

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aho bateko akordioak zailak dira Euskadiren etorkizun politikoa zehazterakoan, baita erdibideetara jotzen saiatuta ere. Aldeak itzelak direlako: nazio izaeraren eta horren isla juridikoaren inguruan, lurraldetasunari dagokionez edo-ta Estatuarekiko harremana ulertzeko moduetan, besteak beste. Baita Gernikako Estatutua onartu zenetik egindakoari buruzkoan ere. Orduko hartan ezker abertzalea geratu zen kanpoan, eta eskuin espainolistena. Bigarrenak ez oso grinatsu baina azkenean bat egin zuen bizikidetzarako esparru horrekin. Lehenak, aldiz, maila guztietan borrokatu du ia hiru hamarkada luzeotan, zeharo gutxietsita, Euskal Herriaren azkenaldiko zorigaitzen iturburutzat joz. ETAren jarduna ere aro autonomikoan izan da inoizko gordinena. Baina ezin izan dute horrek emandakoa txikitu, inposatutakoa barik herritarrek espreski onartutakoa zelako. Erakundetze prozesua borondate demokratikotik jaio zen, eta hori izan du terrorismoari eta beste edozein erasori aurre egiteko indargune.
Gernikako Estatutuak emandakoaren balantzea oso ona da. Horren gainean eraikitakoa ez delako makala, herri honi inoizko autogobernu mailarik handiena eskaini diolako —Europan ere parekorik ez duena—. Euskal nortasuna diktadurapean hain bortitz zapaldu izanak premiazko egoeran utzi zuen Franco hil eta gero, eta 1979ko ituna testuinguru horretan ulertu behar da, galdutako guztia berregiteko asmotik abiatuta. Alde horretatik, egungo esparrua oso baliagarria izan da, Kontzertu Ekonomikoaren bidez norberarena kudeatu ahal izateko, hezkuntza sistema propioa eta euskararen sustapena lantzeko edo ongizate sare sendoa osatzeko.
Badira hutsuneak guzti horretan, nolanahikoak izan ez eta 2018an oraindik betetzeko daudenak. Kartzelen transferentzia eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa dira garrantzitsuenak. Horien inguruan Estatutuak dioena betetzeko eskatu zaie behin eta berriz PPri zein PSOEri Espainiako Gobernuan egon direnean, baina alperrik. Pedro Sánchez presidente berriari errepikatu zaizkio eskaerok egunotan. Hala, Josu Erkoreka sailburuak «zikoizkeria eta saleroskeria» bazter uzteko galdegin dio horren exekutiboari, bi gai horien ingurukoa EAJ-PSE ituneko konpromisoetakoa dela gogorarazita. Izan ere, nekez hitz egin dezakete sozialistek eta popularrek lurralde egiturari buruzko akordioak lortzeko omen duten borondateaz edo legeak bete beharraz Gernikako Estatutuaren gisako lege organiko bat bere zatietako batzuetan zintzilik badago.
Hori da, gainera, egungo mesfidantzaren iturburuetakoa. Orain artekoa bere osotasunean aintzat hartu ez bada batek dakielako zein berme dagoen aurrera begira hitzartzen direnetarako. Nazio izaerako erkidegoek leku berezia behar dute Estatuaren lurralde egituran, euren berezitasunei hala dagokielako. Ez da pribilegio kontua, zenbaitek behin eta berriz errepikatzen duten bezala, baizik eta errealitate nazioaniztun ukaezina behar bezala egokitzearekin zerikusia duena. Ez dago erkidego guztiak jantzi berean sartzerik, eta horretan saiatzen dena alperrik dabil. Pedro Sánchez-ek badu aukera on bat hori ulertzen duela frogatu eta horren arabera jokatzeko, urteetako tirabiren ordez lankidetza ahalbidetzeko. Baina horrek edukiak behar ditu, ez adierazpenak.
Iraganaren itzala luzea da, estatus politikoa berritzeko egungo saiakera harrapatzerainokoa. Bete gabekoz gainezka dagoelako. Baita autogobernua bera ulertzeko molde ezberdinez ere. Nazioa irudikatzerakoan EAJren eta EH Bilduren arteko oinarrizko adostasuna guztiz ulertzekoa da, eta berauen arteko lankidetza oso oparoa izan daiteke katalizatzaile gisa ekiteko. Prozesua bi horiek bultzatzen ez badute beste inork egingo ez duelako. Gai arrunten kudeaketaz gaindi, Gernikako Estatutuaren atzetik etorri behar den horrek beste hainbat jaso behar dituelako, maila sinbolikokoak esaterako, euskal herritarren gehiengoak hain errotuta duen nortasun nazional horri eraginkor erantzutekoak, norbere buruaren ahalik eta jabeen izate hori XXI. mendearen hasierako errealitatera eguneratzekoak. Eraikuntza nazionala dinamikoa delako, garaian garaira egokitu beharrekoa; eta, aldi berean, inklusiboa den neurrian baino ez delako posible izango.
Horregatik, hain justu, gainerako eragileei luzatu behar zaie eskua, etengabe. Ez inoren betorik onartzeko, ez gutxiengotik besteei ezer inposatzeko nahia ahalbidetzeko. Baina bai bizikidetzarako eremu ahalik eta partekatuena lantzeko, zeharkako babes soziala irabazteko. Horretarako, jakina, besteek ere argi izan behar dute zer nahi duten. Izan badirelako nora jo ez dakitela ematen dutenak, edo ildo jakin baten alde apustu egiteak sor diezazkien barne-hausturen beldur direnak. Badira egungoan geratuko liratekeenak, baita bete gabekoak bete gabe ere, eta zenbait eskumen hemendik kanpo nahi lituzketenak. Horiek guztiek osatzen dute euskal gizartea, baina bakoitzak bere indarrarekin, eta horren araberako eragiteko gaitasunarekin.
Ez da berandu, ezin du izan, anbizioz jokatu eta 1979ko adostasun maila ahal beste zabaltzeko. Espainiako politikagintzan azkenaldion jazotako aldaketek onerako behar lukete, Estatuaren lurralde egiturari lotutako etorkizuneko desafioari neurria hartu eta elkarrizketaren bidetik piezak berregokitzeko. Euskadin, berriz, EAJ-PSE koalizioari horren aldeko eragile izatea dagokio, ibilbide eta jomuga ezberdineko bi alderdik hain harreman politiko estua izateak horretan lagundu beharko lukeelako, hori izan beharko litzatekeelako bere eginkizunetako bat. Horretarako, jakina, ezinbestekoa da jokalekua norainokoa den argitzea eta, aldi berean, euskal gizartean egon badauden funtsezko gurari kolektiboak aintzat hartzea.
Aktualitate politikoa hain da abiada bizikoa hainbat gai mamitsu bigarren maila batean uzten dituela. Estatus politikoa berritzeari dagokiona oinarrizkoa da, eta hasierako dinamikek gerokoa ezinbestean baldintzatuko dute. Arduratsu jokatu behar dute alde guztiek, baina prozesua aurrera jotzeko dela argi izanda, ez gaudenean geratzeko ez atzera egiteko. Autogobernuan sakontzea ez da honen edo bestearen bat bateko burutazioa, ez apeta, oso errotutako asmo zabala baizik. Hori da abiapuntua: bizikidetza hezurmamitzen jarraitzeko onarpen zabaleneko tresna juridiko-politikoak behar dira. Asmo horri erantzun behar diote alderdi guztiek.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Pastillas, cadáveres en habitaciones distintas... la extraña muerte de Gene Hackman y su mujer
Oskar Belategui | Mercedes Gallego
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.