Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Txani Rodríguez
Sábado, 4 de junio 2022, 00:32
Liburuak hirurogei ipuin biltzen ditu, ikuspuntu eta abiapuntu anitz jorratzen ditu eta, beharbada, aurreko hamarkadan bizi izan ditugunak berpizteko ahalmena duen narrazio bilduma baten aurrean kokatuko da irakurlea.
–Ipuin gehienak ETAk jardun armatua behin betiko utzi baino lehen idatzita daude, kontatzen dituzun gauzak gertatzen zirenean. Nonbait, zure ipuinak irakurtzeak taupada haiek gordetzen ditu.
–Bai, nik uste badaudela, ikuspegi horretatik, bi motatako ipuinak liburuan: atzera begiratzen dutenak, hots, narrazio nolabait historikoa egiten saiatzen direnak, eta egungoaren, garaikidetasunaren aurreko erreakzio moduko bat direnak, oso bat-batekoak. «Denbora errealean» idatziak, alegia, euskal gatazkak une horretan agertzen zuen aurpegi baten aurreko erreakzio gisa, behin baino gehiagotan. Estanpak, ia-ia, esan genezake. 2011ko ETAren armen uztearen ondoko ipuinetan agian beste kutsu bat nabaritzen da, batez ere azkenekoetan eta edizio honetarako propio gehitu ditudan ipuin berri argitaragabeetako batzuetan: hor, kontakizuna bera baino, kontakizunaren kontakizuna hasten da bihurtzen inportanteagoa, akaso.
–Kronologikoki ordenatuta daude ipuinak. Zergatik?
–Neurri batean aurreko erantzunean esaten nizunagatik: unearen uneko ikuspegia gordetzeko, ahal den neurrian. Auziaren bilakaeraren ikuspegi ia historiko ba emateko. Alde horretatik, ipuinetan esku hartzeko tentaldiari ihes egin diot, eta, zuzenketa ortografiko batzuez aparte, Euskaltzaindiaren arau berriekin-eta lotuak, jatorrizkoan zeuden bezala utzi ditut, zuk aipatzen duzun taupada hori gordetze aldera. Interesatzen zitzaidan, gainera, nire idazkeraren bilakaera islatzeko aproposa izan daitekeelako orden hori, hala gatazkarekiko, nola bere horretan…
–Zure ipuinak manikeismoaren beste muturrean daude. Bizitzan ez ezik literaturan ere oso garrantzitsuak dira ñabardurak, kutsuak?
–Bizitzan ez nago horren seguru, baina literaturan bai. Literatura ñabarduraren lurraldea da, zorionez. Zuri-beltzekoaren bila badago nora joan, ugari gainera. Literatura beste zerbaitetarako behar izaten dut nik, bai irakurle, bai idazle gisa. Are gehiago hau bezalako gaiez ari garela, Euskal Herrian berrogeita hamar urtean gertatu zaigun gauzarik potoloena baita…
–Errealitatearen tolesturei begiratzea ez da nahastu behar jarrera distantziakideekin, ezta?
–Batak ez du bestea kentzen. Herritar bezala oso jarrera tinko eta argia izan dezakezu egoera eta gertakari batzuen aurrean, betiere biktimak, alde guztietakoak, gogoan hartuta; eta, hala ere, grisen eremua esploratu literatura egiten duzunean, horretaz arduratzen delako literatura, literatura ona alegia, edo literatura on bihurtzeko asmoa daukana behintzat. Euskal gatazkaren kontuan bezala, beste edozein gairekin.
–Ipuin liburuak bereziki egokiak dira, zure ustez, «Gauza»ren errelatoa helarazteko?
–Badaukate berezitasun bat, nobela konbentzionalaren aurrean, abantaila izan daitekeena une batzuetan: ikuspegi diferenteak eta arazo baten alderdi anitzak islatzeko gaitasun gehiago eduki dezakete, teorian behintzat. Eta darabilguna bezalako gai batean non, esaten dutena esaten dutela, ez dudan uste soilik «bi bando» daudenik, edo egon direnik, multiperspektibismorako ahalmen hori bereziki egokia suerta daiteke. Nire liburua, horretaz ipuinak bildu ondoren ohartu naiz, horixe da; horixe izan nahiko luke.
–Zientzia-fikzioa lagun izan duzu hainbat ipuinetan. Zergatik erabili duzu genero hori?
