Anjel Zelaietak idatzi duen poetaren biografia ederrean Gabriel Arestiren lehen urteak dira ilunen geratu direnak, eta, ziurrenik, ondoren etorri garen zaleei aztertzeko eta argitzeko geratu zaizkigun bakarrenetarikoak. Beren umiltasunean eta xumetasunean gaur hona dakartzagun datuek ez dute gauza askorik argituko, baina behintzat ezezagunak dira eta norbaiti baliogarri izango zaizkio.
Publicidad
Gaur hona Mari Carmen Landa Segurolaren irudia ekarri nahi dugu. Mari Carmen eta Gabriel Aresti lehengusu-lehengusinak ziren eta bazuten harremana. Mari Carmenen alabaren, hau ere Mari Carmen, testigantza bildu dugu eta familia kontu batzuk harira ekarri.
Badira familiak zerbait berezia dutenak barne-barnean. Berezia eta xelebrea, euren-eurena. Mari Carmen Landa Segurolak ere berea du.
Kontua da bere ama Mari Carmen Segurola Maiz izan zela. Abanto-Zierbenan 1885eko uztailaren Karmengo Amaren egunean, uztailaren 16an, jaioa horregatik jarri zioten izena. Mari Carmenek alaba bakarra izan zuen, baina, hau gauza bitxia, hori ere Mari Carmen izan zen, Karmengo Amaren egunean jaio zelako 1921ean. Gure protagonista: Mari Carmen Landa Segurola. Eta Mari Carmen horrek alaba bakarra izan zuen 25 urte beranduago, eta honi ere, hirugarrenez, Karmengo Ama Birjinaren egunean jaio zelako Mari Carmen jarri zioten: Mari Carmen Rubin de Celis Landa, 1946an jaioa.
Jarraipena ezetz asmatu? Bada juxtu. Mari Carmen Rubin de Celisek bere lehen alaba 25 urte beranduago izan zuen baina, hauxe pena! Ez zen jaio uztailaren 16an, 20an baino. Eta ez du Mari Carmen deitura, Izaskun baino. Zirkulua ez da gutxiagatik itxi.
Kontua da ez dakartzadala familiaren kontuak berezitasun horregatik, bazik eta Mari Carmen Segurola Maiz eta Arestiren ama, Asuncion Segurola (1897an jaioa, baina azaroaren 6an, San Evaristoren, San Luzianoren eta San Silvestre Gozzoliniren egunean), ahizpak zirelako. Asuncionen jaiotzaren berri honela eman du Anjel Zelaietak: «Bataio agirian irakurriaren arabera, Asuncion amaren partetikoak migrazio luzedunak dira: ama Karrantzako Viañezen jaioa du eta beronen gurasoak bata Urduñakoa eta bestea Castro Urdialeskoa».
Publicidad
Leinuko hirugarren Mari Carmenekin bildu naiz aste honetan amari buruz, Mari Carmen Landa Segurolari buruz, kontu kontari aritzeko, eta hark Bilboko poetaz ondo gordeak izan zituen oroimenak mihi gainera ekartzeko.
Bilboko Ciudad Jardin auzoan bizi omen ziren Mari Carmen Segurola eta beren alaba Mari Carmen Landa (109. etxean). Honek bizikleta ederra omen zuen eta haien etxera joaten omen zen Aresti bizikletaz ibiltzera. Haurren jolasa besterik ez.
Publicidad
Mamitsuagoak dira Mari Carmen Landa Segurolaren beste testigantza bi. Bere amaren oroimenari hitza emanez, oraindik ezagutzen ez genituen datu bi gorde ditu bere memorian.
Denok dakigu Gabriel Arestik zazpi argitalpen izan dituen Paulo Zamarriparen Gramatika, izenburu osoz El Bascuenze facilitado. Gramática Bizkaina deitzen dena erabiliz ikasi omen zuen euskara. Natxo de Felipek behin esan zidanez: «Garai hartan ez zegoen besterik». Baina Mari Carmen Landa Segurolak kontatutakoaren arabera, Iparraldera joan omen zen euskara ikastera uda-aldian. Anjel Zelaietak aipatu du bidaia: «Garai hauetan EGIkoekin ihardun zuen, sinpatizante-ekintzaileen mailan edo. Behin Baionaraino ere joan zen, EGIkoek antolaturiko batzar edo ikastaro batera».
Baina Anjel Zelaietaren kontakizunetan, ez da garbi geratzen noiz izan zen, 1957an edo 1958an, agian, lehenago 1953an. Gainera, aipatu zuen Gabriel Aresti EGI erakundetik hurbil ibili zen garaia izan zela.
Publicidad
Mari Carmen Landa Segurolari aipatu omen zion poetak erabaki politiko hori, EGIra hurbiltzea, izan omen zela berak kontzientzian eraman zuen erru nagusia. Beraz, aspaldiko oroimena izan arren, testigantzak badu bere interesa, Gabriel Arestiren joera politikoen aitortzak agerian utzi dituelako.
Euskara dela eta lehengusinak gogoan du asteburu zenbaitetan Gabriel Arestik trena hartu eta Urduñara joaten omen zela. Han aitonaren familiakoak bizi ziren, eta haiei bisita eginez batera, herriko errementari batekin biltzen omen zen euskaraz hitz egitera. Urduñan trebatzen omen zuen bere hizkera.
Publicidad
Beste oroimen xume bat gorde du Mari Carmen Rubin de Celis Landak. Gazte berria zenean arratsaldero entzuten omen zuen irratian euskal kulturaz ematen zuten lehiaketa bat. Eta egun batean Historia de la Literatura Vasca liburua argitaratu berria zen egilearen izena galdetu omen zuten. Eta amak, poetaren lehengusinak, esan zion: «Hartu telefonoa eta deitu Gabrieli, berak jakingo dizu eta». Horrelaxe egin zuen. Gabrielen telefonoaren zenbakia Ramon Saizarbitoriak 100 metro nobelan kontatzen duenez, fikzioa eta egia bilduz, Bilboko 32 46 66 zen, Jose iheslari protagonistak gogoratzen duenez: «Gabrielen numeroaz akordatzen haiz, baina ez Bilboko prefixoaz». Bada Mari Carmenek zenbakia markatu zuen, poetak Luis Villasante zela egilea esan zion eta irratira deitu eta oraindik gorderik duen liburuaren alea irabazi zuen.
Baina nolakoa den memoria gero! Mari Carmen Rubin de Celisek gogoan du Gabriel Arestiren ezkontza ospakizunean bera izan zela hara joan zen pertsonarik gazteena, lauzpabost urtekoa. Baina, diotsot: «Gabriel 1959an ezkondu zen, zuk 13 urte zenituen». Isilik geratzen da une txiki batez eta «Egia! Ez zen Gabrielen ezkontza eguna izan, Juan Mari Arestiren ezkontza eguna izan zen» esan zidan.
Noticia Patrocinada
Pena handia benetan! Oroimen faltsu bati esker Gabrielen eta Meliren arteko ezkontza eguneko testigantza bikaina galdu dugu! Oroimenaren paradoxak. Oroimenak badaki gezurtia izaten zenbaitetan!
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Te puede interesar
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.