Enpleguari eustea ez da edonolako erronka gaur egun. Arlo publikotik at, gutxi dira euren lanpostua segurutzat dutenak, hain da gorabeheraz betetakoa egoera ekonomikoa. Azken krisiak, oraindik guztiz joan ez denak, zauri sakonak eragin ditu jendartean, etsipena eta ziurgabetasuna nonahi zabalduta. Duela hamarkada pasatxoko loraldiaren aztarnarik ez da ia geratzen, ezta orduko jokamoldearenik ere.
Publicidad
Kontsumitzea zen xede orduan, zuhurtasunak behar luke orain. Adin-talde guztietan eman du min krisiak. Sasoiz erretiroa hartu ez duenak gero eta luzerago begiratu beharko du horretarako, Gizarte Segurantza estu dabilelako. Eta gazteek ez dute aukerarik euren prestakuntza guztia neurriko lanpostuetara eramateko. Euren gurasoak baino txarrago dabiltza. Horrek gizarte baten okerreko norabidea adierazten du, eta kalte egiten die egonkortasunari eta ongizateari. Ez da harritzekoa, ba, maila askotan nabaria den ezinegona, etorkizuna mesfidantzaz eta kezkaz hartzea.
Enpleguari begirako edozein ekimen da ona, egoera honetan. Erakundeetatik zein ekimen pribatutik bultzatutakoa, baita horien elkarlanaren ondoriozkoa ere. Sinergiak garrantzitsuak direlako, erabakigarriak askotan. Gazteak erreferente bila dabiltza, nora jo jakin guran. Hil honen 12 (asteazkena) eta 13an (osteguna) Prestik izeneko Enpleguaren Azoka da Bilboko Euskalduna Jauregian egitekoa, Ekintzailetasunaren Aretoarekin batera. Tailerrak, hitzaldiak eta jarduerak eskainiko dira han, eta 140 profil profesionaletarako lan-poltsa ere. Ez da edozer. Ondo dakite hurbilduko diren hamar mila lagunek, ekinean dabiltzan guzti horiek.
Unibertsitatearen zein Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko harremanak ahalik eta zuzenena behar luke, eskaerak eta eskaintzak elkar ezagutzeko besteak beste. Zorionez Euskadik badu enpresa-sare sendoa, hainbat arlotan punta-puntan ari dena. Ondo prestatutako langileak osagai nagusietako dituela izango da gero eta lehiakorragoa, balio erantsikoagoa. Ez dago beste biderik. Horrek ekarri gaitu onentsuenen artera eta horrek bermatuko digu neurriren batean etorkizuna.
Prestik bezalakoak baliotsu dira, eragileen batuketa eta topaleku direnez gero. Ez dago aukerarik alperrik galdu beharrik. Inork ez, eta bereziki gazteek. Horien egoeraren araberakoa izango delako guztion ongizatea.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.