Borrar
Fotolia
Krimen- eta polizia-eleberrigintzak boladan jarraitzen du

Krimen- eta polizia-eleberrigintzak boladan jarraitzen du

Gaiaren inguruko argitalpen nabarmen batzuk argitaratu dira azken hilabeteotan

Joxeme López de Arana

Miércoles, 9 de marzo 2022, 21:38

Krimen- eta polizia-liburugintza boladan dago. Hori esatea, ordea, ez da kontu berria; izan ere, zenbakiei begiratu besterik ez dago konturatzeko genero hori gero eta arrakastatsuagoa dela mundu osoan. Gurean, oraindik orain, euskal polizia-eleberrigintzako bi egile ezagunenek liburu bana aurkeztu dute. Gainera, euskal krimen- eta polizia-literaturari buruzko saiakera bat argitaratu du Euskal Herriko Unibertsitateko Laida ikerketa-taldeak.

Itxaro Borda baionar idazleak literatura-genero asko landu ditu, baina Amaia Ezpeldoi ikertzailearen nobela-zikloari esker da bereziki ezaguna irakurleen artean. Sei emanaldiren ondoren Ezpeldoi andrea erretreta hartzekotan zela, pixka bat gehiago itxarotea erabaki du azken kasu bat argitzeko, 'Euri zitalari esker' joan den uda partean aurkeztutako eleberrian. Itxaro Borda 1994an hasi zen Amaia Ezpeldoi detektibe atipiko orduan gaztearen kasuak kontatzen, 'Bakean ützi arte' obraren bitartez, eta beste hainbat nobelaren bidez saiatu da nolabaiteko justizia ekartzen eta gizartean diren mota askotako baztertuei ikusgarritasuna ematen, detektibearen autoko musika-gailuan aletuz joan diren kantu ezagunak lagun.

Bordaren ondoan, Jon Arretxe idazle basauriarra da ekinaren ekinez euskal polizialaren beste idazle arrakastatsuena izateko merezimendua eskuratu duena. Orain arte, hamahiru krimen-nobela argitaratu ditu. '19 kamera' nobelarekin hasita, berriz, haietariko azken hamarrek Mahamoud Toure Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den burkinafasoar ikertzaile berezia hartu dute protagonistatzat, heldu den udazkenean Durangoko Azokari begira plazaratutako azkena barne, 'Dortokaren begirada'.

«Krimen-literaturak hainbeste irakurle harrapatzearen arrazoia maila psikologikoan bilatu behar da: kriminalaren transgresioak erakarri egiten ditu irakurleak»

«Detektibe atipiko» eta «ikertzaile berezi», halakotzat jo ditugu Borda eta Arretxeren protagonistak. Ba ote dago, baina, detektibe «normalik»? Detektibea krimen-istorioaren protagonista den aldetik, oso garrantzitsua da haren karakterizazioa, eta idazleek bereziki lantzen dute alderdi hori, ikertzaile bakoitzari keinu bereizgarriren bat emanez: opiozaletasuna, azentu edo ezaugarri fisiko berezi bat, hausnartzeko pipa bat piztu edo erreka baten ondoan jesarri beharra, errepikatzen duen esaera jakin bat, zaletasun bitxiren bat, 'outsider' izaera, eta abar. Hori guztia bazter guztietako irakurleen arreta eta jakin-mina erakartzeko. Izan ere, arestian aipatutako arrakastaren giltzetako bat izan da garaian garaiko eta tokian tokiko gustuetara egokitzen asmatzea.

