Borrar
Anjel Lertxundi, astelehen honetako aurkezpenaren aurretik. Jose Mari López
Liburu bazterretako oharrak hartuta ondu du Lertxundik 'Berbelitzen hiztegia'
Anjel Lertxundi | 'Berbelitzen hiztegia'

Liburu bazterretako oharrak hartuta ondu du Lertxundik 'Berbelitzen hiztegia'

Irakurle bezala egindako lana eta Senez aldizkarirako sortutako pertsonaia berreskuratu ditu saiakera fikzionatuan

Jon Agirre

Lunes, 16 de septiembre 2024, 19:03

Aspalditik du Anjel Lertxundi idazleak irakurri ahala oharrak hartzearen ohitura «liburuetan beraietan, margenetan» eta denbora luzea zeraman bueltaka, ez atzera ez aurrera, aipu horiekin zer egin. 'Desertuan behatxuloa' idazten amaitu zuenean tarte bat hartu zuela azaldu du eta orduan aurkitu zuela inspirazioa, hiztegi formatua ematea. «Aipuak errekuperatzen eta forma ematen hasi nintzen poliki-poliki». Emaitza, 'Berbelitzen hiztegia' (Alberdania) astelehen honetan aurkeztu du. «Liburua zikintzen dibertitzen naiz», bota du umorez agerraldian.

Fikzioaren eta saiakeraren arteko «testu hibrido» honetan Lertxundik bazterretan egindako ohartxoez gain Berbelitz itzultzailearen bitxikeriak berreskuratu ditu, Senez aldizkariaren 20. urteurrena ospatzeko egindako ale berezian aurkeztu zuen pertsonaia, EIZIEk itzulpenarekin zerikusirik izan zezakeen zerbait idaztea eskatu ostean. «Aire librean egin nezakeen lan, inolako baldintzarik gabe eta hor jaio zen Berbelitz, 'berba', 'ele' eta 'hitz' izenekin osatua. Ez dakit nire alter egoa den ala ni naizen haren alter egoa», gehitu du idazle oriotarrak. Ordutik, itzultzailea beste hizkuntzetako obrak euskarara itzultzen, beste munduak, beste begiradak, beste kulturetako sentiberatasunak euskarara ekartzen aritu da, baita paper bazterretan oharrak hartzen, hauekin karpetak eta karpetak osatzen, kamioi bat bete arte. «Etxera etorri zitzaidan zernahi egin nezan, interesgarriena jaso eta moldatu dut», azaldu du Lertxundik.

Paperak txukuntzeari ekinda «itzultzaile horren oinarrizko hiztegia» osatzea izan du lana idazle oriotarrak. Bidean laguntzaile izan du Idoia Santamaría editorea, lehen unetik zer egin behar zuen oso argi ez bazuen ere proposamena «zalantzarik gabe» onartu zuena. «Anjelen liburuak ezagutzen nituen, zer idazten zuen, aspaldian hausnarketa ugari eginak ditu itzulpengintzaren inguruan», hainbeste non hainbatetan aipatu duen «euskal idazleen artean itzultzaileena» dela. Formatua bera, hiztegi bat, «berezia» izanda, lan egiteko sistema bide berekoa izan da. «Kapitulu bakoitza letra bat da eta amaitu ahala bidaltzen zidan Anjelek iruzkinik egiteko neukan ikusteko». Biek patxadaz jardun dutela nabarmendu dute, «liburu kontrabando» modukoan, eta amaieran Lertxundik sega pasa behar izan dio. Bukaeran bibliografia gehitu dute.

