Borrar
Directo Sigue la cuarta etapa de la Itzulia con el ascenso a Izua y meta en Markina
Xabier monasterio 'Neronek tirako nizkin' liburuarekin. Ignacio Pérez
«Liburuen mundu honetan eskulangile izan nahi nuke»
Xabier Monasterio editorea

«Liburuen mundu honetan eskulangile izan nahi nuke»

Liburu ez komertzialak, zaharrak eta onak argitaratzeari ekin dio Monasteriok, Testu-Zaharrak izenburupean

Aiora Sampedro

Sábado, 5 de abril 2025, 00:18

Ez da hasiberria Xabier Monasterio liburugintzan, baina ez du galdu, horratik, haurraren ilusioz beteriko begirada liburuei dagokienean. Hizkuntzalaria izateaz gain, liburuak idazten, itzultzen eta inprimatzen ere aritu da joan deneko ia 30 urte hauetan. Eta azken alderdi horrek bultzatu du behin erretiroa hartuta, euskarazko literaturan ekimen editorialari ekitera. Adierazten duenez, liburuak editatzen eta argitaratzen urteak eman ondoren, euskal literaturari zer edo zer falta zaiola ikusi, eta klasikoen argitalpenari ekitea erabaki du. Hartara, liburu ez komertzialak, zaharrak eta onak argitaratzeari ekin dio Testu-Zaharrak izenburupean.

Coca-cola bat txorizo bokadiloagaz

Liburuen inprimazioarekiko maitasun istorioa haurra zela hasi zitzaion Xabier Monasteriori. Haren aita zenak bazuen lagun handi bat, inprimategi txiki bat zuena Bilbon. Asteburuetan, aitaren lagunak lan handia zuenean, aitak lagundu egiten zion, besterik gabe, laguntasunaren izenean. Xabierrek orduan bederatzi-hamar urte izango zituen eta nahikoa «endredamakila» ere ba omen zen. Horrela, etxekoak bakean lagatzeko edo, aitak eraman egiten zuen egun horietan eta mundu berri bat ezagutzea ekarri zion horrek: «Makinak, tinta, tinta poteak, tinta usaina. Paper handiak nola tolesten zituzten. Gainera, umeentzako kromoak ere baziren, beste liga batzuetako kromoak. Herbehereetako ligakoak, adibidez». Erabat exotikoak garairako. Eta gainera, lagunak zirenez, ondo portatzen ziren Xabier txikiarekin; bai aitaren laguna, bai hark bertan zituen langile enplegatuak. Goizeko hamar eta erdietan gelditzen zirenean, ogitarteko txiki bat jaten zuten garagardo batekin eta Monasteriori txorizo bokadiloa Coca-Cola batekin ematen zioten. Jolas-parkera joatea bezalakoa omen zen hori editorearentzat. Eta hala hasi zen maitatzen liburuak, askari-legearen bueltan.

Haurraren begirada bizirik

Monasteriok ez zekien makina baten aurrean egongo zen «liburuak inprimatzen edo liburuak bilatzen edo liburuak saltzen edo liburuak idazten, itzultzen eta saltzen». Ez zekien, baina liburuaren inguruko zerbait nahiko zukeen. Eta zer diren gauzak, bizitzak hori eman dio. «Beharbada, orduko zaletasun horregatik», beti ere zuzenean nahiz zeharka, liburuetatik oso hurbil ibili da. Haren iritziz, zorte handia izan bide du: hainbat liburutan hartu duelako parte era batera edo bestera. Eta erretiratzean pentsatu zuen zerbait egin behar zuela liburugintzari bere «mesedea itzultzeko».

Hartara, euskalduna izanik, euskarazko zer edo zer egitea erabaki zuen. Berak estimatuak zituen liburuak, zaharrak zirenak, ahaztuak baina euskaraz egotea merezi dutenak. Gainera, horrela beste edozein euskal editore, itzultzaile edo egileri kontra egitea saihestuko zukeen. Liburugintzak eman dizkion lagunei kalterik egitea saihestuz. Horrela hasi zen, bost liburu egingo zituela esan eta dagoeneko hamabost argitaratuta.

Zenbaki kontua

Esan liteke biziraupenaren ekonomian dagoela oinarritua Monasterioren ekimena. Erretiratu zenean, zuen diru puska bat bildu eta bi ale ateratzea erabaki zuen. «Argi nuen ez nuela etekinak bilatzen aritu nahi, ezta gehiago lortzen ere. Beraz, horietatik lortutakoarekin, nahikoa izanez gero, hurrengo liburuak aterako nituen, bestela ez. Eta hala, 15 zenbaki ateratzera iritsi naiz». Beti ere, euskal klasiko bat eta beste hizkuntza bateko klasiko bat bikotea errespetatuz. Eta salmentekin, pixkanaka-pixkanaka lortu du zazpi urtez aritzea jarduera honetan.

Egilea tentuz dabil, beraz, argitaletxe deitzearekiko, jakitun, egiten dituen «liburu horiek ez dutela merkaturik», baina, hala eta guztiz ere, beharrezkoa ikusten du irakurle «euskaldunak testu klasiko horiek bere hizkuntzan gozatu» ahal izatea. Esan genezake, beraz, sustatzailearen «kapritxoari» erantzuteaz gain, proiektu honetako liburuek zerbitzu bat eskaintzen diotela irakurle euskaldunari, nahiz gizarteari, beti ere giza eskubideen aldeko mezuak zabaltzen oinarritzen baita: hartara, Testu Zaharrak-ek bateratzen ditu Sebastian Salaberriaren 'Neronek tirako nizkin' nahiz Denji Kuroshima japoniarraren 'Bele saldo bat'.

Literaturaren eskulangilea

Testu Zaharrak argitaletxeko liburuak jasotzen dituenak lehen begi kolpean diseinuari erreparatzen dio. Monasteriok bere kasa egiten duenez argitalpena, astiro-astiro egiten du lan. Eta kostatzen omen zaio erabakitzea zer eta nola argitaratu. Iraganean ere «perla asko» dagoela esaten du, baina hasieratik asmoa garbi omen zegoen «lehengo testuak» egitea baina «oraingo jantziz». Zentzu horretan, Monasteriok Laura Freijo, haren diseinatzaile grafikoa laudatzen du, zeinari itzultzaile grafikoa deritzon, «diozuna badakielako irudietara aldatzen».

Euskaraz, lan oro zailagoa omen da, baina ahaleginarekin, egin daiteke. Artisauaren, ikuspegia gailenduz eta ikuspegi industriala alboratuz dio: «Nik eskulangileak maite ditut, iruditzen zaidalako sailean egin beharrean, banan-banan egiten dituztela gauzak eta haietako bakoitzean beren jakitura isuriz, borondate, asmamen eta bihotz guztia jarriz. Nik liburuen mundu honetan eskulangile izan nahi nuke».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Liburuen mundu honetan eskulangile izan nahi nuke»