Akademia Ibiltariko kideak Luis Martín-Santosekin. Luis Martín-Santosen Oinordekoen Artxiboa
Territorios

Luis Martín-Santos Mitxelenaren begietan

Omenaldia ·

Laudorio mindua idatzi zion Koldo Mitxelenak idazleari zendu ostean

Miércoles, 13 de noviembre 2024, 12:16

Aitortu behar dut ez dagoela 'Tiempo de silencio' nobela miresgarriaren eta berritzailearen Luis Martín-Santos egileari buruzko aipamen handirik euskal literaturan. Jakina zen, dena dela, Koldo Mitxelenak orri biko omenaldi xume bat eskaini ziola 'Egan' aldizkarian, haren heriotzaren ondoren, 1963an, urte horretako 4-6 alean (eta ez 1ean, esan ohi den bezala).

Publicidad

Idazleen arteko desberdintasunak

Aspaldi, 1990ean, konturatu zen horretaz Elixabet Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko ikerlari eta irakaslea, eta aipatu zuen nola zegoen arrakala itzel bat euskal idazle eta erdaraz idazten zuten euskal idazleen artean: «Aspaldiko uhartetasunean sinesterik ez dudala aurretik doalarik, berriz ere nire harridura ageri dut, euskal egileek (ez noski literatura berria 'itsusi'-tzat edo 'euskal arima' edo 'sena'-ren aurkakotzat jotzen zuenak, bai ordea 'euskaldunok' Europako aire nahastuen zurrunbiloak beste legez astindu behar gintuela uste zutenek) euskal lanak mamitzerakoan mintzagai dugun egilearen zantzurik islatu ez dutela ikusirik».

Antzeko nortasunak

Baziren biak elkar batzeko hariak. Biak ziren Frankoren aurkakoak. Luis Martín-Santosek lotura handia zuen Alderdi Sozialistarekin, mundu berri bat eraiki nahi zuen diktadura gainditzeko, bazuen asmoa etorkizun hobea eraikitzeko. Agian, bere irudiak eta nortasunak kilika egin zioten Mitxelenari. Bera ere Frankoren aurkako, bera ere etorkizun hobe baten zain. Nazionalista eta sozialista baturik, azken batean, Errepublika garaiko ametsaren sinbolo. Idazle bi, gizaki bi, baina etorkizunerako utopia baten zain, adore bera.

Artikulua idazterakoan, Koldo Mixelenaren hitzak minez beteak dira, eta adiskidetasunaren oihartzuna dute: «Eriotzak eraman du -dio- itxuratxarki. Istripu ergel batean». Horra hasiera, hizkera batua zabaldurik ez egoen garaietako hizkiz moldatua. Eta samina baretu ondoren sortzen zaizkio laudorioak.

Lehena pertsonala da, zeren gure maisuak lehen lehenik bere ezagutza dakar orriotara eta Luis Martín-Santosen hizketaldien edertasuna dakar hitzetara: «Nik ezagutu duan iztunik ederrena galdu dugu: ezin agortuzko iturri ezkutu batetik bezala zerion itza». Iritziak iritzi, ezagutza pertsonalaren testigantzak eman dio balioa erretratu arin horri.

Publicidad

'Tiempo de silencio'k ez du parerik

Ondoren, Errenteriako idazleak 'Tiempo de silencio' hartu zuen mintzagai eta erabateko sententzia eman zuen. «Bere 'Tiempo de silencio'k ez du parerik, nik dakidanez, Espaiñia'ko oraingo eleberrietan». Zuzen eta argi, zalantzarik gabe. Eta hortxe daude metatuak arrazoiak: «Azalez aberatsa -aberatsegia, aukeran- izanik, are aberatsagoa da mamiz».

Esaldiak Koldo Mitxelenak nobelan gertatu den berrizaletasunari egin dio aipu. Nobelaren barnean esperimentalismoaren teknika nagusia da, eta teknika asko eta asko landu zituen Luis Martín-Santosek bere gogo indarrak agertzeko unean: barne bakarrizketa, narratzailearen hausnarketaren pisua, ironia, perspektibismoa, ekintza bat hainbat ikuspunturik kontatua.

Publicidad

Dena, hala ere, gaiaren mesedetan zetorren hori guzti hori. Eta esanahiaren milan, esparru bi berezi zituen Mitxelenak. Lehenengoan, testuan ageri ziren gaiak zetozen: «Ainbeste eta ainbeste gogoeta daude or mukuru –gizonaz, gizarteaz, giza-lurraz». Bigarren mailan, nobelagilearen asmoak hartu zituen aipagai, haren utopia gogoa, gizartea aldatzeko nahia: «Eta gogoetez gaiñera, barrenagoko beste zerbait ere bai: kezka kontentagaitza, obe-bearra, eredu ederragoen ametsa».

Luis Martín-Santosen euskal joerak

Hemendik aurrera artikuluak Luis Martín-Santosen euskal joerak ditu mintzagai. Euskal Herrian jaio ez arren, interes handia zuen euskal gaietan eta garai haietan erakunde kultural nagusia zen Akademia Ibiltarian parte hartu zuen, entzule gisa askotan.

Publicidad

Bukatzeko, Mitxelenak Luis Martín-Santosekin egon zen azken eguna dakar gogora. Hizketaldi existentzialista bat izan zuten mintzagai: gizakiak inurriak dira eta edozein ostikok ezabatzen ditu bere nahiak eta etorkizun borondateak: «Mundu onetako gertakariak, alegia, txingurritegi bateko txingurrien lanen gisa, asmoz eta buruz doazela ustekabeko ezbearren batek naasketa zoro biurtzen eztitueiño».

Susmoa dut, hala eta guztiz ere, xinaurrien eta ezbeharraren arteko ipuin horretako mezuan, desberdin jo zutela idazle biek. Luis Martín-Santosen arabera, badirudi patu itsu batek gobernatzen duela gizaterian etorkizuna, eta bere irakurketak existentzialismoari egin dio aipua. Mitxelenak, aldiz, irakurketa humanistagoa egin du, eta honela idatzi du, ipuin edo metaforari bere irtenbidea erakutsiz. Hain zuzen ere, irakurketa erlijiosoan patu itsuaren bidea ez du onartu.

Publicidad

Hala ere, Koldo Mitxelenak artikulu horretan euskaraz ari diren idazleen eta gazteleraz ari direnen arteko amildegia igarotzeko zubi bihurtu zuen Luis Martín-Santosekin zuen miresmena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad