Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Antzerkia, euskal errealitatea esploratu eta erakusteko balioko duten euskarazko obrak sustatzeko eragile dinamizatzaile gisa. Premisa horrekin, otsaileko ostegunetan ospatuko den Lautan Hiru antzerki jaialdiaren zazpigarren edizioak Bilboko Alde Zaharrean giro euskalduna sustatu eta, bide batez, euskal antzerkigileei euren lanak erakusteko plaza berriak eskainiko dizkie.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotziak astearte honetan Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpenean adierazi dutenez, «guztira zortzi ekitaldi eskainiko dira La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7 Katu gaztetxe eta Euskaltzaindiaren egoitzetan».
Era berean, «mugarri gisa, obren erdiak jaialdi honi esker ekoitzitako estreinaldiak» izango direla nabarmendu dute: zehazki, XXII. Café Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin eginiko irakurketa dramatizatua; 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu zuen 'Alferrak, tunanteak, maleanteak' ikuskizuna; 7Katu gaztetxearekin batera egindako 'Errealitatearen harribitxiak' pieza; eta Jokin Oregik zuzendutako 'Arima eta Bihotza' (Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketan lehen saria).
Urrutiak positibotzat jo du Alde Zaharreko kultur eragileekin izandako lankidetza eta «pozik» agertu da «antzerkigileei plaza berriak eskaintzeaz eta Bilboko Alde Zaharrean euskal giroa zabaltzeaz gain, euskarazko antzezlanak ekoizten lagundu dugulako».
Jakina denez, 14 eta 40 minutu arteko formatu txikiko lanak egongo dira ikusgai Lautan Hiru jaialdian, eta iaz 'Antzerkiaren gorputza-gorputzaren antzerkia' ardatz izan bazuen, aurten gazteek egiten duten antzerkiari erreparatuko dio, 'Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite' lelo zirikatzailea baliatuz.
Gazteria aldaketarako eragile gisa ulertzen duen lelo hori aprobetxatuz, Inunciagak azaldu du «denboraren poderioz euskarazko antzerkiaren berpiztea bizi izan dugula». Izan ere, «hizkuntza biziberritzen eta belaunaldi berriei irisgarri egiten lagundu diguten hainbat obra eta konpainia sortu ditugu. Horrek, arte eszenikoetan euskararen erabilera sustatzeaz gain, euskal nortasun kulturala indartu du».
Egitaraua
Otsailak 6 18.30-Euskaltzaindiaren egoitza. 'Odola' / Saioa Bañales – Aroa Blanco / 15'. Sinopsia: Odolak hilerokoa hizkuntza erritual eta sinboliko batetik aztertzen du, antzinako tabu erlijiosoei aurre eginez eta poetikoaren eta absurdoaren artean ibiliz, sakratuaren, lurtarraren eta femeninoaren arteko mugak bilatuz.
Otsailak 13 19.00-Café Bar Bilbao. XXXII. Café Bar Bilbao-Tartean saria (Markos Goikolearen gidoia): 'Destiny driver' / Leire Ormazabal – Koldo Olabarri / 25'. Sinopsia: Bi pertsonaren arteko zita bat XXII. mendean. Gizartean gero eta zabalduago dagoen Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio, hartzen den erabakiaren arabera bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez. Orain, pertsonaiek erabaki beharko dute: etorkizuna beraiek irudikatu ala software honen mende utzi.
Otsailak 20 19.00-7Katu gaztetxea. 'Errealitatearen harribitxiak' / Amets Larrea, Nerea Lizarralde, Josu Iriarte, Jare Torralba / Zuzendaria: Mikel Martinez / 30'. Sinopsia: Jokin Oregiren hainbat testuekin jositako dramaturgia baten irakurketa teatralizatua da. Hain teatralizatuta ezen irakurtzearen ekintza bera antzezpenaren parte bihurtzen den.
Otsailak 27 19.00-Kalderapeko. 'Arima eta bihotza'/ Mikel Losada – Anje Oregi / 15'. Sinopsia: 2060. urtean gaude. A eta B elkarrekin bizi dira Lezoko etxe batean. B azken boladan aztoratuta dabil A erabat alfertuta dabilelako; gero eta narrasago, dezente (edo indezente) alprojatuta. B sumintzeraino nazkatu da bestearen jokaerarekin. Izan ere, B sinistuta dago A robota dela, berak bere poltsikotik erositako robota, etxeko zereginak egiteko eta beste hainbat kontutan lagungarri izan zedin. A, berriz, pazientzia galduta dabil azken aldian, B robota erosi zuen orain urte erdi etxeko zereginetan lagundu ziezaion, baina egunak dira, akatsen bategatik edo, B sinistuta dagoela pertsona normala dela.
Euskaltzaindiak Bilboko Udala, Tartean konpainia, BIRA Kulturgunea eta 7Katurekin batera elkarlanean antolatutako Lautan Hiru jaialdira bueltatuz, interesdunek jakin behar dute aurten ez dela bonurik salduko, eta emanaldi bakoitzak 4 euro balioko duela. «Sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira, ikuskizuna ematen den espazioan zabalduko baitira leihatilak, ordu bete aurretik», esan dute.
Gainera, aurten ere Ikusle Klubaren esperientzia errepikatuko da, non ikusleek antzerkigileekin hitz egiteko aukera izango duten. Hots, egun bakoitzeko azken ikuskizuna amaitu ondoren, antzezle edo zuzendariekin hitz egiteko aukera egongo da, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) kideek gidatutako solasaldi batean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.