Borrar
MILA MUSIKARI, Mila esker

MILA MUSIKARI, Mila esker

Lunes, 5 de noviembre 2018

Ipar haizeak ekarritako izenak ziren hauek: Michel Labéguerie, Pantxoa eta Peio, Etxamendi eta Larralde, Errobi taldea, Niko Etxart... Orain «Esker1000» ekimena dakarkigu. Euskal Irratiak eta Musika Bulegoak bultzaturik zenbait musikari eta zale bildu dira iparraldean Euskal Herri osoan eragina izan nahi duen egitasmo honetarako. Euren hitzetan esanda: «70eko hamarkadan Niko Etxartek euskal musika irauli zuen 'Euskal Rock and Roll' kantuarekin. Gaur, 2018, Euskal roka hamaika nabarduretara zabaldu da: rock and roll, folk-rock, punk rock, heavy, pop rock, eta abar... Euskal rokaren kantu mitikoenak denok ezagutzen ditugu, beraz, helburua dugu 1000 musikariko talde bat osatzea, kantu hauek berriz hartzeko. Ideia da euskal rockari omenaldi bat egitea. Omenaldia ahalik eta osoen izan dadin, bi arlotan ariko gara: alde batetik musika eta bestetik bideogintza. Musikari doakionez, bi elkarretaratze antolatuko ditugu. Lehena 2018ko azaroan iraganen da: helburua, egun bat elkarrekin pasatzea, denak elkarrekin kantu bat berriz hartzea.

Bigarrena 2019an iraganen da, hegoaldean, kontzertu moduan. 1000ek 11 kantu berriz hartuko dituzte».

Horren asmo handiko helburuak girotzeko, Humanitate eta Hezkuntzako Zientzietako ikasle talde batek euskal rockaren inguruko dokumental bat ekoiztu du baita ere. Atzoko eta gaurko protagonistak agertzen gara bertan, oro har nahiko ikuspegi ezkorra emanez. Jon Eskisabel, «Badok.info» atariko arduradunaren iritziz «ez da euskal rocka indarra galtzen ari dena, euskal musika da indarra galtzen ari dena orokorrean. Duela 20 urte zeukan erreferentzialtasuna galdu da». Gor diskoetxetik Goñi anaiek nahiko datu adierazgarriak ematen dizkigute: «Orain dela hogei urte hamabi ekoizpen inguru egiten genituen urtebetean, egun soilik hiruzpalau ekoizpen egiten ditugu. Ia dena desagertu egin da enpresa handien mesedetan».

Indarrean dauden taldeen artean, besteak beste, Liher taldeko Lide Hernandoren iritzia dugu: «Euskal rocka gero eta gauza esklusiboago bihurtzen ari da. Gero eta jende gutxiagori gustatzen zaiona».

Baina ez da hori hainbat arlotan sumatzen dena. Iaz BEC tamainako egoitza bat bete zen, egun hauetan denon ahotan dagoen Berri Txarrak taldea ikusteko. Bestalde, jarraitzaile ugari erakartzen dituen euskal taldeen eta bakarlarien zerrenda nabaria da: Gatibu, Zea Mays, Ken Zazpi, Koma, Hezian, Su ta Gar, Revolta Permanent, Fermin Muguruza... eta ez dira gutxi tamaina ertaineko egoitzak betetzeko gai direnak.

Egia da diskoen salmenta pikutara joan dela, baina hori ez da euskal musikaren esparruan bakarrik gertatu.

Agian, halako ikuspegi ezkorraren atzean ezkutatzen dena, garai baten nostalgia izan daiteke. Laurogeiko hamarkadaren eztanda, kutsu mitiko batez gogoratzen da, batzuetan -eta agian bereziki- bizi izan ez zutenen artean ere bai. Baina urte horietan gertatutakoa garai baten ondorioa izan zen eta garai guztiek beren alde onak eta txarrak dituzte.

Ziur aski, euskal musikaren munduan gaur egun gertatzen diren mirari asko, iraganean izandako ahaleginen fruitua dira baita ere. Orain kontzertuak ez dira frontoietan egiten eta taldeentzako kondizioak duinago izaten dira...

Esker1000 ekimenean merezitako omenaldia hartuko duen Niko Etxartek «baikor» izendatu zuen bere diskorik onenetariko bat. Ba hori, nik ere, ahal dudan bitartean behintzat, baikor izan nahi dut.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo MILA MUSIKARI, Mila esker