Borrar
Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko uztarketa bat egin dute Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek. DURANGOKO AZOKA
Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Trikua' izeneko saiakera kaleratu berri dute

Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Trikua' izeneko saiakera kaleratu berri dute

Bertan euskalgintzaren eta feminismoaren arteko uztarketa bat egin dute, aliantzarako bidea arakatuz

UNAI SARRIUGARTE

Martes, 26 de noviembre 2019, 22:13

Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Trikua' izeneko saiakera kaleratu berri dute. Lan hauxe Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren barruan plazaratu dute. Bertan, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko uztarketa bat egin dute, aliantzarako bidea arakatuz.

Lorea Agirre kazetariak duela egun batzuk nabarmendu zuenez: «Euskalgintzak eta feminismoak bat egiten dute geuregan, geure gorputzetan, geure eguneroko praktiketan, geure bizipenetan, geure erresistentzietan, geure militantzietan euskaldun eta emakume garen heinean, eta hortik euskaltzale eta feminista izateko eman dugun urratsean».

Izan ere, saiakeraren egileentzat egun euskal lurraldean emakume eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Euren esanetan: «prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude oraindik euskararen eta genero berdintasunaren normalizazioa».

Eskisabelek eta Agirrek lan berri honetan ikuspuntu ezberdin bat ematen dute ezagutzera. Hori dela bide, ezkutaturik zeuden esparru horiek aditzera eman nahi izan dituzte. Hortaz, egileek eskua luzatzen dute, euskalgintzaren kontzeptu eta praktika tradizionalaren inguruan mintzatzeko edota tresna analitiko eta etiko-politiko berriei bidea irekitzeko.

Idurre Eskisabel kazetari, irakasle eta antropologo beasaindarra da. Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritza irakaslea izateaz gain, zenbait genero eta nazio identitate ikerketen sortzailea ere bada. Bere kazetaritza ibilbide oparoan Euskaldunon Egunkarian eta Berrian ibili da batez ere lanean. Era berean, Euskal Herriko hainbat komunikabidetan kolaboratu du: Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia, Info7 irratia, Argia, Jakin, Goierritarra aldizkaria eta Goierri TB, besteak beste.

Lorea Agirre, aldiz, kazetari eta antropologo beasaindarra da. Informazio Zientzietan lizentziaduna, Goierritarraren lehenengo aleetan kolaborazioak egin zituen eta Ordiziako Arlote Irratian ere literatur saioak burutu zituen. Bere ibilbide profesionalean Argian, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian ibili izan da kazetari lanetan. Era berean, euskararen, feminismoaren eta euskal kulturaren inguruko ikerketa baten baino gehiagotan parte-hartu du. Gainera, 2014. urtetik Jakin aldizkariko zuzendaria ere bada.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Trikua' izeneko saiakera kaleratu berri dute