Zeberion ospatuko den HerrikoFest jaialdiaren lehen edizioa heltzear da. Izan ere, datorren azaroaren 3tik 5era bitartean ospatuko da udalerri bizkaitarrean. ZeberioK0 izenarekin bataiatuta, formatu txikiko jaialdi honek Euskal Herriko landa-eremuetako ekosistema kulturalaren aberastasuna balioan jartzea du helburu nagusi, bertan diharduten eragile eta sortzaileen dinamizazioa eta berrikuntza sustatuz. Izan ere, Maria Rivero ekimenaren zuzendariak azpimarratu duenez, «jaialdi kulturalak eta, batez ere, jaialdi erraldoiak, hiriburuetan irudikatu ohi dira».
Publicidad
Bere ustez, egoera hori ez dator bat errealitatearekin, kultura ez baita «hiruburu edo espazio boteretsuei» hertsiki lotutako esparrua. «Kulturak gizarte osoa zeharkatzen du eta, zehazki, Euskal Herrian nekazal mundua oso presente eta bizirik dago. Errealitate ugari bizi dira lurralde osoan eta sortzaileak erabat sakabanatuta daude. Aldi berean, kulturarekiko interesa handia da gure gizartean. Hori dela medio, kultura jendearengana hurbildu nahi dugu, baita jendea kulturara gerturatzea ere. Zeberio bezalako landa eremu batean kultura zentroan jarri eta asteburu osoko jaialdi bat antolatuz, ohiko joerekin apurtu nahi dugu».
Baina zer da zehazki hurbildutakoek aurkituko dutena? Zelako Kultur Ideiak elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zeberioko Udalaren laguntzarekin sortutako jaialdi honetan musika, mahainguruak, bertsoak, bertako ekoizleen azoka eta beste zenbait ekintza izango dira. Gainera, Zubialde auzoko gune ezberdinetan ospatuko den «kilometro zero markadun proiektu» hau antolatzerako orduan, «herritarren kezkak eta proposamenak ezagutu nahi izan genituen, eta elkarlana eta parte-hartze aktiboa bideratu genituen Zeberio eta inguruko herritar, ekoizle zein kulturgileekin», dio udalerrian zortzi urtez bizi izan zen Riverok. Hala, euskal kulturaren presentzia sustatzea, beste herrialde edo lurralde batzuetako kulturgile ezagunen parte hartzea, jaialdiaren filosofiarekin bat egingo duten ekintzak proposatzea, eta kulturgileak erdigunean jartzea bilatu dute. «Mahainguruak, adibidez, Xabier Madariaga komunikatzaileak gidatuko ditu eta hauetan Aragoiko MAR (Mujeres Artistas Rurales) eta Valentziako DAR elkarteak (Dones Artistes Rurals) egongo dira, euren esperientziak gurekin partekatuz».
Nola ez, gertuagoko eragileak ere izango dira mahainguruetan (Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Muturbeltz, Errigora, Maskilu), eta proiektuaren arduradunak azpimarratu du «euren esperientziatik ikasteko asmoa handia» dela, beraiek ere elkarlana, berrikuntza eta landa eremua uztartzen dituztelako. «Landa eremua antolatzeko eman beharreko urratsen berri izango dugu bertan, eta, zalantzarik gabe, gonbidatuek proposatutako eredu eta erreferentziek berebiziko garrantzia izango dute».
Egun osoan antolatutako jarduera horiek doakoak izango dira; hau da, sarrerak bakarrik erosi beharko dira karpan izango diren kontzertuetarako. Beraz, interesa duen edonork herrikofest.eus -en eros ditzake, baita leku fisiko hauetan ere: Zeberio (Herriko denda), Arrigorriaga (Aldapa taberna), Arrankudiaga (Gizarte etxea), Ugao (Zelai taberna), Laudio (Keska taberna), Artea (Herriko benta), Arteatza (Hagina taberna) eta Igorre (Axular Herriko taberna).
Publicidad
Aipatutakoaz gain, musikarekin lotutako estreinaldi eta aurkezpen bereziak ere izango dira. Esate baterako, antolatzaile izateaz gain, Maria Rivero musikariak bere bakarkako bigarren diskoaren (guztira hamahiru ditu) aurkezpena egingo du ostiralean, jaialdiaren lehenengo egunean. 'Lerro Paraleloak' izeneko lana azaroaren 2tik aurrera egongo da eskuragarri plataforma digitaletan. Hala ere, ibilbide berriaren lehen kontzertuaz gozatu nahi duenak Zeberiora hurbildu beharko du.
Oraingoan, Balmasedako musikariak gitarra utzi eta pianoaren aldeko apustua egin du. «Beste leku batetik egin ditut bai musika, bai letrak», aurreratu du. Halaber, pizgarri gisa komentatu digu Mikel Etxabururen letra bat ere badela diskoan entzungai. «Bere poesiek zirrara eragin izan didate betidanik, eta nireak egiten ditut». Hori nahikoa ez dela, Liher semeari jaio aurretik idatziko abestia ere badago 'Lerro Paraleloak'en.
Publicidad
Bestalde, larunbat goizean eta lehen aldiz, Hekthor Folk eta Karlos Sagi kulturgile eta musikarien tailer irekian parte hartzeko aukera izango dute bertaratuko direnek. Eta hirugarren estreinaldi bat ere eskainiko du jaialdiak igande eguerdian, izan ere, Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak sortutako 'Odola Kantari. Euskal historiaren tragepedia' estreinatuko da HerrikoFesten.
Hori guztia Zeberio Kantuz sormen ariketa kolektiboa ahaztu gabe. «Herriari kantua sortu diogu. Herritarrek estudio inprobisatuan ahotsak grabatuko dituzte, jaialdiaren lehen egunean koreografia grabatuko dute eta igandean, azken egunean, bideoklipa eta kantua aurkeztuko ditugu. Elementu desberdinak txertatzen saiatu gara, publiko guztientzako izan dadin», esan du.
Publicidad
Beraz, Basatitiak (Euskal emakume raplariak), Green Valley, Women Soldier, Janus Lester, Skabidean, Amparanoia, Bad Sound, Burbuilak eta SES bezalako taldeen musikaz gozatu nahi baduzu, hurbil zaitez asteburu honetan ZeberioKO jaialdira eta jakin ezazu antolakuntzak autobusak jarriko dituela Ugao, Igorre eta Arteatik.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Te puede interesar
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.