Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Iratxe Aguilera du izena (Vitoria-Gasteiz, 1996), baina denok ezagutzen dugu Kai Nakai bezala, 2020an reggaetoi feminista euskaraz sortzen hasi zen artista, eta denborak lehen hazi hori beste musika-estilo batzuekin uztartzera eraman duena. Martxoak 8 honetan, Lehen Hezkuntzako irakasle titulatu honi galdetu diogu nola bizi duen bere belaunaldiak feminismoa, baita zertan hobetu behar dugun ere. Horrela, Ikus-entzunezko Komunikazioan bi urte eman zituela deskubritzeaz gain, 2021ean indarkeria matxistaren aurrean gazteek nola jokatzen duten erakustea bilatzen duen 'Beldur Barik' lehiaketari erritmoa jarri zion artista hau hobeto ezagutu dugu.
Aurten hirugarren diskoa ateratzea aurreikusten du, eta sare sozialetan euskarazko hainbat egokitzapen argitaratu ditu, horien artean, Shakira eta Bizarrapen azken hit arrakastatsua. Hori gutxi balitz, Benidorm Festeko zortzi abesti finalisten zati txikiak ere bertsionatu ditu, parte hartzea gustatuko litzaiokeen lehiaketa, eta, azken orduetan, Iñigo Etxezarreta ETSko abeslariarekin batera Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartearentzako egindako 'Ikus dezadan' abestia argitaratu du.
-Zuk reggaetoia euskal kulturarekin eta feminismoarekin uztartzen duzu. Konbinazio ausart samarra, ezta?
-Hasiera batean reggaetoiarekin hasi nintzen, baina denborarekin genero gehiago gehitu ditut, gaur egun musika-estilo batera mugatzeak ez duelako zentzurik. Orain egiten ari naizen diskoan denetarik ukituko dut: genero urbanoa, elektronikoa... Baina egia da emakume feminista naizen heinean, nire musika guztia oinarri feminista batekin egiten dudala. Reggaetoiarekin gertatzen dena da estereotipo asko daudela eta betidanik izan dela oso genero matxista, baina beste genero batzuk (guztiak ez esatearren) ere izan dira oso matxistak: popa eta rocka esaterako. Nire ustez, ez gara askotan entzuten den ohiko esaldian erori behar: 'Ez zait gustatzen reggaetoia matxista delako'. Egia da reggaetoia eta musika urbano hauek badituztela tematika sexualagoak, baina horrek ez du suposatzen matxistak izatea. Estereotipo horiei aurre egin behar zaie atentzioa letretan jarriz.
-Zein da zure kanturik esplizituena aldarrikapen feministari dagokionez?
-'Nahikoa dela'. Abesti hori egin genuen 'Beldur barik' ekitaldirako eta esplizituki egin zen perspektiba feminista aldarrikatzaile horrekin, nahiz eta, orokorrean, nik egiten dudan musika ez den hain aldarrikatzailea. Gero, 'Kolpe' nire lehenengo abestia eta ezagunena. Hala ere, emakume feminista gisa, hori inplizituki doa abesti guztietan. Ez da beharrezkoa 'feminista' etiketa jartzea eta zerbait aldarrikatzailea egitea zure musika feminista izateko.
-Gauzak aldatzen ari dira panorama musikalean?
-Egia da nik nerabezaroan ikusitako bideoklipetan agertzen direla emakumeak objektu sexual moduan (arroparik gabe, dekorazio objektu bat balira bezala…). Eta bai sumatzen ari naizela zentzu horretan aldaketak ematen ari direla, baina musikaren industria, oro har, matxista da. Oraindik gauza asko daude aldatzeko. Abesti arrakastatsuen zerrendetan gizonen izen gehiago daude, eta kontzertuetan teknikari gehienak, agente gehienak... gizonak dira. Askotan sentitzen dut emakumeok askoz gehiago eman behar dugula, serio har gaitzaten.
-Uste duzu objektu bihurtu egiten zaituztela bideoklipetan janzkera edo itxuragatik?
-Emakume eta LGTBI kolektiboko kideek eta gizon 'heterobasiko'ek perspektiba desberdin batetik sumatzen dugu hori. Guretzat, emakume bat arropa gutxirekin agertzen bada, showa emateagatik izaten da hori, atentzioa emateagatik, arteagatik, musikagatik, ahalduntzeagatik. Baina gizon 'heterobasiko' batek ('unga'-'unga' bezala deskribatzen ditudan horiek) emakume bat arropa gutxirekin ikusten badu, beti esaten duena da 'zer freska, zer neska-puxka', talentuari arreta jarri gabe. Alde handia dago batzuok eta besteok dugun ikusteko moduan.
-Gizonok merezi bezala laguntzen diogu feminismoari?
-Uffff! Gizonei asko geratzen zaie, pribilegio puntu batean daudelako. Oso erraza da hor egotea, itsu, eta ulertu eta enpatizatu nahi ez izatea. Eta matxismoarekin bezala, beste gauza askorekin gertatzen da hori: lodifobiarekin, arrazismoarekin... Dena den, nik ditudan lagun gizonak, orokorrean prest daude entzuteko, hausnartzeko eta ikuspuntu hori aldatzeko, baina uste dut mutilen kuadrilletan ez dela hori gertatzen eta oinarrizko iritzi asko dagoela. Gainera, gehiago kostatzen zaie iruzkin matxistei aurre egitea, ziur aski inposatutako maskulinitatearen pisua dutelako. Oso erosoa da ezer ez esatea, baina horrek konplize egiten zaitu.
