Borrar

Bai literaturak bai zinemak luze eta asko jorratu dute mendekuaren gaia. Denok ikusi dugu, esaterako, 'Carrie' pelikula. Stephen King-ek asmatutako istorio horretan bulling pairatzen duen nerabe batek bere botereak erabiltzen ditu mendeku odoltsu bat burutzeko. Istant batean, Carriek bere etsaiekin bukatzen du inolako erruki barik. Gore bada ere, ikusleok nerabe horrekin enpatia sentitu dugunez, bere alboan kokatzen gara, hor nonbait. Baina Kingek idatzi zuena Calderon de la Barcak ere kontatu zuen lehenago 'Zalameako alkatea' plazaratu zuenean. Antzezlan horretan, Pedro Crespo pertsonaiak, indarrean zeuden legeei begiratu barik, mendekua hartzen du eta bere alaba bortxatu duen gizona atxilotu eta garrotean hilarazten du. Mendekua eta sormena eskutik ibili dira betidanik, beraz; eta uzta oparoa izan da.

Gizalegez, mendekua ulergarria izan daiteke. Jorge Luis Borgesek esan zuen ahanztura dela existitzen den mendeku eta barkamen bakarra. Esaldi borobila da, eta arrazoia du, nik uste, jenio argentinarrak, baina aukera batzuetan ahanztura ezinezkoa delakoan nago. Nola ahaztu, adibidez, alaba baten erailketa. Nola ahaztu hiltzailearen aurpegia. Nola ahaztu mina, mina hain sakona denean. Ahaideen atsekabea izugarria izango da, eta mendekuaren tentazioa saihestea ariketa zail bilakatuko da. Mendekua ez da txalogarria, baina hainbat kasutan ulergarria da oso. Ulertzen ez dudana da mendeku bikarioa, hirugarren pertsonen mendekua. Azken egun hauetan, heriotza-zigorra eskatu dute askok. Ahaide izan barik, biktimak izan barik, biktimen amorrua kapitalizatu nahian ibili dira batzuk. Mendekua zabaldu dute lau haizetara, beren onetik irtenda baleude bezala. Hiper-dramatizazioa sumatzen dut nik horrelako jokaeran, eta ez ditut atsegin. Errespetua isiltasunarekin erakusten da hainbat egoeratan, eta horrelako suntsipen baten aurrean, isiltasuna ezinbestekoa da. Baina Zalameako alkate asko daude, antza, XVII. mendean bizi ez bagara ere, bai eta bortxatu duten neska horren senide izan gabe ere.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Mendeku bikarioa