Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Fotolia
Laino hautsak

Laino hautsak

Halakoak dira fikzioak, sarritan, memoriaren erresuman bizi dira

Jueves, 9 de diciembre 2021, 21:03

Calderonek bizitza ametsa zela esan baino dezente lehenago, K.a. VII. mendean jaiotako Estesikoro poeta lirikoak beste ameskeria bati buruz hitz egin zigun. Troiako gerra Helenaren errua izan zela idazteagatik itsu geratu omen zen. Hori dela eta, bigarren bertsio bat ondu zuen, palinodia bat, aurreko bertsioa ukatzeko edo ezeztatzeko. Bigarren horretan, Parisek Troiara daramana ez da hezur haragizko Helena, mamu bat baizik, laino hautsez egindako izaki bat. Benetako Helena Egipton geratu zen iskilu hotsetatik urrun eta lasai, Proteoren konpainian. Bertsio hori idatzita, bista berreskuratu omen zuen Estesikorok. Zalantzarik gabe, ez da metodo desegokia fikzioak asmatzea ikusmena jokoan badago. Xerezadek ere bazekien zerbait horretaz…

Nolanahi ere, Ebaren mitoaren oihartzunak agertzen zaizkigu kontakizun horretan. Tradizio nagusiaren arabera, errua Helenarena omen zen, ez Parisena, bahitzailearena. Helenagatik joan ziren greziarrak Troiara, Helenaren kulpa edo bekatuagatik (ederregia izatearen bekatua) isuri zuten odola. 'Odisea'ren VIII. kantuan esaten zaigunez, Jainkoen nahia izan zen hainbesteren hondamendia eragitea etorkizuneko gizakiei zer kantatua emateko. Zenbait poetek, aldiz, Helena egiten zuten hondamendi horren jomuga beren kantuetan, jainkoen 'nahia' apur bat ahaztuta. Ez da zaila gertaera horretan metafora mamitsu bat ikustea. Emakumeari zor zaiona eman eta gero, harekin bakeak egin eta gero, Estesikorok ikusmena berreskuratu zuen. Eta, jakina, hemen ikusmenak bi zentzu dauzka. Begiez eta argiaz ari gara, baina baita jakintzaz eta buru-argitasunaz ere. Bitxiki, Antzinako Greziaren tradizioan itsuak ziren sarritan buru-argitasun eta jakinduria gehien zutenak. Homero dugu ezagunena, nahiz ez dagoen frogatuta begiak lainotuta zituela. Itsu gehienek ahalmen igarleak zituzten, hala nola Tiresiasek eta Kasandrak. Bigarrenaren madarikazioa ezaguna da: Apolok profeziaren dohaina eskaini zion bere 'faboreen' truke. Kasandrak onartu egin zuen, baina dohain horiek eskuratu bezain laster, jainkoaren maitasuna arbuiatu zuen. Zigor gisa, emandako dohaina neutralizatu zuen jainkoak: inork ez zituen Kasandraren profeziak sinetsiko.

Gaurko hizkeran, feministatzat jo genezake Estesikoro. Baina beste zerbait ere izan zen. Azken batean, Antzinako Greziarren tradizioan ezagunak ziren hildakoak eta Eszila edo Karibdis bezalako izaki beldurgarriak, edo ziklopeak eta itsaslaminak bezalakoak. Estesikoro, ordea, harago joan zen, eta hurrengo mendeetako fikzioan zeresana emango zuen irudi bat sortu zuen: mamuarena edo gezurretako doblearena. Dena den, izan zuen eraginik orduko literaturan ere. Adibidez, mende batzuk geroago, Euripidesek mamuaren fikzio hori baliatu zuen 'Helena' izenburuko bere tragedian. Euripidesen bertsioan, benetako Helena Egipton dagoelarik, Teoklimeno errege krudela hura limurtzen eta harekin ezkontzen saiatzen da, eta Helenak ihes egitea lortzen du azken honen arrebaren laguntzarekin. Gugandik hurbilago, XX. mende hasieran jaiotako Seferis poeta greziarrak poema bat eskaini zion Helenaren mamu horri: «Urte luzez Eskamandroaren ondoan bilatu genuena. Han zegoen, basamortuaren ertzean, ukitu egin nuen, hitz egin zidan: 'Ez da egia, ez da egia', oihukatzen zuen. 'Ez nintzen branka urdineko ontzian sartu. Ez dut inoiz Troia ausarta zapaldu'». Ondorioz, Paris itzal batekin etzaten zen gorputz sendo bat bailitzan; «eta guk hamar urtez hil genuen Helenaren izenean».

Laino hautsezko Helena hura dorrean berriro giltzapetzen duten Calderonen Segismundoren bakarrizketako ametsaren materiaz egina dago, Unamunoren 'Niebla'ko Augusto Pérezen materia beraz. Idazle bilbotarrak esaten zuenez, «hau lainoa da, hau 'nibola', hau elezaharra, hau betiereko bizitza… Eta hau aditz sortzailea da, ameslaria». Halakoak dira fikzioak, lastozkoak edo laino hutsezkoak, baina, sarritan, memoriaren erresuman bizi dira, eta hezur haragizkoek bezain ozen egin dezakete taupaka. Bizitza amets bada, eta ametsak amets, bizitza fikzioa da, eta fikzioak bizitza.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Laino hautsak