Urgente Retenciones en el Txorierri por la avería de un camión

Bizkaian pinudiren bat duen edonor kezkatuta dabil. Zerrenda marroi deritzan gaixotasunaren mehatxupean dagoelako. Jaurlaritza eta aldundiak aurreko urriaz geroztik ari dira horren eragina mugatu nahian, baina emaitza borobilik gabe. Onddo hori gogor ari delako pinu-sailei kalte egiten, orain arte ikusi gabeko hedapen ahalmena lagun. Hala, kinka larrian jarri ditu basogintzan dihardutenak, alarma gorri guztiak piztarazita.

Publicidad

Ezintasuna dario erakundeen jardunari, elkarlanean nekaezin ari diren arren. Horrenbestekoa baita gaitz horren zabaltzeko abiada, gure mendietan pinuak akabatzekoa. Ez dago berau sendatzea bermatzen duenik, ez oraingoz kaltetu gabeko zuhaitzak ez kutsatzeko prebentzio modurik. Horrek bere gordintasunean islatzen du zein den egoera, zenbaiterainokoa den mehatxua, zein kalte eragin dezakeen zerrenda marroi madarikatu horrek.

Egin daitezkeenetan dabiltza erakundeak eta sektoreko adituak. Batik bat, gaixotasunaren hedapenaren jarraipena egiten; fungizidekin ikerketa eta esperimentazioa abiarazten; aurre egitea lortu duten zuhaitzetako pinaburuak biltzen, horiek ugaldu eta ugaritzeko; zerrenda marroirik gabeko beste espezie batzuk aletzen; eta onddoak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko. diru-laguntzak bideratzen. Guzti horren beharra egongo da egoera hau gainditzeko, panorama beltz honi posible diren erantzunak emateko.

Uztailean 16.000 inguru ziren Bizkaiko ekialdean jada kaltetutako hektareak. Tamaina horretako arazoari indarrak batzetik baino ezin zaio heldu, erakundeen eta sektoreko eragileen arteko lankidetzatik. Eta ez da oharkabean joateko moduko arazoa, jabeei soilik eragiten diena. Abiarazitako neurrien eraginkortasun maila neurtzea geratzen da, konponbide izpiren bat atzematekoa.

Laguntzak ezinbestekoak dira, eta Aldundiak eskaini ditu, diruz zein aholkularitzaren eta ikerketaren bidez. Gainera, 25 urtetik beherako pinu kaltetuak moztekoak ere aurreikusita daude, eta gaixotasunak kutsatutako eremuak lehengoratzekoak. Neurri sorta horrek kalte itzela nolabait arintzen lagundu behar luke. Ez baita edozer arriskuan dagoena. Zergatiak, sendabideak eta aringarriak bilatzeko ordua da. Elkarren eskutik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad