
Etxean sartuta hilabete bi ondo konplituak daramazkigula itxi aldi garaian, heldu zait postaz lehen liburua etxera. Eta egun berean, kontuak batera egin izan balituzte moduan, bideo bidez egingo den liburu baten aurkezpenaren berria etorri zen postontzi elektronikora.
Publicidad
Horra hor liburuen munduan asteak eman dizkidan bizitza zaharberrituaren lehen taupadak. Liburu bat postaz, liburu aurkezpena bideoz.
Martxoaren 12 ilun hartatik -egun horretan etxeratu bainintzen zer etorriko zitzaigun ikusi nuenean-, lehen liburua bidali didate etxera. Maiatzaren 20an heldu zen paketetxoa postontzira. Poza hartu nuen. Aspaldi utzi nuen etxeko helbide zaharra zeraman, eta horrela igarri nion norena izan zitekeen bidalketa. Aragoiko adiskide idazle baten liburua da esker onez jaso dudana. José Verón Gormaz da egilearen izena. Liburu bat kalera ateratzen duen aldiro gogoa nigan jartzen duen idazlea. Calatayud herrian jaio zen, 1946an, eta jada edadetua da. Aragoiko Letren Saria eman zioten, 2013an. Eta bide luzea egin du poesiaren alorrean. Hogei poema liburu argitaratu ditu bere ibilbide luzean, eta argazkiz betetako beste bost liburu, ezaguna baita irudiaren munduan.
Ez dut uste entzute handia duenik bere Aragoitik kanpo, baina zintzoki jokatu du bere literaturarekin. Urte birik behin inprentara hurbildu eta bere poemak ematen ditu argitara. Zaletasunaren eta profesioaren artean lan egin duen poeta minorra dela esan dezakegu. Esku artera heldu zaidana 'Cantares y presagios' deitu du, eta zorigaiztoko martxoan plazaratu zuen. Orain urte bi (zerrenda batean egoteak dakarren abantaila!) bidali zidanak 'Satirologio. Epigramas del siglo XXI' deitu zuen. Izenburuek adierazten dute zein den bere jokabidea: poesia genero ezagun bat gaitzat hartu eta hartaz lan egin. 'Cantares' honek herri lirikatik edan du, Machado du iturri nagusi eta Aragoiko herri kopla neurri berean, jotazalea baita egilea. Eta umorea du bere estiloaren joera nagusia. Ironiarik gabe ezin dela bizi pentsatzen duen horietariko da Verón Gormaz.
Bestelakoa da Erein argitaletxeak bere YouTube kanalaren bidez 'streaming'ean aurkeztu duen Noelia Lorenzo Pinoren (Irun, 1978) 'La estrella de quince puntas' nobela poliziakoa. Izenburuan ageri den 'izar' hori itsasoko izar mota bat da, handia eta oso bortitza. Alaska eta San Diego, Kalifornia, bitartean bizi dena. Hogei eta bost adar izan ditzake, eta Getxoko familia aberats baten etxean ageri da fikzioan. Espazio geografikoari begiratuz gero, berriz, ez du soilik Euskal Herria kontuan hartu, baizik eta mundu zabaleko tokiak erabili ditu egileak kontakizunean.
Noelia Lorenzo Pinok nobela beltzaren zenbait ezaugarri darabiltza bere liburuan. Bildumak sortu ditu, horrela irakurlea behin harrapatuz gero jarrai dezan egilearen liburuak irakurtzen. Detektibeak bi dira, gizonezkoa eta emakumezkoa. Hurbiltasunaren kariaz, ertzainak. Mundu osoari begira, baina, eta aurkezpenean esan den moduan, droga mundua ere presente delarik. Tramaren gainetik pertsonaien barne munduak eman dio beste euskarri bat nobelari.
Publicidad
'Corazones negros' (2018) aurreko lanarekin urte horretan argitaraturiko eta emakume batek idatzitako nobela beltz onenari ematen zaion Garrafeko 'Cubelles Noir' saria irabazi zuen. Beste aipamen asko jaso ditu halaber beste sari askotan.
Taupada bietan literatura ulertzeko modu bi daude. Batek posta arrunta darabil, agian atzera begiratzen duen mundu baten joera, herri kantak, poesia, adiskideei begira, lana isiltasunez eginez. Besteak mundu osoa du begien aurrean. Kontsumo literatura egin du, teknologia berriak darabiltza bere lanaren oihartzuna lortzeko. Batak poesia, besteak nobela beltza. Batak postaz bidali ditu bere liburuen aleak, besteak liburuaren berria Internetez eman du. Merkatura begiratu gabe, merkatua ulertuz, literatura egiteko moduen metafora bi lehen taupada hauetan. Bana bide gurutzetan beti literatura kontsolamendu!
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.