ikastetxe batzuetan lantzeko asmoa zuten 'Callejeros Literarios' ekimenean jardungo ote genuen iradoki zidan; ibilbide literarioa sortu bideko geltokitzat idazle izendun kaleak hartuz, geralekuan zegokion idazleari buruzko argibidea edo idazki ataltxoren bat irakurriz literatura kultura lantzea. Baina, horrelakorik geure herrian ezina zela azpimarratu nion; idazle izendun kale bakarra izanik ibilbidea zurrunbilo korapilatsua bilakatuko zela.
Orduan ez nekien zer zitekeen postliteratura, ezta une literarioez ezer, baina duela gutxi Olivier Thuillas irakaslea aipatzen duen Enrique Santos Unamunoren 'La literatura como patrimonio: del nation buillding al nation branding' (2018) irakurri nuen. Une literarioetan lau mota bereizi ditu, artean idazlearen etxea eta bere ibilbidea. Francesca Uccellaren aipua ere bada. Literatura ondarea azaltzen du honek: «literaturari eta idazketari dagozkion osagai material zein inmaterialen multzoa». Multzo horretan etxeak eta ibilbideak hartzen ditu gogoan Uccelak. Ez nuen 2010ean holako ikerketen berri, baina, Jonh Donne berriz gogoan, inor ez bada uharte, gizaki oro kontinentearen zati bat bada, itsasoaren alde bat, horrela, gizaki bat, hau da unibertso bat, unibertsoko gauza guztiak da. Gogoeta honen ildoan ez da guztiz eroa hausnartzea olerkariak, Lauaxeta, bere olerkiak direla, bere haurtzaroko toki maitagarriak, gaztarokoak, bere poemak iradoki zizkionak. Honelako zer edo zer otuko zitzaidan egitasmoa egokitzeko burutapena gogoan irazeki zitzaidanean; ikasleei olerkari bakarrarengan oinarritutako ibilbidea egiteko aipatu nienean: etxea, ikasketak hasi zituen ikastetxea, olerki eta artikulu batzuen oinarrian ziren giroak.
Hamar geltokiz osaturiko ibilbidea eratzeari ekin genion bada, idazlearen bizitzan eta idazlanetan oinez. Googlemaps-en hasi argazkiak eta bideoak lotuz, eta dena biribilduta, urratsez-urrats eta kalez-kale egin genuen, denok batera argibide, olerki zein artikulu zatiak irakurriz. Gazteekin oinez, Esteban Urkiaga eta bere garaiko Mungiari buruz hitz egiten, hurbildu egin ginen poetarengana eta poeta ekarri gure lagunartera; gizakiago egin, gorpuztu. Halako haize leunak besarkatu gintuen eta hitzetatik zein irakurrietatik ez eze giroak eskaini digun arnasatik ere ikasten dugulakoan bagaude, zin dagiket hainbat ikasi genuela, ikasi dudala. Ikasia ez da, omen, zehazteko modukoa izango, baina idazlearekiko lotura sendotu genuela ez dut zalantzarik egiten eta bihozkada horrek iraungo duela ere ez.
Gazteak protagonista diren ibilbidean herrian zeharreko gure joan-etorriak eta olerkariaren olerki eta idazkiak izan ziren gune; bere hitzen oihartzuna herriko bazter eta zuhaizpeetan berriz entzuteko aukera. Hainbatek iritziko dio atazari turismoarekiko lotura estuegia turismo ugariegia arbuiatzen den aroan; azalkerian jausteko arriskua. Ez da holakorik ordea bidea oinez darraigunontzat: olerki eta idazki atalak irakurriz sortu eta ondu ziren egoeran murgildu ginen heinean. Ikasgelatik harago egin dugu eta olerkaria kalera atera, herrira, haurtzaroa eta gaztaroa bizi izan zituen zelaietara; bere olerkien hizkuntza edan zuen ibai ertzera.