–Ipuinen errepasoa egitean ohartu naiz nire lehenengo ahaleginak errealismo petoaren ildotik egin nituela. Gaiari buruz burutu nituen lehenengo ipuinak, gaztelaniaz idatzi nituenak eta, zorionez, suntsitu nituenak, txar mortalak zirelako, errealistak ziren oro har. Gai horren serio eta astun bat trataera fantastiko batentzako egokia izango ez balitz bezala. Errespetu falta bat izango balitz bezala, ez dakit ulertzen didazun. Baina ni, funtsean, literatura fantastikotik nator, zientzia-fikzioa idazten hasi nintzen, hori da nire jatorria, eta nire ondarearen zati handi bat, idazle gisa. Beraz, une batetik aurrera badirudi lotsa galdu eta beste «plantilla» hori, fantastikoarena, eta tartean zientzia-fikzioarena ere erabiltzen hasten naizela gaiari heltzeko orduan. Zergatik ez? Azken finean, niri interesatzen zaidan literatura fantastikoak ez dauka helburu bezala errealitate paralelo eta ezberdin batzuk sortzea, dagoena, daukaguna azpimarratzea baizik, kutsu fantastikoko elementuak txertatuz errealitatean, errealitate bera «arrozteko». Tresna egoki bat iruditzen zait segun eta ze istorio kontatzeko…
–Ipuin hauetan, musika da zenbait elkarrizketen abiapuntua. Eginkizun narratiboa du musikak?
–Dudarik gabe, edo hori da asmoa behintzat. Musikarekin komunikatu ahal dut zer edo zer gehiago, ipuinen hitzez harago. Giro baten isla da, askotan, baina baita ipuinaren arkitekturaren zutabe ere. 'Nostalgiak' izeneko ipuinean Hertzainak taldearen lehen diskoak narrazioaren garapenaren ardatz-lanak egiten ditu, adibidez. Ez da kasualitatea 'A89, La Transeuropéenne' izenekoan Kraftwerk-en 'Autobahn' kanta errepikakorra izatea haria, hain zuzen ere. 'Egun gris batean' ipuineko erreferentzia musikalek zentzua daukate protagonistek, iraganean, elkarrekin lan egin zutelako irrati libre bateko irratsaioan, baina zerbait gehiago esaten digute garaiaz, ingurune sozialaz, istorioaren barrunbeez. Besteak beste.
–«Gauza»ri buruz ari garela, euskal literatura «boom» bat bizitzen ari dela esan genezake.
–Bai eta ez. Iruditzen zait badagoela boom moduko bat, neurrian noski, gaztelaniazko literaturaren alorrean, zeinetan 'Patria' fenomenoaren eztandak ondorio biderkatzaile batzuk izan baititu, akaso, eta ildoa eman dien bestela idatziko edo argitaratuko ez ziren proiektu batzuei, eta horietan denetik dago, ona eta ez horren ona. Inpresio hori daukat, behintzat. Euskararen alorrean ez zait iruditzen horren inportantea izan denik faktore hori: ETAren amaierak eragina izan du, noski, baina gurean aspaldi ari gara idazten gaiari buruz, fikzioaz ari naiz, eta idazten jarraituko dela imajinatzen dut, ona eta ez horren ona, are gaztelaniazko produkzioak apaltzeko bidea hartzen duenean ere… Nobedade handienak, susmatzen dut, memoriaren, autobiografiaren eta saiakera historikoaren alorrean gertatuko dira, ETAren armen isiltzeak eta denboraren igarotzeak orain arte isilean mantendu ziren kontu batzuk azaleratuko dituen neurrian…
–Eta zuk, «Gauza»ri buruz idazten jarraituko duzu?
–Inoiz ez da jakiten zertaz idatziko duzun etorkizunean, ezta idazten jarraituko duzun ere, berez. Baina kasu honetan baietz esan behar dut, hemen biltzen diren hirurogei ipuinen ondoren idatzi ditudalako gaiari zuzenean edo zeharka lotutako gutxi batzuk gehiago. Horietako bat edo beste nire hurrengo narrazioen bilduman plazaratuko dira. Horregatik, besteak beste, ipini nion liburu honi «Euskal gatazkaren inguruko ipuin (ia) guztiak» azpititulua, «ia» horrekin…
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.