400 perlatxotik gora

Produkzio oparoko idazlea, ez da bazterretan idatzitako oharretatik sortutako lehen liburua, Lertxundik berak aurkezpenean esan bezala. Hala ondu zuen ere 'Letrak kalekantoitik' (1996), «bilduak nituen maiteenak» jasoz, eta irakurleak 'Berbelitzen hiztegia' lanean ere «besteen testuetan, hiztegietan, garai bateko euskarazko testuetan edo herriko tabernetan, kalean, eguneroko jardunean bilatzen ditudan perlatxoak» aurkituko ditu. «Horiek apuntatzea gustatzen zait». 1996ko testuan hitz bakoitzak bere glosa zuen, espresio bakoitza definituz edo deskribatuz, «soilik beharrezkoa zen narratibitatearekin», eta ordutik bildutako apunte eta aipuekin egin du oraingoa. Guztira 400dik gora eta ezaugarri nagusia aniztasuna da, bai gaitegi aldetik zein, tonu, forma edo musikalitate aldetik. Hala ere, aurkezpenean nabarmendu duten bezala «ardatza» itzultzailearen lana da, «euskaraz egin, euskaratik eta euskarara».

'Berbelitzen hiztegia'

  • Egilea: Anjel Lertxundi.

  • Argitaletxea: Alberdania.

  • Generoa: Prosa.

  • Orrialdeak: 406.

  • Prezioa: 23 euro.

Landutakoen artean itzulpengintzari buruzko kezka azaltzen da berriro, 'Itzuliz usu begiak' lanean egindakoaren «antzera, baina ezberdin», Galarragak esan bezala, nahiz eta edukiak soilik horretara mugatzea «liburuaren ahala asko mugatzea» litzatekeela ohartarazi duen. «Euskal autoreez, hizkuntzaz, euskaraz, lengoaiaren ahal eta ezinez, mugez, plazerez eta dena prosa ezin gozagarriaz», azaldu du.

Formatu aldetik hiztegi itxura eman dio idazle oriotarrak. «Hiztegia almohadak bezainbeste kontsultatzen ditugunok asko eskertzen diogu Anjeli formatu hau aukeratu izana». Hori bai, irakurlearen azalean jarrita azaldu du «hasi eta buka» irakur daitekeela, baina era berean «behin eta berriro kontsultatzeko» liburua dela.

Aritz Galarraga Alberdania argitaletxeko kideak esan bezala, azken argitalpen honekin Lertxundik «zorionerako beste motibo berri bat eskaini» du. «Genero askotan maisu izan den arren, nobela, narraziogintza eta orokorrean fikzioan, saiakera literario deitzen zaion horretan hartu duelako laket». Gogora ekarri duen bezala 'Eskarmentuaren paperak' (2009) lanarekin abiatu zuen alor hau, «ziurrenik goia joz» -Saiakera Sari Nazionala eskuratu zuen-, osteko lanekin 'Itzuliz usu begiak' (2019) eta 'Desertuan behatxuloa' (2022) «ez zuen maila jaitsi» eta, orain, «genero nahasketa hori maisuki» landuz ibilbide literario oparoan «beste mugarri bat» jarri duela aurreratu du Galarragak.

Horretaz gain, argitaletxearen izenean eskerrak eman dizkio Lertxundiri «urterik zailenetan ere gure aldeko apustua» egin izanagatik. «Alberdaniako etxeko autore ikurra da».

Jorge Giménez Bech editore eta itzultzailea, «oso presente»

Anjel Lertxundiren ibilbide literarioaren urte luzez alboan izan zuen Jorge Giménez Bech editore eta itzultzailea oso presente izan da agerraldian. Idazleak berak esan bezala 'Berbelitzen hiztegia' «harekin diskutitua» izan zen, hari eskainia dago eta liburuan zehar hainbat aipamenetan azaltzen da. «Ez dakit esan zizkidan guztiak obeditu dizkiodan, baina saiatu naiz». Amaiera aldera ezagutu zuen Idoia Santamaríak eta euskal irakurlearentzat «hain ezaguna den Anjelen euskarazko ahotsa gaztelaniaz zein ederki entzuten zen» goraipatu zuen. Azkenik, hainbeste poz artean Aritz Galarragak «pena bakarra» nabarmendu zuen, Lertxundiren «liburuak gaztelaniara nork itzuliko» dituen. «Dagoen tokian dagoela ziur ariko dela pentsatzen esaldiak, paragrafoak, kapituluak nola itzuli pentsatzen».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Liburu bazterretako oharrak hartuta ondu du Lertxundik 'Berbelitzen hiztegia'