Borrar
María Zambrano idazlea.
María Zambrano

María Zambrano

Adanismoaren aurkako pentsalari zorrotz eta irudimentsua zen

Sábado, 12 de noviembre 2022, 02:08

Kiosko batean erosi nuen haren lehen liburua, 'Hacia un saber sobre el alma'. Pentsalari handiei eskainitako bilduma baten barruan zegoen, eta hainbat gairi buruzko artikulu sorta bat zekarren. Txundituta utzi ninduen liburuak, bai eta azpimarraz beteta utzi ere: epikureoak, estoikoak, Nietzsche, Lou Andreas Salome, Freud, Descartes, antzinako greziarrak, Alexandriako eskola, idazlearen lanbidea, denbora eta poesia, egunerokotasunaren logosa, fedea eta arrazoia, bizitza krisian… «Eta zergatik sortzen da etengabe gure baitan geure burua gainditzeko irrika hori?», galdetzen du liburu horretako pasarte batean. Horixe baitzen Zambranoren irriketako bat, agerikoa gainditzea, harago joatea. Bazekien inora eramaten ez duten bideak labirinto bihur daitezkeela, eta ezer ez dela gurekin hasi. Adanismoaren aurkako pentsalari zorrotz eta irudimentsua zen. Adarkatzen doan pentsamendu-hari baten ondorengotzat hartzen gintuen. Izenez ezagutzen nuen, noski. Cervantes saria jaso zuen lehen emakumea, Ortega y Gasseten ikasle, Unamuno, Machado eta Peréz Galdósen miresle, misio pedagogikoetan batera eta bestera ibilitakoa, Gerra Zibilaren ondorioz erbestearen mikatza probatutakoa.

Liburu hartatik aurrera, haren irakurle bihurtu nintzen. 'Poesía y pensamiento', Antigonari eskainitako saiakera, 'El hombre y lo divino', 'Los intelecutales en el drama de España'… Azken urteotan, poesiara gehiago lerratu naizen aldetik, bereziki erakarri nau hark sortutako «arrazoi poetikoa» kontzeptuak. Arrazoi poetikoak ez ditu sentimenduak ukatzen, bitartekaritza-arrazoi bat da, aktiboa eta ez pasiboa, eta errukiarekin eta maitasunarekin harremanetan jartzen da. Harmonizatzailea ere bada, gizakia errealitatearen plano desberdinekin lotzen baitu, eta bere nihilismoan eta bere arrazoi instrumentalean preso dagoen Mendebaldea askatu nahi du. «Aldez aurretiko poesiarik gabe», dio Zambranok, «arrazoimenak ezin izango zuen bere hizkera argia artikulatu. Gizakiak bereganatzen duen lehen kontzientziari 'kontzientzia poetikoa' dei geniezaioke». Horretan badu Paveseren poetikarekin ahaidetasunik. Malagan jaiotako filosofoak poesiaren eta filosofiaren arteko adiskidetasun eta urruntasunaren auzian barrena garamatza arestian aipatutako 'Poesía y pensamiento'n. Poeta ez dago arrazoitik edo etikatik kanpo; bere teoria dauka, bere etika propioa, bere kabuz aurkituak biak, ez filosofoaren bidez. Poesiak zehaztasuna eta estiloa bilatzen ditu, baina ezin du ametsa desagerrarazi bere sustraitik. Zambranok ez zuen oso gogoko Valeryren «poesia purua», eta poesia «lohiagoa» aldarrikatzen zuen, poesiari lohi hori haragitik, erraietatik, mundu sentikorretik datorkiolako.

Gaztetan infernura jaistearekin lotzen zuen poesia Zambranok. Infernuetara jaistea bizitzaren beraren hondo ilunean murgiltzea baita. Ideia horrek oihartzun erromantiko argiak baditu ere (batez ere, Gerard de Nerval, eta Jean Paulena), orfismoan du jatorrizko sustraia. Greziar tradizioan, Orfeo infernuetara jaisten da Euridizeren bila, itzaletara arriskatzen da maitasunagatik. «Maitasunak infernura jaitsarazten gaitu beti». Gaztaroko idazkietan, Heidegger irakurri aurretik, María Zambranok infernura jaistea bezala ulertzen zuen poesia. Hitz poetikoa da arrazoimenak esan ezin dezakeen edo esan behar ez duenaz mintzatu daitekeen bakarra, bere sorreratik filosofiak infernuari uko egin ziolako. Ezaguna da, halaber, garaiko poetekin (27ko belaunaldikoekin) eta poeta gazteagoekin izan zuen harremana. Kidetasun intelektual handia izan zuen, adibidez, García Lorca, Cernuda edota Emilio Pradosekin, baita hurrengo belaunaldiko José Ángel Valenterekin ere.

Laura Boellak lau emakume pentsalari (Hannah Arendt, Simone Weil, Edith Stein eta Zambrano bera) aztertu zituen izenburu ezin adierazgarriago baten pean: 'Pensar con el corazón'. Kontraesankorra dirudi izenburuak, baina Zambranoren testuak irakurrita, lausotu egiten da kontraesana, bihotzetik, munduarekiko arduratik eta grinatik ere posible delako pentsamenduari ekarpenak egitea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo María Zambrano