

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aspaldi urratutakoaren ondorioak ari dira azaleratzen egunotan. Askok ez zuten sinetsi nahi haustura bururaino eramango zenik, baina Kataluniako Parlamentuak asteon onartu ditu Erreferendum Legea, urriaren bateko galdeketara deitzekoa, eta Trantsizio Juridikorako Legea, baiezkoa gailentzekotan estatu independente berriaren lehen urratsak arautzen dituena. Giroa zeharo zalapartatsua izan da ganberan, eta bi horien aurkakoek gogor gaitzetsi dute gehiengoaren jokamoldea, talde parlamentario kritikoen oinarrizko eskubideak errespetatu ez direlakoan. Catalunya Sí que es Pot iritzi hori dutenekin lerratu izanak erabaki eskubidearen aldekoen zatiketa eragin du, eta baita koalizio horren barrukoa ere. Horrek islatzen du zenbaterainokoa den gatazka uneon, eta zein zaila zaien erdibidean-edo kokatu nahi dutenei euren ahotsa entzunaraztea.
Katalunian onartutakoei Espainiako Gobernuak helegitea jarri die ziztu bizian, eta Auzitegi Konstituzionalak ezohikoa zaion abiadurarekin baliogabetu ditu behin behinekoan. Pedro Sánchez eta Albert Riveraren babesarekin, Mariano Rajoy erreferenduma egingo ez dela azpimarratzera agertu da hedabideen aurrean, orain arte bezala inolako proposamen politikorik egin gabe. Egoera honetan, Goardia Zibila bidali du botopaperak bilatzera, nola edo hala galdeketa eragozteko asmoz. Egoerak gatazka zuzenera bideratutakoa ematen du ezinbestean, alde bien arteko elkarrizketa aspalditxo eten eta gero.
Elkarri lepoa emanda, batzuk eta besteak datozen hiru asteetako mugimenduak neurtzen eta prestatzen ari dira. Diadak ehunka mila lagun aterako ditu kaleetara, bozkatu guran. Eta argazki horrek ezinbestean kalte politikoa egingo die erabaki eskubidea ukatzen dutenei, areago honelako prozesuen bideragarritasunaren zati handi bat mediatikoki erabakitzen den garai honetan.
Ezezkoaren blokean bada zirrikiturik, gainera. Sí que es Pot erabaki eskubidearen aldekoa da nahiz eta galdeketa egungo baldintzetan ontzat jo ez eta PSCn hitzartutako erreferenduma lehenetsi dute behin eta berriz, sarri askotan euren jarrera nahasi samarra izan den arren. Hala, C’s eta PP dira ezezko borobilari eusten diotenak. Beraz, laukote hori ez da homogeneoa inondik inora, nahiz eta aurreko egunetako momenturen batean itxura hori eman duen. Areago, Ada Colau eta Podem-ekoen erabakiek honako prozesu politikoa erabat baldintza dezakete, euren indarren barne batasunari eusteko gai izatekotan. Horregatik, indar subiranisten aldetik lehen mailako hanka-sartzea litzateke horiek aintzat hartu ez eta elkarren arteko gutxieneko lankidetza eragoztea. Ezbairik gabe, Bartzelonan jazotzen dena sekulako indar eragilea izango da galdeketari begira eta, oraingoz, bertako udaleko buruek espainiar legedia betetzeko asmo antzekoa agertu dute.
Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jartzea baztertuta, Mariano Rajoyk botere judiziala baliatu du Kataluniako prozesua ezinezko egiten saiatzeko. Isunak, inhabilitazioak eta kartzela zigorren arriskua nahikoa izango direla iritzita jokatu du gertakari politiko bati erantzuteko. Eta Estatu kolpeaz gordin aritu dira behin eta berriz bere Gobernuko eta alderdiko hainbat ordezkari, 1936ko benetakoaren aurrean epel jokatzen dutenetako bat baino gehiago tartean. Jazotzen ari dena, baina, oso bestelakoa da, ondo ezagutzen den abiapuntua duena. Estatut berria hondoratzeko PPk egin zituen ahaleginak eta horren aurkako neurribako histerismoa ez dira oharkabean joateko modukoak egungo testuinguruan, halako haustura bat eragin eta Kataluniako gizartearen zati handi bat autonomismotik haratagokora bultzatu zutelako. Orduko zauri sakona sendatzen saiatzeko, gainera, Espainiako Gobernuak ezer gutxi egin du geroztik eta auzi honi dagokionez bere geldotasuna erabatekoa izan da.
Eredu autonomikoaren erreforma proposatzen dutenak berandu dabiltza, alde horretatik. Urriaren leheneko galdeketa eragotzita ere, lehen mailako sakoneko arazo politikoak hor iraungo du. Katalunian asko dira dagoeneko Espainiarekin hainbat mailatan hautsi dutenak, baita afektiboan ere, eta horren aurrean begiak itxi eta Estatuaren hautsezintasuna etengabe aldarrikatzeak ez du deus konpontzen. Horrelako zerbaiti parametro demokratikoetatik aurre egiteak oso bestelako irtenbideak eskatzen ditu, proposamen zehatzen bidezko elkarrizketarena batik bat. Sortu den gatazka politikoa erraldoia da, atzeraezinezkoa beharbada, baina alde biei berba egitea dagokie dena gehiago larritu aurretik, mehatxuen dinamika beste maila batera eraman baino lehen. Eta, nahitaez, erabaki eskubidearen alde Katalunian dagoen gehiengo zabala kontuan hartu beharko da aurrera begirakoetan. Horren inguruan badagoelako bertan adostasun maila nahikoa, zeharkakoa, anitza. Akordioren bat nahi duen edonork hortik jo beharko du ezinbestean, hori aintzat hartu eta aitortzaren ildoan sakonduta. Baina ikusteke dago Estatu autonomikoa oinarritik eraldatzeko eta nazioaniztasuna onartzeko inon benetako borondaterik dagoen, eta egitekotan garaiz izango ote den.
Edonork daki galdeketa egiteko baldintzak ez direla batere egokiak izango, eta berme demokratiko nahiko eza salatuko dutela aldi berean berori eragotzi nahian dabiltzanek. Baina trikimailuez harago, prozesuaren bultzatzaileek oso kontuan hartu beharko lituzkete hainbaten iritzi kritikoak, hirugarren bide baten bila dabiltzanenak bereziki. Urriaren lehena heldu eta joango delako; eta egun horretakoa guztiz argigarria ez bada, sortu gura den Errepublika berriaren aldarrikapenak indar nahikorik izango ez duelako, ez delako errealitatean egingarria izango. Eta ez bakarrik kanpoko faktoreen eraginez. Ataka honetan elkarrizketa eta konpromiso historikoa eskatzeak epela izatea eman lezake, baina jarrera arduratsua besterik ez da. Ahalik eta modurik inklusiboenean bertako gizarteak adierazitako borondatearen arabera Kataluniari dagokiona aitortzea ezinbestekoa izango da, eta Espainiako Gobernuak ausart jokatu beharko du horri begira. Errealitate printzipiotik baino ezingo baita egungoa gainditu. Orain, lekutan dago aukera hori baina, goizago ala beranduago, alde guztiek onartu beharko dute.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Rescatados ilesos dos montañeros tras pasar la noche a la intemperie en Gredos
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.