Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aiora Sampedro
Viernes, 21 de julio 2023
Liberoamerika: Editoreen esanetan, editorial gisa baino, aldizkari digital gisa hasi zen proiektua, 2017an. Bartzelonan, Latinoamerika eta Iberiar penintsulako idazle gazteen lanak sustatzeko egitekoarekin hasi eta gerora, euskal eremura ere zabaldu zen. Hartara, herrialde, kultura eta hizkuntza arteko zubi-lana egiteko sortu zen. Bai euskaraz, bai gaztelaniaz, nahiz galizieraz, katalanez eta portugesez, egileen arteko saretzea da plataforma honen ekarpen nagusia. Proiektuari amaiera eman diotenetik goibel daude, ez baitute ikusten Euskal Herrian halako beste ekimenik martxan.
Proiektu honetan, bereziki, hiru lagun ibili dira: Iosune de Goñi, besteak beste, 'Gorputz baten aztarnak elurretan' poema-bildumaren egilea, Ane Zubeldia, 'Mejillón Tigre' kolektiboarekin plazaratu duen 'Hitz esana' emankizunaren autoreetako bat eta Leire Alonso hainbat kazeta-kolaborazioren egilea. Gu Iosune de Goñirekin eta Ane Zubeldiarekin izan gara.
–Ekarpen horren barnean, denborak erakutsiko du ibilbide luzeko idazleak kaleratzea izan litekeen Liberoamerikaren egitekoa; izan ere, dagoeneko aukera izan baitu oinarria zuten idazleak eta etorkizunean hazia emango dutenak kaleratzeko. Zein zen oinarrizko ideia, zein zen bete nahi zen hutsunea, euskal idazle gazteen bilduma argitaratzean?
–IG: Hasieratik argi genuen idazle gazte eta berrien lanak argitaratu eta zabaldu nahi genituela. Gure helburua izan da, bai Euskal Herrian eta baita gainontzeko herrialdeetan ere, ezezagunak diren idazleei irakurriak izateko aukera ematea, literatur lehiaketa eta argitaletxeen arteko bidean haien lana zabaltzeko alternatiba bat eskainiz. Izan ere, orain dela gutxi arte, Euskal Herriko argitaletxeetan ez genituen autore gazteen lan asko aurkitzen (hori aldatzen ari dela iruditzen zait), eta liburu oso bat idatzi aurretik gazte horiek sortzen dituzten testuek ere espazio bat merezi dutela uste dugu. 'Izotzetan islatuak' argitaratu genuenean, ematen zuena baino euskal idazle gazte gehiago zeudela erakutsi nahi genuen, haien lanak kalitatezkoak zirela eta ez, askotan uste den bezala, azaleko testu hutsak. Horrez gain, elkar ezagutzeko, irakurtzeko eta sortzeko aukera eman nahi genien.
–Instagramen, esaterako, Liberoamerikaren euskarazko profilak 900 jarraitzaile inguru ditu, eta gaztelaniaz, 1700 inguru. Bikoitza, baina balizko jarraitzaile posibleak kontuan hartuz gero, oihartzuna askoz txikiagoa da gaztelaniaz. Argitaletxearen euskal sailaren arrakasta digitala ikusirik, lanak argitaratuz beste moduren batez lanean jarraitzeko aukerarik ikusten duzue, hein batean euskal eremuan?
–IG: Hasteko, aipatzen duzun profila Argentinako argitalpen-taldearena da. Hortaz, problematikoa iruditzen zait bi kontu horien jarraitzaileak konparatzea, herrialde ezberdinetan garatutako egitasmoak direlako eta sareak modu ezberdinean erabili ditugulako. Hala ere, Argentinan hemen baino askoz liburu gehiago argitaratu dira eta ekitaldi presentzial gehiago egin dituzte, arrakasta handiarekin. Sare sozialetan ditugun jarraitzaileek ez dute proiektu batek daukan benetako oihartzuna islatzen.
Gauzak horrela, 900 jarraitzaile horiekin ere, argitaratu dugun bigarren liburua saltzea eta jendea ekitaldietara gerturatzea kostatu zaigu. Egia da oso lanpetuta egon garela eta ez diogula proiektuari beharrezkoa den arreta guztia eskaini, batez ere Leire Alonsok proiektua utzi zuenetik. Liberoamerikan egin dugun lana beste lan batzuekin uztartu behar izan dugu, batzuetan ikasketekin ere bai, eta gaur egungo bizimodu azeleratuak ez digu gustura eta lasaitasunez lan egiteko aukerarik eman. Azken ekitaldia egin genuenean, Anek eta biok komentatu genuen ez zaigula iruditzen Euskal Herrian Liberoamerika ordezkatuko duen alternatibaren bat dagoenik, euskal idazle gazteen lanak sustatu eta haien artean erlazioak sortzea helburu duten ekimenak eta, egia esan, horrek pena handia ematen digu. Baina erabakia hartuta dago.
–Asebete zaituzte egileen arteko saretze horrek? Izan ere, badira, adibidez, jatorrizko hizkuntza gisa euskaraz zein gaztelaniaz argitaratu duten idazleak beren bildumetan.
–AZ: Asebete gaitu eta aldi berean, Iosunek esan bezala, ezin izan diogu nahi beste denbora eskaini proiektuari, eta, beraz, halako proiektu batek izan dezakeen potentziala ikusteko gai gara, baina, prekarietatea tarteko, ezin izan dugu potentzial hori gauzatu. Guk badakigu gazte askok idazten dutela, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta askotan topalekuak falta zaizkiela gazte horiei. Ezagutzen ez genituen pertsonak ezagutu ditugu, eta hori polita izan da, baina, esan bezala, eskas geratu garelako sentsazioa daukat nik.
–Editoreoi dagokienez, dagoeneko zabala den zeuen ibilbideari jarraituz, saretzearekin jarraitzeko helbururik baduzue?
–AZ: Literatura edo edonolako sorkuntza interesatzen zaion jendea sareak eraikitzen arituko da beti. Leku edo pertsona edo egoera batek beste batera zaramatza eta abar. Liberoamerika bezalako plataforma batek saretze hori egituratzeko aukerak eskaintzen dizkizu, baina egitura horri eutsi egin behar zaio. Ez dut Iosune eta Leireren izenean hitz egin nahi, baina uste dut saretzen jarraituko dugula hirurok; hori bai, maila pertsonalean izango da.
Publicidad
Abel Verano, Lidia Carvajal y Lidia Carvajal
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Óscar Beltrán de Otálora y Gonzalo de las Heras
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.