2012an herritarrekin egin genuen ibilbidea ekaineko arratsalde argian. Ea ordu bi eman genituen Lauaxetaren senide, udaleko agintari eta EHUko erretorearekin. Ordu bi herriko txoko eta bazter batetik bestera idazlearen lanak esku artean, geraleku bakoitzean sarrera laburraren ostean gazteek irakurtzen hasitako lerroak jarraituz azken hitzak elkarregaz esaten. Bide hura bete zuten gazteek gogoan dute oraindik, eta herritarrek ere hala diote, ibilbidea gogoangarri izan zaiela idazlearen bizitza xehetasunetan gartxoa isiotzeko, olerki eta hitz artean haren ahotsa iruditzeko belarrira xalo mintzatuz; elkartean gozoago egiten delako irakurketa, arinago eta aldi berean sakonago esanekoa.
Ondoren, DBHko azken mailan irakasle izan naizenetan, errepikatu egin dugu ibilbidea, googlemaps-en bidez lehenengo eta kale eta landa bide-zidorretan ondoen. Lehenengoak ez du bigarrenik gabe zentzu handirik hartzen, arinegi egiten da, hutsal bilakatu adimena irri-arra baten batetik bestera jauzika dabilelarik. Ez dugu ostera, berriro herritarrekin egiterik izan. Baina inork herritik oinez taldean ikusi eta olerki-azalpenak esaten entzun gaituenean begira geratu zaigu, erne. Zertan ginen galdetu, eta Lauaxeta ibilbidea berregin nahian ari ginela aditzean «Herrikoekin batera egin zan haren antzerakoa?» egin du itaun. Baietz erantzuna, eta auzokoari hura berpizteko gogoa azaldu zaio ahora: «Ostera be egin behar geunke!» esanda agurtu nau.
Geroztik, urteek barkatzen ez dutela eta, lan egiteari utzi eta jubilatu egin nintzen. Ez zen Lauaxetaren ibilbidea berriro landu; horiek nire gauzak omen eta, ez zuen inor ibilbidea egiteko asmorik erakutsi. Aurtengora arte. Apirilaren 28an, astelehena, Gernikako bonbardaketa izan zen astegun berean baina 87 urte eta egun bi beranduago, Lauaxeta Gernikako arbolarako bidean atxilotu zuten 87 urte eta egun bat beranduago, herriko kale eta landetara atera gara goizean-goiz; ibai-ertz, bolutxoaren ondo eta hilerri ingurura hurbildu gara. Arinago egindakoaren gomutak ez du ilundu oraingoaren argia. «Ikasle hauek zuk izan zenituenen oso bestelakoak dira hamabi urteren ostean» esan dit irakasleak. Baina ekin ahala ez da ahulagoa izan inondik ere. Azalpenak buruz gogoratu dituzte, olerki eta idazkiak argi eta doinu egokiz ahoskatu Lauaxetak 1930eko hamarkadan erabilitako molde zail korapilatsuan.
Jabetu gara zertaz eta nola idazten zuen poetak, non bilatzen zuen olerkien arnasa. Olerkaria haragitu egin dugulakoan nago, bere eitea nabaritu berriro egiazko gizaki legez, gaur ere zapaltzen ditugun kale eta bide berberak zapaldu zituena, gogoa geuk gozatzen ditugun zuhaitz berberen itzalpean arnas eta adorez bete zuena. Bere lan eta olerkiak irakurriz geure ondoan hauteman dugu bere etxe aurrean. Zubiaga kalean gora egin dugu elkarrekin lehen hizki eta lerroak irakurtzen eta idazten ikasi zituen ikastetxerantz, edo Iturribiden zehar herri gunera heltzeko; eraikuntza hutsa ez den poeta. Ibili zituen bideak berriro ibiliz, olerkari baten irudiaren ondoan bidea eginez, agian poeta guztiei lotu gatzaizkie, literaturari lotu gatzaizkio, olerkari horrek zelai eta zuhaitz horietan arnastu zituelako bere bertsoak, eta bertso horiek beste poeta herriko eta atzerrikoen doinuetatik eratorri zirelako: euskal literaturatik eta kultura osotik; kultura unibertsaletik eta herri kulturatik, idatzizkotik eta ahozkotik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.