-Nola ikusten duzu feminismoa zure belaunaldiko gazteen eta atzetik datozenen artean?
-Oso presente dago eta aldaketa bat nabaritu dut, batez ere, nire gurasoen belaunaldiarekin alderatuta. Beste mentalitate bat daukagu eta gauzak aldatzeko prestakuntzan ere aldaketa egon da. Gure belaunaldian bagaude prest gustatzen ez zaigunaren aurrean erantzuteko eta eztabaidatzeko. Eta ulergarria da, orain dela 50 urteko egoerak eta gaur egungoak ez dutelako zerikusirik.
-'Nahikoa dela' zure abestiak dio emakumeek beldurra kendu duzuela. Baina benetan beldurra galdu duzue?
-Ez. Ez da errealitatea kanta horretan esaten dudana. Bada garrasi bat beldur hori galdu nahi dugula esateko, eta gogorarazteko emakumeen esku ez ezik, beste aldearen laguntza ere behar dugula. Eta pena bat da, gaur egun bortxaketa eta eraso asko dagoelako. Nik edozein laguni galdetzen diodanean, guztiek daukate esperientzia txarren bat kontatzeko eta hori aldatu behar dugu.
-'Maitia' lanean, besteak beste, maitasun toxikoari buruz hitz egiten duzu. Zer esango zenieke halakoak pairatzen dituztenei?
-Kontua da maitasun toxiko baten barruan zaudenean oso zaila dela hortik ateratzea. Nik badut tratu txarrak pairatu dituen lagun bat, eta askotan kanpotik ez dugu ulertzen nola ez zaigun kasurik egiten hortik ateratzeko edo harreman hori uzteko esaten diegunean. Ez da erraza. Beraz, nire aholkua da beti zure lagunaren ondoan egotea, bera laguntzea, eta begiak irekitzeko gomendioak ematea. Eta, jakina, oso garrantzitsua da kasu horietan laguntza profesionala gomendatzea.
-Instagram eta TikTok sare sozialen erabiltzaile handia zara. Ez duzu uste tresna horiek estereotipoak iraunarazten dituztela?
-Erabat. Instagram erakusleiho bat da eta guztion bizitzak idilikoa dirudi. Eta nire adineko pertsonek, orokorrean, hori argi daukagun arren, nerabe askok pila bat sufritu ahal dute. Erreferente edo influencer gisa, kontuz ibili behar dugu esaten eta transmititzen dugunarekin. Ni, esate baterako, saiatzen naiz filtrorik gabeko argazkiak jartzen eta modu naturalean hitz egiten. Baina arriskutsua da, bai.
-Baina zure jarraitzaileengan modu positiboan eragiteko ere balio dezakete...?
-Bai, eta adibide bat jarriko dizut. Nik urte eta erdi eman dut psikologoarengana joaten, eta sare sozialetan publikatu nuen. Horren ondorioz, jende askok hitz egin dit, eskerrak eman dizkidate esperientzia partekatzeagatik, eta, are gehiago, pertsona askok idatzi didate nire psikologoaren telefonoa eskatzeko, agian joatea gustatuko litzaiekeela esanez… Beraz, norbaiti balio badio, primeran. Eta hori sareen alde positiboa ere bada.
-Orain modan dauden abesti askoren euskarazko bertsioak egin dituzu. Shakira dela medio, azken boladan atera dituen singleek laguntzen al diote feminismoari?
-Gai honek piztu ditu iritzi asko eta pixka bat problematikoa da (kar, kar). Baina hor doa nire hausnarketa: askotan ematen du emakumeok 'argizko izakia' izan behar dugula, perfektuak, eta ezin dugula akatsik izan… Baina uste dut oso normala litzatekeela Shakirari gertatutakoa gertatzen zaion edonork erreakzio hori izatea. Nik ere desamodioaz hitz egin dut eta 'bestea' aipatu dut. Ohituta gaude Shakira pop kantuetan entzutera eta Bizarrapekin egin duen abestia oso urbanoa da, eta estiloa gogorragoa. Baina niri ondo iruditzen zait bere burua husteko balio izan badio.
-Nola igaroko duzu Martxoak 8 eguna?
-Normalean, koadrillako lagunak elkartzen gara eta elkarrekin joaten gara manifestaziora. Aurten, tamalez, lanez gainezka nago eta ez dut denborarik izango, baina egun hau emakume bakoitzak bere erara bizi izaten du: manifestaziora joanez, lan eginez edo atseden hartuz. Garrantzitsuena da gogoratzea nondik gatozen eta aldatzeko zenbat falta den, eta hori ez da egun bakar batean egiten.
-Zeintzuk dira Kai Nakairen hurrengo urratsak?
-Ostiral honetan denboraldiaren lehenengo kontzertua eskainiko dugu Andoainen, eta orain ari gara kontzertuak antolatzen udarako. Hurbiltzen direnek ikusiko dute daukagun zuzenekoa oso ikusgarria dela, nirekin batera lau neska dantzari egongo baitira eszenatoki gainean eta mereziko du. Gainera, azken boladan sormen fasean egon naiz eta orain jada hasiko naiz nire musika botatzen. Beraz, orain, 'pistoletazo de salida', eta hortik aurrera hilabetero zer edo zer aterako dut.
Publicidad
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Óscar Beltrán de Otálora y Gonzalo de las Heras
José A. González y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.