Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
2016an bidaia-aurkitzaile ezagun batek Youtuberen bitartez proba bat prestatu zuen munduko hainbat herrialdetako biztanleak hautatuz. Saioaren lehen zatian, norbanako bakoitzari galdetzen zitzaion nongoak uste zuen zirela bere arbasoak. Erantzunak nahiko irmoak ziren, ingeles batek aipatzen zuen bere aurretikoak zalantzarik gabe zirela ingelesak, Ingalaterragatik borrokatu baitziren hainbat gudatan. Aldi berean, zein herrialde zuen gutxien gogoko galdetzen ziotenean, berriro zalantzarik gabe, Alemania zela adierazten zuen. Probaren bigarren zatian, norbere DNAn inskribatutako benetako jatorria erakusten zitzaion partaide bakoitzari. Saioan parte hartu zuten guztien erreakzioa harridurazkoa zen. Alde batetik, haien jatorri genetikoan, zenbait herrialdetako arrastoak zeuden. Bestetik, aurkaritzat zituzten identitateak beren mapa genetikoan azaltzen zirela konturatu ziren. Mutil ingelesak, aurretiko alemaniarrak zituela ikusterakoan, zera adierazi zuen: «Orain badakit munduko hiritarra naizela». Munduko hiritartasunaz hitz egiten dugunean normalean termino horren lehen hitza azpimarratzeko joera dugu, hau da, mundua mugarik gabeko komunitatetzat kontsideratzen dugun errealitatea. Baina munduko hiritarra izateak badu norabide historiko garrantzitsu bat, hain zuzen ere bigarren terminoa, hots, hiritarra izatea, kontzeptuaren erdi-erdian jartzen duena.
'Perpetual peace' (Betirako bakea) liburuan Martha C. Nussbaum pentsalariak aipatzen du Diogenes Zinikoa izan zela lehena «ni munduko hiritarra naiz» adierazi zuena. Zinikoentzat jatorria, estatusa edo generoa bera ere, ikuspuntu moral batetik begiratuta, garrantzigabeko zirkunstantziak ziren. Beraientzat kontuan hartu beharreko lokarri bakarra guztiok arrazoizko humanitatearekin dugun lotura da. Zinikoen oinarrizko ideia hori estoikoek garatu zuten, dagoeneko erromatarren munduan. Plutarkoren hitzetan, gizaki guztiak gure antzekotzat hartu behar ditugu, artalde bateko kideak elkarrekin elikatzen diren moduan gure komunitatean ere, arau bakarra eta berdina izan behar da indarrean guztiontzat.
Estoikoen artean Marko Aureliok du zeresan berezia, filosofoa izateaz gain Erromako Enperadorea izan baitzen. 'Meditazioak' bere liburuan Marko Aureliok adierazten du ez dela muntazkoa gizakia non bizi den, bizi den lekuan bere jarduera munduko hiritarrari dagokiona baldin bada. Baina gauza bat da ideia edo ideala eta beste bat diferentea ideia hori nola gauzatzen den historian.
Erromatar inperioaren esperientzia historikoan hiritartasuna indar handiko kontzeptu politikoa zen. Esate baterako, María José Bravo Bosch legelariak 'El largo camino de los hispani a la ciudadanía' bere liburuan azaltzen ditu bete-beteko hiritartasuna lortu arte Hispania probintziako biztanleek pasatu behar izan zituzten bitarteko estatus politikoak. K.a. 218. Urtean, senatu erromatarrak Hispania probintzia legez izendatzen duen unetik Caracalla enperadoreak, K.o.212an, inperio osoko biztanleei hiritartasuna ematen dien unera arte, lau mende luze igaro ziren.
Kosmopolitismoaren proiektua Immanuel Kantek indarberritu zuen. Kanten proposamenak Ilustrazioaren ideal nagusiak jasotzen ditu, askatasuna eta arrazoiaren nagusitasuna. Hala ere, Kanten betirako bakea lortzeko proiektuan norbanakoaren eta prozesu historikoaren artean adiskidetzea lortzeko probidentziaren partehartzea beharrezkoa bilakatzen da. Historia abiapuntu positibo baterantz doala uste zuen Kantek. Adam Smithek ekonomia arloan antzekoa uste zuen, hau da, sistema ekonomiko orokorra helburu onuragarri baterantz daraman esku ikusezina dagoela. XX. mendeko interpreteek, Apel tartean, uste dute Kanten ereduaren azpian kutsu metafisiko onartezina dagoela. Horrez gainera, Apelek aipatu du Ilustrazioaren ezaugarri nagusietako bat den indibidualismoak mugatu egiten duela gizarte pluralista batean bake proiektua errealitate bilakatzeko aukera. Apelen aburuz, «nik pentsatzen dut» abiapuntu ezaguna aldatu beharra dago. Harentzat, «nik argudiatzen dut» izan behar da gizarte-eztabaida guztiak gidatu behar dituen irizpidea.
Azken hamarkadetan ikuspegi hauek duten kutsu idealista etorkinen mugimenduek eta lurralderik gabe geratu diren errefuxiatuen esperientziek baldintzatu dute. Hiritartasuna berriro kokatu da gizarte-eztabaiden muinean eta zalantza juridikoak, moralak eta ekonomikoak sorrarazi ditu. Galdera berriak sortu dira bat-batean: zein eduki izan behar dute iritsi berrien eskubideek? Zer gutxiengo merezi dute eskubideak izateko legezko eskubiderik ez dutenek? Eremu internazionalean dena ez da aurrerapausoa izan. Trumpen administrazioak neurri atzerakoiak hartu ditu, eta, azken batean, ondorioak larriagoak ez baldin badira, epaileen ekimenari esker izan da. Europar Batasunaren erantzuna anbiguotasunez jantzita iritsi da, solidaritatean eskuzabala izateak barne iritzi publikoak ahultasunaren seinale moduan interpretatu dezakeelako. Gogorarazi behar da Émile Benvenistek azaldu zuena latinezko 'hostis' (etsaia) eta 'hospes' (apopiloa) hitzek erro berdina dutela.
Aipatu behar da mendebaldeko mitologia politikoetan, etsaiaren irudiak funtzio sinbolikoa betetzen duela, normalean bere egiazko jarduerarekin zerikusirik ez duena. Imajinaziozko irudia izaten da, gehienetan botere nagusiaren agenda politikoa justifikatzeko balio duena. Hirugarren fenomeno bat ere aipa daiteke, berritsua dena gainera, egun kosmopolitismoaz hitz egiterakoan, eskubide osozko hiritarrak direnena, baina kulturalki mendebaldeko gizarte sekularizatuan integratzeko arazoak dituztenena. Esate baterako, Frantzian islamdar kode kulturala jarraitzerakoan, gizartearen gehiengoaren iritzi publikoaren erreakzioa eragin dutenen kasua. Arazo hauen guztien erdian, Nazio-Estatuek beren gune ahulak erakusten dituzte, batzuetan erantzunik gabe geratzen direlako, besteetan gizatasunaren balioa ezerezean uzten delako, begi eta kamara guztien aurrean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.