Iñigo Astizen 'Monogamoak' liburua.
Territorios

Maletategian

Paloma Rodriguez-Miñambres

Miércoles, 28 de agosto 2024

Kazetaritzak eta narratibak, helburu desberdina izan eta ohiko dikotomiari (errealitatea versus fikzioa) heldu arren, lotura dute: istorio edo gertaera baten osagaiak nola konbinatu eta tenkatu jakitea kontaketak aurrera egin dezan irakurlearen interesa piztu artean. Elementu horiek badute islarik Iñigo Astizek, kazetari eta poetak, plazaratu duen lehen fikziozko narrazio-liburuan.

Publicidad

'Monogamoak'

  • Iñigo Astiz Susa, 160 orr

16 istorio batzen ditu, non gaien eta erregistroen oparotasuna kausituko dugun istorio erakargarriak kontatzeko erakusten duen trebetasunagatik. Horrek zerikusia dauka ze narratzaile mota izatea aukeratu duen Astizek, testuen narraziozko izaera moldakorra aintzat hartuta, kontakizun bakoitzak forma zein tonu jakin bat eskatzen duelako ahotsak bideratzeko. Horrekin batera, istorioek ez dute amaiera itxia. Hots, zenbakidun puntu asko agertzen diren denbora-pasa horietako baten an-tza dute, irakurleak puntu horiek lotzen saia daitezen esangura atzeman ahal izateko.

Egileak idazten du hizkuntzaren balioaz jabeturik, esan gabe doanarekin eta ironiarekin (hala nola, 'Svastikak', 'Tximino infinituaren teorema…') jolastuz, ipuinek ostentzen dutena agerrarazteko, adibidez, 'Neskalaguna' dugu horren guztiaren kontakizun eredugarria. Beste batzuetan istorioek aurrera egiten dute azalezina, harridura edota absurdua ikusgai, oraindik zer den ez dakiten pertsonaiak daudelako zerbait galtzeko beldurrez, esaterako, 'Gizon on bat', 'Itzultzea', 'Monobolumena' eta 'Oreina' narrazioen protagonisten kasuan.

Astizek prosaren aukerak aldi batez landu nahi dituela begitantzen zait, literatur baliabideez jolasteko eta unibertso harrigarriak asmatzen jarraitzeko gogoz. Bidenabar, antzematen da idazleak gozatu egin duela kontakizunetan zedarritu dituen korapiloekin. Fikziozko narratiban probatu ondoren, istorio gehienetan arrakasta erdietsi egin duelakoan nago.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad