Norbait heztea tokatzen zaigun bakoitzean, zuzenean nahiz zeharka, esaten eta errepikatzen diogu haurrari «faborez» esan behar duela zerbait eskatzen duen bakoitzean, eta «eskerrik asko» eskatutakoa jaso ondoren. «Nola esaten da», gogorarazten diogu eta haurrak guk irakatsitakoa egingo du. Gehienetan behintzat.

Publicidad

Horrek esan nahi du badakigula zein den gizalegea, zer egin behar genukeen, gero askotan kontrakoa egiten badugu ere. Nonbait, gaztetan eta hortik aurrera, iruditzen zaigu zerbait mesedez eskatzeak mendekotasuna adierazten duela, eskatzailea azpitik jartzen dela eta ezabatu egiten dugu hitz hori, nahi dugun hori eskatzerakoan agindu bat ematen ari bagina bezala. Guk agindu, besteek bete.

Oro har, gure jokaerak adierazten du guretzat adeitasuna mendekotasunetik hurbil dagoela, egiazkoagoa dela batek zakar jokatzen duenean. Eta norbaitek uste badu hori leku guztietan gertatzen dela garai honetan, oker dago. Galdetu, bestela kanpotar bati zer iruditzen zaion gure saltzaile edo zerbitzari askoren ohiko jokaera.

Harridura bera sortzen da kanpotik etxera itzultzen denarentzat zerbait erostera edo hartzera doan bakoitzean. Eta bai, egia da saltzailea edo tabernaria sarritan ez direla mundu bazter honetan sortu, baina errealitateak frogatzen du berehala harrapatzen dutela gure estiloa, ustez neutroa den zakarkeria, sorterrian ohikoa denaren kontra.

Iruditzen zait ez ligukeela kalterik egingo samurtasun pitin batek, eta horregatik agindu diot neure buruari eskerrak emanez hasiko dudala urtea. Eskerrak bizitza errazten didatenei, eskerrak mundua hobetzen ahalegintzen direnei, giroaren zakarra baretzen ahalegintzen direnei, eskerrak herritarron zerbitzari direla gogoan duten funtzionarioei, gure osasuna zaintzen dutenei, irribarrea eragiten digutenei…

Publicidad

Eta lehenik, zuri, lerrook irakurtzeko ahalegina egiten duzun irakurle horri. Mila esker aunitz, Baztan aldean esaten duten bezala, eta urteberri on.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad