Aitortzen dut: 'Los Favoritos de Midas' telesailaren berri, Netflix plataformari eragindako boikotari esker izan nuen. Guillermo Toledo aktoreen zerrendan dagoela eta, zenbait forotan bultzatu dute protesta kanpaina hori.
Publicidad
Beraren manerak alde batera utzita, oso arriskutsua iruditzen zait iritzi politikoak adierazteagatik norbaiti boikota egitea, are gehiago bere 'bekaturik' handienak Kuba eta Venezuelako erregimenak goraipatzea eta errege emerituari Saudi Arabiako monarkengandik komisioak hartu izana salatzea direnean. Susmoa dut ezusteko publizitate honek telesailaren morboa handitzeko eta ikusle gehiago erakartzeko besterik ez duela balio. Dena den, ez dakit nik horrelako kanpainen atzetik plataforma bera ez ote den izango. Ikusiak ikusita, promozio kanpainak arrakastatsutzat har daitezke Change.org-en kontrako sinadurak eskatzen diren neurrian. Estrategia komertziala aldera utzita, telesaioa ez dago batere gaizki.
Espainiako beste ekoizpen batzuetan ez bezala, hemen aktoreak, ezin hobeto aukeratuak, badakite ahoskatzen eta oro har, sinesgarriak dira oso. Jack Londonen idatzi batean inspiratutako gidoiak tentsioa mantentzea lortzen du, eta bai Madrilgo goi mailakoen ingurua eta bai kaleko etengabeko matxinada-giroa xehetasunez islaturik daude. Covid, jakina, ez da inon agertzen, baina, beste produkzio batzuetan ez bezala, hemen erabiltzen den giro apokaliptikoak orainaldian kokatzen gaitu ezinbestean. Nolabait ere, beste era batean, birus hiltzaile batez ari gara hemen ere: gutiziaren birusaz. Greziar mitologiaren arabera, Dioniso jainkoak, Midas erregeari nahi zuena eskatzeko aukera eman zion; erregeak ukitzen zuen guztia urre bihurtzea eskatu zuen eta hori, beraren hondamena izan zen, ukitzen zituen elikagai guztiak urre bihurtzen baitziren. Jack Londonek 1901ean, sozialista konbentzitua izanik, 'The Minions of Midas' idatzi zuen, eta orain Mateo Gilek istorioa berreskuratu du Madril distopiko batean kokatzeko, non bankuak, politika eta prentsa, elkar elikatzen agertzen diren. Bi lanek abiapuntu berbera daukate. Jauntxo batek diru-kopuru handia eskatzen duen talde misteriotsu baten gutuna jasotzen du. Ordaintzen ez baldin badu, ezezagun bat hilko dute. Guillermo Toledori (kredituetan horrela agertzen da) polizia-inspektorearen papera dagokio. Niri beti gustatu izan zait gizon honen jarduna. '7 Vidas' eta 'Al otro lado de la cama' lanekin barre algara ederrak egin nituen, baina hemen, egia esan, txapela kentzekoa da haren lana. Beraren pertsonaia polizia-inspektore torturatu bat da, bere bizitzako kasurik zailenean aurkitzen dena. Badirudi aktoreak ahoa itxi nahi izan diela horiei, bera hondatuta, ezdeus bihurtuta eta langabezian ikusi nahi zuten guztiei. Beraren papera oso garrantzitsua da, Luis Tosarrena protagonistarenean bezainbatekoa, eta Toledok ezin hobeto eusten dio enbidoari. Telesailak, beharbada bere jatorri literarioari esker, interpretazio sinbolikoaren balioa berreskuratzen digu eta gaurkotasun handiko zenbait gairi buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Adibidez: axola al digu benetan besteen heriotzak edo sufrimenduak, gurekin harreman zuzena ez duenean? Javier Padilla doktoreak idatzitako liburuaren izenburua datorkit burura: Nor utziko dugu lehenago hiltzen?
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.