Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Trantsizioa idealizatzearen ondoriozko hainbat arazo ageri-agerikoak dira gaur egungo agertoki politikoan. Berradiskidetzea ahalbidetzekoetan eta indarkeriaz lapurtutako askatasuna berreskuratzekoetan urrats erabakigarria izan zen, jakina. Erakundeek herritarren borondateari erantzutea funtsezkoa delako demokrazia mamiz betetzen hasteko, eta gutxieneko joko-arauen inguruko adostasuna lortzea. Bitarteko horiek ezin dira sekula gutxietsi. Duten balioa eman behar zaie. Areago 40 urte luzeko iluntasunaren ostean datozenean. Diktadura ororen ankerkeria egunerokotasun bihurtze horrek eragindakoa behingoz etetea premiazkoa zelako Franco hil eta berehala. Hala, gaur egungora ekarri gaituen prozesu hark izan zuen indargunerik, bazuen lehen mailako balio politikorik, normaltasun demokratikoa —akastuna, noski; edonon bezala— abiatzeko mugarri izan zelako.
Baina trantsizioa ez zen parekoen artean gauzatu. Bazirelako boterean ondo txertatutakoak, frankismoaren gerizpean aritzearen ondoriozko abantaila faktiko eta estrategikoen jabe zirenak; eta hain justu askatasunaren alde borrokatzeagatik hainbat modutan zigortutakoak: legez kanpo, kartzelan edo erbestean ibilitakoak. Eta lehenek izan zuten egoera hori baliatzerik, euren ikuspegiaren araberako errealismoa mugaz betetzeko. Testuinguru hartan lor zitekeena jarri zuten helburutzat bigarrenek, ezinbestean; ez zuzenbidezko estatu heldu batean posible behar zuena. Errepublika demokratikoa armen bidez akabatu zutenean errotiko haustura odoltsua jazo zen. Diktaduraren ostean, haatik, erreforma; nahiz eta horren oinarrizko zutabeak irauli eta hitza herriari itzuli.
Haustura eta erreformaren arteko alde horrek ondorengoa baldintzatu du. Paisaia demokratiko berrian frankismoaren itzala oso luzea izan delako. Hainbat baloreren mamiari eta iraganaren zamari eragin dielako. Francoren garaipenerako funtsezko izandako Alemania nazia eta Italia faxista Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin birrindu zituzten, eta horrek horien sasoiarekiko ikuspegi kritiko zorrotza ekarri zuen, ordura artekoa eta zetorrena ezin nabarmenago bereizteraino. Espainian, aldiz, ohorezko hilobi handiosora eraman zuten diktadorearen gorpua 1975eko azaroaren 20an hildakoan; dena anker eta izugarriagoa izan zedin, bere biktima izandako hainbaten gorpuzkinak zeuden espazioaren buru izatera. Frankismoak bide bazterretan animalien gisara lurperatuta utzitakoez edo Erorien Haraneko egoeraz hitz egitea arriskutsua izan da luzaroan, deserosoa. Erreximenaren zipriztinak kale izendegietatik kentze soila, edo-ta Errepublikaren lorpenez mintzatzea, zaila izan da sasoion; ikutu edo aipatu ezinezkoak gogora ekartzearen pareko. Eta, ikusitakoak ikusita, ez da harritzekoa.
Horren atzean badagoelako jatorrizko desoreka bat, berradiskidetzearen izenean premiazko egoera batean ontzat emandako gabezia demokratikoa. Francorena diktadura basatia izan zelako, legezko gobernu demokratiko errepublikarraren aurkako matxinada bortitzak eta horren porrotaren osteko gerra zibilak ahalbidetutakoa, Hitler eta Mussolini sortzetiko aitabitxi izan zituena. Horregatik da hain larria, arduragabea eta, aldi berean, esanguratsua horren aztarnak ezabatu eta horri eskainitako omenezko keinu oro bertan behera uzteko saiakerek zenbait alderdiren aldetik beti ezezkoa jasotzea, modu anonimoan hobi komunetan jarraitzen dutenen familiei gorpuzkinak eman eta duintasunezko agurra egiteko behin eta berriz horrenbeste oztopo jartzea.
Kataluniako independentzia-aldarrikapen balio praktikorik gabekoan indarkeriazko matxinada ikusi eta horrek eragindakoaren sinboloen aurka nekagabe ari direnetakoek 'anai-arreben arteko gatazka' irizten diote 1936ko kolpisten ekinari. Horrek, zer esanik ez, kutsatu egiten du gizarte aurreratu bateko bizikidetza politikoa, eta ez du antzekorik Europako herrialde nagusietan. Pedro Sánchezen gobernuak iragarritako urratsa ezinbestekoa da alde horretatik, sekulako balio sinbolikoa izate horrek potentzialtasun pedagogikoz betetzen duelako.
Diktadurak ezin dira zuritu ez gozotu, ezin zaie testuinguruaren araberako inolako zilegitasunik eman, ezta oso nolabaitekoa bada ere. Eta bestelako kultura demokratikoa eraikitze aldera horien sinboloei tinko egin behar zaie aurre, jazarpenarenak direlako, askatasunaren eta giza eskubideen ukazioarenak. Horren inguruko adostasunak erabatekoa behar luke benetako trantsizioa egin duen edozein lekutan. Hala, memoria historikoa mendekuarekin parekatzea aitzakia besterik ez da, zentzugabekeria galanta, sasoi horren irakurketa kritikoa egiten ez duenaren sasiargudioa.
Errepublikak akatsak izan zituen, jakina. Ezin bestela izan Europako 30. hamarkada nahasian. Baina bake-bidetik heldu zen, alternantzia politikoa ahalbidetu zuen eta oinarrizko askatasunak bermatu zituen. Demokrazia guztiz homologatua izan zen mundu zabalean, muturreko ideologien gorakada ezaugarritzat zuen garaian. Francok eta bere aliatuek bortxaz luzarorako ekarri zutenaren antitesia izan zen, itxaropenerako aukera, mendeetako hainbat erronka gainditzen hastekoa, Estatua modernizatzekoa eta legitimatzekoa, gutxiengo nazionalen estraineko aitortza politikozkoa.
Francok ezin du Erorien Haranean jarraitu, ezta milaka desagertuek bide bazterretan ere. Ez dago jokoan atzera egitea edo ezinikusiak berpiztea. Duintasun kontua da, ia garbitasunezkoa, oinarrizko pertzepziozkoa, diktadura baten eta demokraziaren artean egon behar duen marra gorri sinbolikoa eta praktikoa nabarmen ezartzekoa. Inork ez du historia berregin gura, batik bat hori posible ez delako. Tamalez, ez dago gure aitona-amonek eta gurasoek luzaroan jasandakoa saihesterik. Ez dago Gernika su-garretan suntsitu aurrekora eramaterik, ez Picassoren margolaneko samina orduko hartan baretzerik. Baina funtsezko hainbat balore zibiko-politiko ausardiaz aldarrikatu behar dira inoiz baino gehiago, demokrazia eta diktadura errotik bereiztu, eta urrats hori maila guztietan egin, nahasketari eta honen aldeko eragileei aurre eginez. Bizikidetza askatasunean baino ez delako posible, bestearen aitortzatik abiatuta. Ez jazarpenaren nostalgia eta gorespena betikotuta, ez borreroen indarkeria erlatibizatuta.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.