Borrar
Miren Billelabeitia, saiakerako Euskadi Literatura Saria.
Gizakiak ez dira irlak

Gizakiak ez dira irlak

Artikulu honetan Miren Billelabeitiak Euskarazko Saiakera Euskadi Saria jaso zuen egunean egindako onarpen hitzaldia ageri du. Bertan irakurketa kritiko baten aldeko iritzi nagusiak bildu dira

Miren Billelabeitia

Sábado, 23 de diciembre 2023, 00:28

2019ko udan idazluma hartu nuen, koadernotxoa, eta idazten hasi nintzen; testu laburrak, gogoetak. Horretan beti izan ditut etxekoak lagun, idatzitakoaren jakinguraz galdezka. Aitita eta ama irakur zaleen alaba naiz, aita eta izeko-osaba liburu erosleena. Honaino heldu banaiz etxekoei esker izan da.

Gizakiak ez direla izaroak idatzi zuen Jonh Donnek XVII. mendean. Ez, ez dira uharteak. Nik lagunak izan zaituztet ondoan adoretzeko eta zuengandik ikasteko, argitaletxeko lagunak,, liburua begirunez hartu duzuenak.

Gizakiak ez dira irlak, idazleak ere ez. Sarritan irudikatu da idazlea bere bakardadean idazmahaiaren gainean makurtuta idazten. Baina ni ez naiz inoiz bakarrik izan hau idaztean, ikasle eta irakurle gazteen ahotsak eta aurpegi alaiak izan ditut inguruan. Zuek gabe ez zen izango Norberak maite duena. Nire aitaginarrebak esaten zuen: «Zoazen lekura, eraman ezazu opari bat, horrela esandakoa ahaztutakoan ere, beti egongo da zure oroigarria». Ba nik ez dut oparirik, baina liburua da gure oroigarri ederra, zuena eta nirea. Geure irakurketak direlako liburu honen bihotza, irakurketak eta, batez ere, irakurle gazteak.

Irakurketaren sutondoan hitza bizi da, hitza eta hizkuntza; elkarrizketa. Ez da hizkuntza elikatuko irakurketatik urrunduta. Irakurketan oinarritzen dira geure eta geure gazteen sustrai eta erreferente asko. Elkarrizketak emateko aukerak ematen dizkigu, eztabaidarako argudioak, gizartean ageri diren arazo larrien aurrean gogoeta sakona egiteko abagunea; betiko diruditen oztopoei ikuspegi berria eransteko egokiera.

Eztabaida, elkarrizketa, jatea baino garrantzitsuagoa zela ziotson Habermasek ikasle bati. Garrantzitsuena, eztabaida elkar aditzeko zubi izatea da, herritar aske eta berdinen aurrean geure desberdintasunak alde batera uzteko gai izatea; argudioen hariz deliberazio bidean. Herri arrazoia, arrazoi publikoa sare sozialen eta manipulazioaren harrabotsaren azpian itzaliz doa aspaldion, baina ez duzue ikusiko libururik ez irakurketarik eraso, ziber eraso edo geure gaztetxoak itota dituen ziber-bullyingaren tresna lagungarri legez. Adimen artifizialaren arrisku eta errazkeriaren aurrean irakurketak bultzatutako hausnarketa dugu bidea, hizkuntzaren aberastasunez elkarren arteko ezagutzan sakontzeko; irakurritakoarekin geure-geureak diren bizipenak lotuz.

Horrela jakin genuen Frangeli ikaslearen ahoz hamar urte zituela zeharkatu zuela Atlantikoa Nikaraguatik eta bost urte egin zituela aita ikusi gabe. Odisea irakurri zuenean eta kideekin solasaldian hitza hartu, bere hunkidura geure egin genuen, Telemako eta Ulisesen arteko elkartzean berak aitarekin izango zuenaren isla antzeman zuela esan zigunean.

Irakurketan ateratako iritziak kideekin elkarreraginez erabiltzean intersubjektibitatearen praktikara bideratzen ditugu geure erabakiak elkar ulertu asmoz beteriko elkarrizketan blaituz. Horrela ezagutzen eta maitatzen ditugu beste lurraldeetatik datozkigun lagunak eta kulturak. Maitatzeko ezagutu egin behar direlako, eta ezagutzeko hitz egin.

Liburu bat irakurtzen dugunean hitzarekin eta hizkuntzarekin lantzen den arte giroan murgiltzen dugu geure burua. Honen harira Antonio Cándido poeta eta saiogile brasildarraren hitzak ekarri nahi ditut gure artera: «Uma sociedade justa presupõe o respeito dosdereitos humanos e a fruição da arte e da literatura em todas as modalidades e em todos os niveis; e um direito inalienavel».

Eta zer irakurri? Zer eskaini gazteei irakurtzeko? Ba, goi mailako lanak, landuak. Horretan eredu, gidari eta kide izan behar dugu bere ondoan: etxean, herrian, ikastetxean. Haur eta gazte literatura edo literatura, abizenik gabe, gaurkoa zein antzinakoa. Klasikoan oraingoan bezain argi ikus ditzakegulako gizateria beti arduratu duten kezkak. Egun, Ukrainan, Gazan ikus daiteke Euripidesek antzerkian ageritako Troia suntsitua. Gure gazteek guda hurbil sumatuko ez zutela uste genuenean, bertan da.

Eta herritarrak beti dira galtzaile: haurrak, emakumeak. Emakumeen egoera indarkeria pean. Berehala dakusate hori irakurle gazteek, batez ere neskek; emakumeen aurkako eraso gogorrak, hilketa bortitzak, salaketa gezurtiak azaltzen dira solasaldian. Ohartu egiten dira mutil gazteak sarritan bere burua arriskutan, ziurrak ez diren egoeratan ikusten dutela neskek, emakumeek. Hori astero, ia egunero bizi dugun borroka odoltsua dela.

Irakurketa bakardadean, barne-giro epelean gozatzen dugun zaletasuna da, mundu liluragarriak hitz ederrez hurbiltzen dizkigu. Baina eguneroko kezkaz eta bizipenez hausnarketa egiteko gogoaren garra ere pizten du gugan, sugar hori kideekin solasaldian esateko nahia. Horregatik dira hain beharrezko liburutegiak; ikastetxe eta institutuetako liburutegi eta liburuzain onak, irakurketa saioak, irakurketa planak.

Eskerrik asko!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gizakiak ez dira irlak