Hala, generoaren hasierako emaitzak 'enigma' literatura izenez ezagutzen dira: Edgar Allan Poe generoaren sortzailea, Dupin ikertzaileari bizia eman zioten ipuinetan; eta geroago Arthur Conan Doyle bere Sherlock Holmes, eta Agatha Christie bere Poirot eta Miss Marple ezagunekin. Krimen-literatura hura hotzegia edo burutsuegia izan, eta generoaren aldaera 'beltza' etorri zen 1930eko hamarkadatik aurrera, Dashiell Hammett eta Raymond Chandler buru zituela. Aurrerago, Gerra Hotzaren garaian, aldaera eztabaidatu bat iritsi zen, espioi-literatura, Graham Greene eta John Le Carré idazle entzutetsuen bitartez. Bitartean, generoak ozeanoa zeharkatua zuen, eta Georges Simenon belgikarrak hamaika nobela arrakastatsu argitaratu zituen, Maigret inspektore frantsesa bitarte. Eredu horretatik abiatuta garatu zen gero europar tradizioa eskualde askotan: Maj Sjöwall eta Per Wahlöö bikote suediarra Eskandinavian; Markaris Grezian; Camilleri Italian; Vázquez Montalbán Espainian; Manchette Frantzian… gaur eguneko egoerara iritsi arte, non ehunka diren krimen-generoa lantzen duten idazleak, etiketa bitxi askotan sailkatuta: 'Nordic noir', 'Domestic noir', 'Tartan noir', 'Mediterranean noir', 'Feminist noir' eta, gurean ere, 'noir euskandinavoa' asmatu dute.

Saiakera mardul bat

'Egungo euskal krimen-literatura' udazkenaren hasieran plazaratutako saiakera marduleko sarreran, aurreko horietaz gain, beste kontu asko biltzen dira: generoaren jatorria, garapena eta harrera; sistema literarioan betetzen duen tokia; Euskal Herrian krimen-eleberrigintzan aitzindari izandako idazleak Jose Antonio Loidik 1955ean 'Amabost egun Urgain-en' argitaratu zuenez geroztik, eta azken urteotan generoari emandako egileak, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Hasiera urrun haietako euskal krimen-literaturaren arazo nagusietarik batzuk izan ziren euskal detektibe baten sinesgarritasun falta, edo kaleko elkarrizketa bizi eta sarritan umoretsuak islatzeko arazoak.

Sarrera teoriko-historiko horren ondoren, berriz, egungo euskal panoramako hainbat egile nabarmenen azterketak aurkitu daitezke: krimen-literatura berariaz idatzi dutenak zein beste helburu batzuetako obrak sortzeko krimen-literaturako baliabideak erabili dituztenak. Esaterako, '110. street-eko geltokia', urte askoan krimen-liburu salduenetakoa izan dena, edo 'Gizona bere bakardadean', pertsonaia nagusiaren tragedia kontatzeko krimen-generoaren zenbait ezaugarri baliatu dituena. Iñaki Zabaleta eta Bernardo Atxagarekin batera, beste idazle askoren obrak aztertzen dira: Aingeru Epaltza, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Jon Alonso, Jon Arretxe, Ramon Saizarbitoria, Ramiro Pinilla, Dolores Redondo… Gainera, haur eta gazte literaturan generoa landu duten egileak ere bai, hala nola Anjel Lertxundi, Igor Elortza edo Juan Kruz Igerabide.

Denbora pasa hutsetik harago, krimen-literaturak hainbeste irakurle harrapatzearen arrazoia maila psikologikoan bilatu behar da: kriminalaren transgresioak erakarri egiten ditu irakurleak, haiek liluratu eta hil-irrika eragiten die, debekurik erabatekoenaren aurrean sortzen den irrika, irakurketaren bidez berdindua.

Azken hilabeteotan euskaraz plazaratutako lan horiek adibide gisa hartuta, laburbildu daiteke krimen- eta polizia-literaturak indartsu jarraitzen duela eta ez duela ahulezia-seinalerik ematen, munduan bezala gure artean ere. Horren frogagarri, gero eta euskal idazle gehiagoren ahalegina, irakurleen interesa bertakoa zein euskaratutakoa irakurtzeko, eta kritika akademikoaren aldetik generoak jasotzen duen gorakako arreta.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Krimen- eta polizia-eleberrigintzak boladan jarraitzen du