Ohitura eder asko dago Euskal Herrian zehar. Urteko egun seinalatuak taldeka nabarmentzekoak, edo inguruarekin modu jakin batean lotzekoak. Aniztasunez gainezkako ñabarduraz jantzitakoak gara, lurraldeen artean, baita udalerri batetik bestera ere. Hedadura txikikoak, bai, baina kultura mailan bor-borkako oparotasunekoak. Kilometro gutxiren bueltan hizkera ere aldatzen da, eta batean zeharo errotutakoa dena ezezagun antzekoa da albokoan. Batekoen ezagugarria arrotz da bestean.

Publicidad

Gernika-Lumoz zerbait dakienak oso ezagun ditu Marijesiak. Funtsean Gabonetako bederatziurrena dira, abenduaren 24ra artekoa, herriko kaleetan barrena goizaldeetan Jesus haurraren jaiotzaren misterioaz kantuka diharduena. Leku seinalatuetan geldialditxoak egiten dituzte, eta lotan dagoenak ametsetan bezala aditzen ditu, kontzientziaren muga horretan. Efektu magikoa da eragiten dutena, ezin atseginagoa, aparteko gertutasunekoa. Horregatik zaizkie Marijesiak hain berezi eta kutun gernikar-lumotarrei.

Beste zenbait herritan ere badira, bakoitzean berezko izen, tamaina, kantu eta iraupenarekin. Muxikan, Ibarrangelun, Ean, Gautegiz-Arteagan, Lekeition, Iurretan edo Busturian, esaterako. Askoz zabalduagoa omen zegoen ohitura aspaldiko sasoi batean, batik bat Urdaibain, Arratian, Durangaldean eta Lea-Artibain. Eusten diotenek euren aukeren arabera egin dute, iraganetik jasotako hori eta gaur egungoa uztartzen saiatuta.

Gernika-Lumon jende multzo ederra biltzen dute Marijesiek, adin askotakoek osatutako taldea. Ez ditu kikiltzen ez ordu txikietan kaleratu beharrak ez udazken-neguko eguraldiaren gordintasunak. Azken egunean eguerdiz ere egiten dute erronda, helburu oneko diru-bilketa egiteko. Jendeak atsegin hartzen ditu, esker onez, hainbat gauetakoa aurrez aurre nolabait saritzeko. Bertakoentzat ezin bereziago eta etxekoago direlako, belaunaldiz belaunaldi kateatutako ezaugarri jator eta bizipozekoa, Gabonei harrera egitekoa.

Gaur goizaldeko lauetatik aurrera entzun dira aurten estrainekoz ohiko kopla eta doinu gogoangarriak. Espiritu bat adieraztekoak, erlijioaren jatorrizko giza-baloreak aldarrikatzekoak, ohiturari atxikitzekoak. Badatoz: «Maria, Jose, Jesus, Maria…»

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad