Borrar
'Bihurguneko nasa' liburuaren azala.
Manoletina ezerosoak

Manoletina ezerosoak

Jon Martin-Etxebeste

Sábado, 1 de enero 2022, 20:11

Hiri handi bateko diskrezioa, bakardadea eta arroztasuna bildu ditu Uxue Apaolazak bederatzi ipuinetan. Norbanakoa hiriaren aurka. Liburuko pertsonaiak gutxitutako kolektiboen parte dira, ezeroso daude eta ezlekuan; eta hiriak haien 'anormaltasuna' itzultzen die ispilu baten gisa. Irakurlea ere ezeroso sentiarazteko ahalegina sumatzen da orriz orri. Lur da liburu honetako protagonista eta narratzaile nagusi. Irakurle gehienentzat harekin identifikatzea izango da naturalena: bulego handi batean lan egiten duen emakume euskalduna da; errealitatean existitzen ez den klase sozial ertaineko langile prekarizatua. Haren ikuspuntutik behatuko dira gertaera gehienak eta haren balioen, burutazioen, lotsen eta errudun sentipenen konplize bihurtuko da. Beste batzuetan, bigarren mailako protagonisten mozorroa baliatuz eragingo die gatazkei. Norbanakoen kontraesanak dira ipuinen ongarri eta zuzenean interpelatuko ditu irakurleak, haren lekuan zein posizio hartuko luketen pentsaraziz.

'Bihurguneko nasa'

  • Uxue Apaolaza Susa. 136 orr. 16 euro

Hiria habitatzen duten, baina teilaturik ez duten pertsonak; arrazializatuak; gaixo psikiatrikoak; ekonomiak eta ziurgabetasunak kolpatutakoak; eta drogak bizitza erabat eraldatu dien pertsonekin topatuko da irakurlea liburuko kaleetan eta baita presio sozialak zamatutako amatasunekin, eta familiako txantaje emozionalekin ere. Botere harremanek zeharkatutako bederatzi ipuin bildu eta harilkatu ditu idazleak, hamar urtean zehar Madrilen sortu zaizkionak. Ipuingintzan idazle zaildua da Apaolaza. 2005ean 'Umeek gezurra esaten dutenetik' argitaratu zuen eta 'Mea Culpa' 2011n. Bere kontaera ipuinetara moldatzen da, nola zapata oinera. Oraingo honetan, Madrileko kaleetan osteratxo bat ematera gonbidatzen du irakurlea, manoletina ezerosoak jantzita.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Manoletina ezerosoak