Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Etxean kirolzaleak izan gara beti, bai kirolgile ikusle gisa. Gure aitak izugarri atsegin zuen kirol emankizunak ikustea, ez bakarrik futbola, baita orotariko kirolak ere: saskibaloia, txirrindularitza, pilota, atletismoa, igeriketa… Hala sartzen joan ziren gure begietatik Hinault, Retegi II, McEnroe, Navratilova, Petrovic, Matt Biondi, Carl Lewis, Saïd Aouita… Garai hartan dohainik eta irekian ematen zituzten horrelakoak. Nire anaia zaharren gelan, 60ko hamarkadaren erdialdean jaioak izaki, Cruyffen poster bat zegoen, baita gaur egun ahaztu samar dagoen Hans Krankl aurrelari austriarraren beste bat ere. Jokalari hau Bartzelonan aritu zen, eta 'Pichichi' saria irabazi zuen 78/79 denboraldian. Ni, 70eko erdialdean jaioa izaki, txuri-urdina izan nintzen txiki-txikitatik, eta, nola ez, Arconada, Zamora, Ufarte eta Satrustegi zalea. Gero, Maradonaren zalea egin nintzen. Hamaika urte nituen argentinarrak Mexikoko Munduko Kopan aho bete hortz utzi gintuenean. Ondoren, Gullitekin maitemindu nintzen, jokalari ona zelako eta haren itxura erakargarria egiten zitzaidalako, rasta tankerako ilaje harekin eta berezkoa zuen katu-antzeko dotoreziarekin. Gulliten eskutik ezagutu nuen Sacchiren Milan gogoangarria. Ondotik etorri zen Cruyffek entrenatutako 'Dream Team'a, Laudrup eta Romario bezalako magoekin. Jakina, denbora horretan guztian, realzalea izaten jarraitu nuen, baina atsegin nuen mundu mailako futbola jarraitzea. Orduko jokalarien izenak galdetzen hasiz gero, asko eta askorenak emango nituzke, baita talde sobietarretan jokatzen zuten zenbaitzuenak ere.
Ganbarako apalen batean Maradonari buruzko DVDren bat egongo da galduta, haren jokaldi eta gol onenekin. Kusturika eta Asif Kapadiaren dokumentalak eta Sorínen 'El camino de San Diego' filma ikusi ditut, baita Mano Negraren 'Santa Maradona' abestia sarritan abestu ere… Napolin haren arrastoen bila ibili nintzen duela 15 urte. Diskrezioz eraman izan dut nire zaletasuna, erakuskeriarik gabe, baina ondo ezagutzen nautenek badakite nire pasio ezkutuetako bat dela Maradona. Gauza asko esan daitezke izar argentinarrari buruz, eta ez gutxi txarrak: drogazalea zela, ahoberoa, tratu txarren emailea… Ez naiz hor sartuko. Argi dago molde asko hautsi dituen pertsonaia izan dela. Pentsa zer nolako agur jendetsua eman zioten… Antzinako profeta edo saindu baten agurra ematen zuen. Gustura hartuko lukete gaur egungo agintariek halako adostasun maila altua. Nik, ordea, futbolaria dut gogoan, baloi batekin egiten zituen deabrukeriak, baloia galduko zuela zirudienean tximistaren abiadurarekin xisteratik ateratzen zituen belusezko jokaldiak… Haren heriotzarekin, nire haurtzaroaren zati bat joan dela esan daiteke. Izan ere, haurtzaroarekin lotzen dut futbola, xalotasunarekin eta araztasunarekin. Baloia ikuste hutsaren pozarekin. Orduan pasio handiagoz bizitzen nituen neurketak, eta, adinarekin, gar hori moteltzen eta are itzaltzen joan zait. Pasioak estatistikari utzi dio lekua. Jarraitzen ditut kirol lehiaketen emaitzak, baina orduko berotasunik gabe. Neurri handi batean, esan daiteke heldutasunean sartzen joan ahala, distantzia hartzen joan naizela, literaturan narratzaile paregabe askorekin gertatzen den bezala. Urrundu egiten dira gertakarietatik eta pertsonaiengandik, ispilu baten bidez islatzen dituzte, ikuspegi neurritsua eta orekatua eskaintzeko, alderdikerian eta itsukerian ez erortzeko.
Egiari zor, futbola bera ere asko aldatu da, eta gaur egun gehiago du negozio ilun eta susmagarritik kirol jarduera hutsetik baino. Ikusi besterik ez dago zenbat diru mugitzen duen, nola irensten duen merkatua… Harago joateko gaitasun aparta erakutsi du. Hangoak eta hemengoak senidetu ditzake, inoiz elkar ikusi ez duten zaleak, lurralde bateko biztanle ia guztiak dantzan jarri gol bat ospatzeko.
Eta, guztiarekin, kirol bat baino ez da, hezur-haragizko fikzio bat, 22 jokalari berdegunean… Hori baino ez. Eta, hala ere, ezaguna da esaera zaharra: arrazoimenak ehuntzen duena, grinak desegiten du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.