Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
AEK-k 2024-2025 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du asteazken honetan Bilboko Alde Zaharreko Kalderapeko Kulturgunean. Bere arduradunek azaldu dutenez, edizio berri hau 'Euskara eroso bizitzeko' lelopean abiatuko da, eta euskararen unibertsoan murgildu nahi dutenek hamaika herritara iristen diren 100 euskaltegi baino gehiegotan izena emateko aukera izango dute. Ikasturtea urriaren 7an hasiko da.
«Gure xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak eroso bizitzea, eta, hori dela eta, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean aritzen gara. Herritarrek ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe», adierazi du aurkezpen ekitaldian hitza hartu duen Lurdes Etxezarreta Bizkaiko ordezkariak.
Bere hitzetan, hori lortzeko zerbitzuaren «doakotasuna» aldarrikatzen dute, administrazioek «bermatu beharko bailukete» euskara doan ikasteko herritarren eskubidea. Eta azkenaldian urratsak egiten ari badira ere, «oraindik badago zeregina benetako doakotasuna lortzeko: besteen artean, herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea», esan du.
Hala ere, ikasleen interesa sustatzeko asmoz, Euskal Autonomia Erkidegoan B2ra arteko prozesua doakoa dela nabarmendu du, betiere maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan egiaztatzen bada. Ildo horretan, pozik agertu da A1 euskara ikasleek orain arte ordaintzen zuten matrikularen laurdena inguru ordainduko dutelako aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein euskaltegitan. «Eta hamasei eta hamazortzi urtekoentzat C1 maila prestatzeko dirulaguntza ere badago aurten», gaineratu du. Bestalde, Nafarroa eta Iparraldeko diru partidei buruz aritu da.
Eskainiko dituzten aukerei dagokienez, Etxezarretak gogorarazi du AEKk euskara eskolak ematen dituela enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. Gainera, «pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, AEKren online-euskaltegiko ikastaroen bidez», esan du.
«Guregana hurbiltzen denak euskara ikasi eta erabiliko du; erosketak euskaraz egiten ikasiko du; hizkuntza eskakizunetarako azterketak prestatuko ditu; jaietako pregoiak ulertuko ditu, familian zein lan giroan euskaraz mintzatuko da eroso». Izan ere, aipatutako eskaintzaz gain, erabilerarako aukera asko eskaintzen du: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko...
Eta hori gutxi balitz, AEKk euskaltegi berri eta berrituak izango dituela gogorarazi du, hala nola, ekainean zabaldu zuten Galdakaoko Barandiaran euskaltegi berritua eta laster inauguratuko dituzten Oreretako Xenpelar AEK eta Mungiako Kinttopeko AEK.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.