Kafkaren 'Legearen aurrean' ipuin laburrean, legearen bila dabilen baserritar batek legearen atetik sartu nahi du; hala ere, legearen zaindariak esaten dio oraindik ezin dela sartu. Baserritarrak galdetzen du ea inoiz ahalko den, eta zaindariak diotso litekeena dela, «baina ez orain». Ate eta zaintzaile gehiago omen daude haren ondotik, nor baino nor ikaragarriagoak, eta, hortaz, saiatu nahi badu, aukera duela, baina alferrik ahaleginduko dela. Baserritarra ez da saiatzen, eta urte luzez geratzen da zain, hil arte hain zuzen ere. Hil aurretik, zaindariari galdetzen dio zergatik, denak legearen bila aritu arren, inor ez den atera hurbildu urte horietan guztietan. Zaindariak erantzuten dio: «Ez zian inork hemendik sartzerik, sarrera hau hiretzat besterik ez baitzen. Orain hura ixtera noak».
Publicidad
Legearekiko harremanak, Kafkak iradokitzen duen bezala, aldi berean barneratzen eta baztertzen gaitu. Baztertu egiten gaitu, ezin izan garelako inoiz sartu; eta hainbeste barne hartzen gaitu, guretzat bakarrik zegoela. Baserritarra atean dago, urteak pasatzen ikusten, eta, nolabait, mekanismo ulertezin horren biktima bihurtzen da. Ez dago mehatxurik zaindariaren aldetik, ez dio sartzea eragozten, baina zaintzaile ikaragarriagoak daudela ohartarazten dio. Subjektua bakarrik geratzen da: ez dago erantzun komunitariorik, gizabanakoen banantzea sustatzea bakarrik, haiek errenditzeko, agortzeko eta desagertzen uzteko asmoz. Legea, denboraz kanpokoa eta errukigabea dirudien arren, giza produktu historikoa da, eta bizirik dauden pertsonei ezartzen zaie.
Kafkak sakonago landu zuen auzia 'Prozesua'n, erruduntasunaren gaian zentratuz oraingo honetan. Nor da errudun, nor errugabe? Zeren arabera? Eguneroko bizitzara etorriz, oso argi dugu zer den legea, baita bete beharrekoa dela ere, baina garbi dago legea argi-ilunez zipriztindua dagoela. Galdezka hasiz gero, erantzun orotarikoak topatuko ditugu, zer den legea eta zer ez, zer den legea betetzea eta noiz bete behar den, eta noiz ez horrenbeste… Zergatik izaten dituzte antzeko kasuek epai kontrajarriak edo are ulertezinak? '12 Angry men' filmean esaten zutenez, edonon dagoen aurreiritziak egia lainotzen du beti. Balzacen arabera, legeak armiarma-oihalak bezalakoak dira, euli handiak libre pasatzen dira haietatik eta txikiak korapilatuta geratzen dira. Kanten ustez, bakoitzaren askatasunari guztion askatasunera egokitzea ahalbidetzen dioten baldintzen multzoa da zuzenbidea. Teoria guztiak bezala, ederra da, baina zuzenbidea praktikara eramatean hasten dira arazoak. Hain zuzen ere, ikasle garaian Zuzenbidearen Historian ikasitako esamolde deigarri bat datorkit burura: «Obedézcase, pero no se cumpla». XIV. mendean sortu omen zuten Burgos eta Briviescako Gorteek. Espainiako Indietan aplikatzen zen, eta erregeak aldarrikatutako arauren bat ondoriorik gabe uzteko erabiltzen zen, arau hori nonbaiteko justiziaren edo ohitura onen aurkakotzat jotzen zenean. Legeak betetzeko daude, baina, historian zehar, ez dira gutxi izan lege horiek saihesteko zirrikituak eta trikimailuak. Paradisu fiskalak dira horren adibide bat, gaur-gaurkoa. Edo futbolari ezagunak auzitara eraman dituzten irudien eskubideena. Legearekin topo edo estropezu eginez gero, abokatu iaio bat da eskura izan dezakezun gauzarik onena. Legeak denontzat baitira berdin, baina, zoritxarrez, Orwellen eleberri ezagun hartan esaten zen bezala gertatzen da maizago, «Animalia guztiak berdinak dira, baina animalia batzuk besteak baino berdinagoak dira». Badira, bestalde, gerribuelta ezin zurrunagoa duten legearen interpreteak, eta gerribuelta arinegia dutenak ere. Oraingoz, behintzat, gizakiok interpretatzen ditugu legeak, ez algoritmoek. Baina iritsiko da hori ere.
Honaino helduta, ez da baztertu behar Kafkaren ipuineko baserritarra eta zaintzailea pertsona bera izatea, Jekyll eta Hyden antzera, betiereko elkarrizketan kontzientziaren eta zuzentasunaren inguruan. Nolanahi ere, susma daiteke atearen atzean benetan zer dagoen jakin gabe geratu garela.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.