María Dolores Arana, ezkerrean.

Maria Dolores Arana, erbesteko idazlea

Gipuzkoarra, errepublikazalea, idazlea, Mexikon hil zen 1999an

Sábado, 2 de septiembre 2023, 18:20

Maria Dolores Arana (1910-1999), oso ezaguna ez den idazlea dugu. Zumaian jaio zen, Victoriano, familiaburua, aduanazaina baitzen, eta Maria Dolores sortu zen urtean Zumaian lan egiten zuen. Etxea Donostian zuten, 'Maria Enea', Uliaren magalean. Ezezaguna, edo ia, izaten jarraituko zuen, 2018an Mar Trallero Cordero ikertzaileak bere tesia aurkeztu ez balu: 'Maria Dolores Arana. El exilio literario republicano español desde una pespectiva feminista'. Azken hitzak, alegia 'feminista'k eman dezake argibiderik; izan ere, emakume eta errepublikazale izanik, dobleko marjinazioa jasan zuen.

Publicidad

Gaztaroa Donostian pasa zuen eta harremanak izan zituen, hala dio Mar Trallerok, Gu izena zeraman artista-taldea osatzen zutenekin. Alde Zaharreko txoko batean biltzen ziren, beren buruan abangoardiakotzat zuten, eta lokal hartatik igaro ziren, besteak beste, Buñuel eta Lorca. Aizpurua arkitektoa izan zen sortzaileetakoa. Celaya ere tartekoa zen eta adiskidetasun handia izan zuen, denbora joan ahala, Maria Doloresekin. Mexikotik idatzi zion Aranak Celayari, 1959an: «Zer gertatu zen J. Cabanas, Carlos Ribera eta besteekin? Badakit Olasasaguisti (Olsagasti) gaixoa hil egin zela, Aizpurua fusilatu egin genuela eta horrek nire 'Minotauro' bilduma galarazi zidan». Aizpurua falangista zen. Celayak estimatzen zuen, Lorcak ere bai. Baina gerrak ez du sentimenduez ulertzen. Aranak 1935ean argitaratu zuen lehen poema liburua, 'Canciones en azul', Zaragozan.

Gero gerra piztu zen, gurasoak nazionalekin geratu ziren eta bera Errepublikarekin. Alianza de Intelectuales para la Defensa de la Cultura erakundean idazkari lanak egin zituen; Octavio Paz ezagutu zuen kargu horretan ziharduela. José Luis Borau aragoiarra ere ezagutu zuen, garai hartan: sozialista eta sindikalista, idazle eta editore. Biak elkartu ziren, legeak eta odola baino sendoago diren loturen bidez, Mexikon 1960an banatu ziren arte. Gerra galduta, José Luis, agintariek hala esanda, abizena aldatu zuen, eta Arana hartu, horrela errazagoa izango zuelakoan espioitza-lana, Fran-tzian. Gursera eraman zuten, beste asko bezala, eta Dolores, bisitan joan zitzaion eta, baliteke, ez baita datu ziurra, ihes egiten laguntzea. Seme bat zuten ordurako.

Emakumea eta errepublikazalea izanik, dobleko marjinazioa jasan zuen

Karibe aldean ibili ondoren, Mexikora iritsi ziren. Gizona, intelektual lanetan ari zen bitartean, emakumea etxeko lanez gain, bestelako egin beharrekoak hartu zituen, bizi ahal izateko. Hori da, hain zuzen, Maria Dolores oso ezaguna ez izatearen arrazoia: desagertu egin zen bizitza publikotik, etxeko sostengua lortu ahal izateko. Bere ideia, asmo eta desirak baztertu zituen, neurri batean, gizonarenak aurrera atera zitezen. Bigarren semea izan zuten. Erbestealdian ez zuen asko idatzi, ezta argitaratu ere. 'Árbol de sueños', poema-liburuak Concha Méndezen hitzaurrea dakar. Aipagarria da, dena dela, Kresala izeneko testua, Aragon aldizkarian argitaratua. Maria Doloresen aita euskalduna zen eta irakurzalea. Pentsa daiteke Zumaian bizi izan ziren garaian Domingo Agirre apaiza ezagutu zutela, herri horretako arima-zaindari baitzen.

Gizonarengandik banatu zenean, are gehiago sartu zen bere baitan, eta askatasuna ekonomikoarekin batera, lasaitasuna, etorri zitzaion arte ez zuen bere burua erakutsi. Donostiara etorri zen, Franco hil eta gero, baina ez zen bertan geratu. Mexikon zendu zen, Hermosillon. Seme batekin bizi zen. Hala ere, 'Arrio y su querella' eta 'Zombies, el misterio de los muertos vivientes', saiakera-lanak utzi zizkigun.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad