Urtzi Urrutikoetxea, bilbotarra, munduko txoko ugari bisitatu ditu.
Urtzi Urrutikoetxea | Idazle eta kazetaria

«Kurdistango errealitate konplexua ahalik eta xumeen kontatzen dut liburu honetan»

'Kurdistan. Argi bat ekialde hurbilean' idatzi duen Urrutikoetxearen esanetan, kurduengana hurbiltzeko lanen bat «beharrezkoa genuen»

leire larrazabal

Viernes, 21 de octubre 2022, 21:27

Idazlea, kazetaria, Euskal PEN Elkarteko kidea eta PEN Internationaleko Itzulpegintza eta Hizkuntza Eskubideen Batzordeko burua, Garabide elkarteko kide ere bada. Beraz, Urtzi Urrutikoetxea makina bat saltsatan murgilduta dabil. «Azken 20-25 urteotan, euskara eta euskal kulturaren bueltako gaiak mundura eramaten, munduko esperientziak ikasten dihardut», kontatzen du. Orain, 'Kurdistan. Argi bat ekialde hurbilean' lana plazaratu du.

Publicidad

-Estatu Batuetan 'harrapatzen' zaitugu.

-Lehendik mendebaldean ibilia nintzen, eta orain Washington hiriburuan oso gustura nago. Ekialdeko txokoak ezagutzeko baliatzen ari naiz egonaldia, herrialdea bera eta mundu osoa markatu zuten lekuetan, beltzen edo indigenen eskubideen aldeko gune historikoak, esaterako. New York ezagutzen nuen, baina Chicago ere itzela da, New Orleansek liluratu egiten zaitu. Bilbora itzultzeak berak, batzuetan bestelako begirada bat ematen dizu, distantziagatik, eta berdin Euskal Herrira edo Europara. Eta zer esan Afrikaz.

-Munduko makina bat txoko zapaldu eta bizi izan dituzu.

-Bai, beti maite izan dut bidaiatzea, pixka bat harago zer dagoen jakitea, kartografiarekin jolastea. Mugarri batetatik harago zer dagoen, etxean bertan zein munduko beste puntan. Bai, leku asko «zapaldu» ditut, pasaporte batzuk ere amaitu, baina askotan, lekuak beste uneko konexioak, bertan dituzun lagunek eta esperientziek egiten dute aldea. Kurdistanen gertatu zait hori, baina baita Estatu Batuetan eta urteotan ezagutu ditudan hainbat lekutan, Hego Afrika kasu.

-Oraingo honetan, Kurdistani buruzko liburua dakarzu. Zergaitik herrialde hori?

-Aspalditik nago kurduekin harremanetan, bai Kurdistanera joanda, bai Europan bizi direnekin elkarlanean. Kurdistan zatituta dagoen Siria, Irak, Iran, Turkia lau herrialde garrantzitsuenetan egoteko aukera izan dut, baita Kaukasokoak zein mendebaldean duten diaspora garrantzitsua ere. Munduko gatazken foku garrantzitsu bihurtu dira, garai batean Irakeko gerran, gero Siriako gatazkan, Turkiaren itzala beti hor egonda. Eta egunotan, Iranen ikusten ari garen protesta feministetan ere hor daude. Beraz, ezin ukatu arretagune garrantzitsua dela Kurdistan, eguneroko orrialde eta minutu asko dituzte gure hedabideetan, geroz eta argitalpen gehiago daude eurei buruz, baina euskaraz kurduengana hurbiltzeko lanen bat ere beharrezko genuen, oinarri-oinarritik hasi, geografia, kokagune historikoa, hizkuntza, erlijioak… eta egungo mugimendu garrantzitsuenetaraino. Liburu hau hori da, ahalegin txiki bat da Kurdistango errealitate konplexua ahalik eta errazen eta xumeen ekartzeko euskal irakurleari.

«Kurdistan zatituta dagoen lau herrialde garrantzitsuenetan egoteko aukera izan dut»

esperientzia

-Kurdistango egoera politikoa eta Euskal Herrikoa antzekoak direla esan ohi da. Ados zaude?

Publicidad

-Badira antzekotasunak, noski, eta horrek egiten du ziur aski interesgarrien gaia aztertzeak gure perspektibatik. Orain, aldeak ere oso-oso handiak dira: hemen hiru milioika herri bat dugu, han 30-40 milioi dira, lau estatu oso desberdin, munduko gunerik gatazkatsuenetako bat, geopolitika arazoak eta munduko potentzien interesak, eta abar. Baina bai kurduek bai euskaldunok badugu luzaroan debekatuta egon den hizkuntza bat, hizkuntza horren aldeko hamarkada askotako lana eta esperientzia. Eta horrekin batera, mundu osoaren arreta piztu duen emakume-mugimendua dago, erlijioak eta patriarkatuak berebiziko indarra daukaten eskualde batean alternatiba inspiratzailea gauzatzeko gai izan direlako.

-Zure agendan zein da apuntatuta duzun hurrengo herrialdea?

-Oraintxe bertan gustura nago Estatu Batuetan, eta hemengo txoko eta bazterretan jarraitzekotan naiz. Datozen egunetan Kanadara ere igaroko gara egun batzuetarako, baina oro har Ipar Amerikan, eta Euskal Herrira bisitan bueltan. Hortik kanpo, ahal den neurrian eta han-hemenkako lagunek eta konpromisoek ahalbidetzen badute, gustura bisitatuko nituzke PEN International elkarteari esker mundu osoan egin izan ditudan. Afrikan esaterako, oso proiektu interesgarriak dituzte bertako hizkuntzetan diharduten idazleekin Kenyan, Malawin eta Zambian, hiru herrialde aipatzeagatik.

Publicidad

«Gustura nago Estatu Batuetan, eta hemengo txoko eta bazterretan jarraitzekotan naiz»

etorkizuna

Tentsioa, presa, estresa...

-Free-lance moduan egiten duzu lan. Ez da lan erosoa izango?

-Justu kontrakoa izan ohi da; tentsioa, presa, estresa… askotan, badakigu zer esan nahi duen gainera, autonomoetan alta eman duen kazetari bat, edozein enpresatako langileak dituen eskubiderik gabe. Orain, kasu batzuetan, askatasun handia ere bada, norberak nahi duen bidea lantzeko, gustuko dituen gaiak hartzeko eta horietan diharduen jendea ezagutzeko eta abar. Eta kasu honetan, eguneroko zurrunbilotik kanpo liburu baten prestaketan aritzeko.

-Poesia, eleberriak.. denetarik idaztea gustatzen zaizu? Ez diozu ezeri muzin egiten.

-Edozein idazlek esango du hori, baina nire burua lehendabizi irakurle ikusten dut. Eta bai, denetik zerbait irakurri ohi dut, baina geroz eta modu hautatuagoan, denera iritsi ezin, baina ezusteko ederrak ere badirela jakinik. Hortik aurrera, fikziozko literaturari bazterretik begiratu izan diot aspaldi honetan, euskaraz sortzen den kalitate itzelaz gozatzen, eta norberak horretarako beharko lukeen tarterik aurkitu gabe, beste eremu batzuetan nabilelako aspaldi honetan gehiago. Poesian bai, egin izan dut zertxobait azken aldian.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad