Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Iraila aparteko hilabetea da politikagintzan, datorren udara bitarteko lehentasunak zehaztu, aletu eta lantzekoa. Tarte horretan hauteskundeak datozenean are zorrotzago jokatzen dute alderdiek. Tentsio politikoari eustea da xedea, norbere agenda ezartzeko ahalegin modura ulertuta. Gasteizen urrats erabakigarriak espero dira estatus politiko berriarekin lotuta eta Jaurlaritzari, ohiko kudeaketa zereginez gain, joko-banatzaile lana dagokio, ildo eta printzipio nagusi ahalik eta adostuenen araberakoa. EAJk eta PSE-EEk ez dute bat etortzerik izan orain arte funtsezko arlo honetan, eta gero eta zailagoa izango zaie jeltzaleek EH Bildurekin batera abiatutakoan sakontzen den heinean.
Jaurlaritzako bikoarena konpromiso egonkorra da, sustrai sendokoa eta epe ahalik eta luzeenerako bokazioa duena, maila guztietako erakundeetara aspalditxo zabaldutakoa. Eta emaitza onak eman ditu, zeharkako formulek badutelako ahalik eta zabalen bereziki integratzeko asmoa. Baina nekez jarrai lezake aurrera oinarrizko joko-arauen inguruko adostasunik gabe. Ezinezkoa ematen du egungo prozesua abertzaleek soilik babestutako estatus proposamenarekin amaitzea, askoz akordio anitzagoetarako anbizioa agertu baitzuten eragile parlamentario guztiek hasieran. Horretarako, gutxienez Podemos-Ahal Dugu eta sozialisten atxikimendua bilatu beharko da, eta datozen hilabeteok erabakigarriak izango dira hori oraindik posible ote den jakiteko. Ez balitz, ondorioak berehalakoak lirateke azken urteotako gobernagarritasun eskeman. Eta izatekotan, zeren truke den argitu beharko da: bi horiek akordiora eramate horrek ez ote duen aldi berean EH Bildu kanpora bultzatuko.
Egunerokotik askoz haragoko horrez gain, baina, badira beste hainbat kontu. Hilaren 20an itzuli zen lehendakaria lanera oporren ostean, bihar bertan Donostiako Miramar jauregian egitekoa den gobernu bilerarako gaiak prestatze aldera. Bikoaren programaren jarraipen-txostena eta urtearen azken herenerako sailek dituzten lehentasunen zerrenda izango dira Jaurlaritzaren lehen aztergaietakoak. Aurrekontuaren irizpideak zehaztea, garatzea eta adostea garrantzitsua da Urkulluk eta bere sailburuek ezarritako lau lehentasunei aurre egiteko. Erronka demografikoa eta gaztediaren aldeko apustua; hezkuntza; ekonomiaren berrikuntza eta digitalizazioa; eta internazionalizazioa dira horiek. Ez bakarrik hurrengo urteko udara bitartean lehenestekoak, legealdi osoko erronka potoloenetakoak baizik. Guzti hori, gaurkotasun beteko gaiak bazter utzi barik: ekonomiaren eta enpleguaren eboluzioa, Espainiako gobernuari begirako gaiak —Gernikako Estatutua behingoz betetzearekin lotutakoak, batik bat—, pertsona migratzaileei eskaini beharreko arretaren ingurukoak eta Europa mailan arlo honetako politika bateratu baten beharrari buruzkoak. ETAko presoen gerturatzeari dagozkionek ere izango dute oihartzunik hurrengo hilabeteotan, jakinda prozesua ez dela abiada bizikoa eta Pedro Sánchezen exekutiboaren egonkortasun-mailak zeharo baldintzatuko duela.
Eta honi asko kostako zaio 84 diputaturen babes zuzenarekin ekimen politikoaren eta legegilearen jabe izatea. Horren oso jakitun denez, bazterrean utzi ditu arantzaz betetako zenbait auzi potolo, finantzazio autonomikoarena esaterako. Sinbolismoz gainezkako gai samurragoak lehenetsi ditu, Francoren gozpuzkinak Erorien Haranetik ateratzekoa adibidez. Ministroen aurreko barikuko bileran Memoria Historikoaren Legea aldatzeko lege-dekretua onartu zuen gorpua ateratze horri ahalik eta berme juridiko sendoena emateko asmoz.
Horrekin lotuta, PPk eta Ciudadanosek, aitzakia gisa izan daitekeen arren, lege-dekretuak gehiegi baliatzea egotzi diote Kongresuan hain ahula den Gobernuari, Konstituzioak 'muturreko eta premiazko beharrizanetara' mugatzen duela gogorarazita. Eta egia da bi hilabetetan Sánchezek zazpigarrenez hartuko duela bidezidor hori. Baina Mariano Rajoy da legealdi bakarrean lege-dekretu portzentaiarik handiena duena: bere lehenengoan, gehiengo osoarekin, horrela onartu zituen estraineko hamasei legeetatik hamabost. Guztira 73 aldiz jo zuen horretara, besteak beste aldi berean 26 lege aldatzen zituen makrodekretu eta guzti. Hasierako lau urteetan legeen %33'8 formula horri esker onartu zituen orotara, eta Aznarrek ia beste horrenbeste 1996-2000an.
Sánchezi ez zaizkio gaiak falta mahai gainean. Kataluniakoa da ardura gehienekoa, bere jarduna guztiz baldintzatzeko bestekoa. Elkarrizketarako eta distentsiorako deiak egin dituzte alde biek gobernu aldaketa jazo zenetik, goi-mailako bilera eta guzti, baina orain arte ez da urratsik egin sakoneko ezadostasuna nolabait gainditzen hasteko. Errotikoa delako auzia, subiranotasunari dagokiona. Hala, ikusteke dago estilo berriak keinuez harago eragingo ote duen, onenean gutxieneko itun bat ahalbidetuta. Baina Sánchezen gobernuak ez du horrenbesterako indarrik ez PDeCAT-eko egungo buruzagitza berriak atzera egiteko asmorik.
Hortik at, aurrekontuen negoziazioa funtsezkoa izango da gobernu sozialistaren etorkizuna zehazteko. Zail izango du beharrezko gehiengoa osatzea, baina politikan ia ez dago ezinezkorik. PSOE-Podemos balizko akordioa ardatz hartuta, ez da baztertu behar gehiengo osorainoko gainerako eragileak horretara bildu ahal izatea. Erronka horrek emango du Sánchezen neurria, bere gero politikoa erabakitzeraino. Beste gai garrantzitsuenetakoak 'Mozal legea' bertan behera uztea eta migrazioa izango dira. Lehenak badu balio sinboliko indartsua, ezkerreko sektoreak trinkotzekoa. Bigarrenari dagokionez, kontraesanez betetako mezuak eta jarrerak agertu ditu Gobernuak azken bi hilabeteotan, eta ez dago zehatz jakiterik zein den bere norabidea arlo horretan. Europa mailan eman beharko zaizkio erantzun nagusiak desafio erraldoi honi, baina Italian, Polonian, Hungarian eta Batasuneko beste zenbait herrialde txikiagotan agintzen dutenen joera ezagututa zail edo ezinezkoa dirudi.
Iraila gain-gainean dago, eta horrekin batera abuztu aurretik zintzilik geratutako guztiei heldu beharra. Madrilen eta Gasteizen ez da aukerarik faltako politika letra larriekin egiteko, oihartzun zabaleko arazoei erantzuteko. Berandu baino lehen hasiko dira jarrerak eta jokabideak jorratzen. Eta politikan horiekin oso estu lotutakoak dira emaitzak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.