Borrar
Afrika Bibang, Bilboko Cortes kaleko estudioan. Jordi Alemany
«Kortatu eta Etsaiak nire talde gustokoenak ziren, eta azkenean nire idoloekin abestu nuen»

«Kortatu eta Etsaiak nire talde gustokoenak ziren, eta azkenean nire idoloekin abestu nuen»

Afrika Bibang | Musikaria ·

Ekuatore Ginea jatorri duen Algortako abeslariak 'Nomada' azken diskoa kaleratu zuen iaz. Kirolari, hizkuntzalari eta ikasle bikainak hamalau urteko bidaia egin du mundu osotik. Lan horretan bere esperientzia islatu du

Viernes, 20 de marzo 2020

Afrika Bibang abeslari berezia da. Euskal Herria eta Afrika uztartzen dituen emakume ausarta, irekia eta «zorteduna». Askok Etsaiak punk-rock taldean eman zituen 8 urte oparo horiengatik ezagutzen dugu. Hala ere, Ekuatore Ginea jatorri duen musikari, kirolari eta parrandazalea Auo, Iñigito edota Tokiren taldekide ohia baino askoz gehiago da. 

Irribarretsua eta kuriosoa, Algortako «pitbull» honek musika estilo guztiak landu izan ditu bere ibilbidean: jazz, reggae, soul, blues, flamenko-tekno, salsa... Orain disko berria kaleratu du (Nomada, 2019), baina gutxik dakite bere arrakastaren oinarria duela 28 urte ospatutako Algortako Portu Zaharreko festatan dagoela. 17 urte zituen orduan, eta, botiloiak, lagun artean eta zelaian botata, Bob Marley modu inprobisatu batean abestera animatu zuen. Inork ez zuen imajinatuko, momentu hartan, bat-batean hazkuntzan zegoen reggae talde baten koroak egiteko aukera aurkeztuko zitzaiola. Aho irekiak Portu Zaharrean, guztiok berari begira. Afrikaren garaia Ke no faltera heldu zen.

Kirolzale amorratu honek bi urte eta erdi inguru pasatu zituen Santutxuko lokalean entsegatzen eta «kontzertu handiak» ematen. Valentzian eta Espainiako beste zenbait tokitan. Hala ere, ikasketetan zuen trebakuntzak Donostiara eraman zuen Zuzenbide ikasteketan probatzera, eta, lehen urte horretako joan-etorri nekagarriek taldea uztera bultzatu zuten. Hurrengo ikasturtean, garai hartako «Hernani kañeroan» ezarri zen, eta Magisteritza musikala eta Marketina probatu ostean sentitu zuen 'askatasun taupada'. Guztia utzi, musikara dedikatzeko komentzimendu itsuarekin.

-Askatu egin zinen...

-Buah, musikaren mundua deskubritu nuen. Rock and Roll!

-Eta talderik gabe. Hori bai dela Rock and Roll.

-Ja, ja, ja. Baina bizitzan arriskatu egin behar da, oso erosoak gara askotan. Hasi ginen kotzertuetara joaten, parrandaz parranda, eta tartean lagun bati esker Etsaiak deskubritu nuen. Euren kontzertuetara joaten hasi ginen, eta, badakizu... Momentu horretan Etsaiakekoak 'la hostia!' ziren. Kontua da Bilboko Jaietako 'Plaza del Gasen' kontzertu ikaragarria eman zutela, eta beste lagun bat eta ni -biok ginen 'super fan'-, hor geunden lehenengo lerroan, Iñigitoren aurrean. Kontzertu osoan tipoa niri begiratzen eta keinuak egiten ibili zen gitarra jotzen zuen bitartean (ja, ja, ja). Kontzertu hori niretzako eman zuen Iñigitok... Noski, nik uste dut tipoak pentsatu zuela 'nor hostia da neska beltz hau, euskaraz abesten duena eta nire punteoak imitatzen dituena?'. Gitarra pixka bat jotzen nekien orduan, eta gitatarreoa ere ondo imitatzen nuen.

-Orain gehiago dakizu?

-Urteekin asko ikasi dut, bateriarekin ere bai. Azkenean lokalean denbora libre asko duzu, eta pixkat kuriosoa bazara... Baina autodidakta naiz eh! Anekdota bezala kontatuko dizut Gijonen, Green Day-ren kontzertu batean bateriak makila bat oparitu zidala. Hirugarren abestia amaitu eta gero, bere mugimendu guztiak imitatzen nituela ikusita, hango laguntzaile bati makila igotzeko eskatu zion eta biok altxatu genituen eskuak boloarekin jarraitzeko. Tipoak kontzertu osoa pasatu zuen gora eta behera niri begira. Inoiz ez dut ahaztuko. Pasada bat.

«Green Day-ren kontzertu batean bateriak makila bat oparitu zidan»  

-Eta Iñigito?

-Buah, Iñigito, ze kañeroa! Ba kontzertua amaitu zenean, jende guztia joan zen sinadura bat lortzera, argazki bat ateratzera... Eta Alain, nire laguna, eta ni hurbildu ginen baina jende asko zegoenez, trago bat hartzera joan ginen. Bat-batean, segurata batek atzetik heldu eta Iñigitok ezagutu egin nahi ninduela esan zidan. Alain eta ni kamerinoan sartu ginen, taldekide guztiak super jatorrak... eta parranda ederra bota genuen beraiekin. Imagina ezazu, garai horretan Iñigitorekin Kaskagorrin. Ezin ibili, jende guztia berari heltzen... Harrigarria! Nork imajinatuko zuen momentu hartan, niri berdina gertatuko zitzaidala hilabete batzuk beranduago.

-Horrela sartu zinen Etsaiaken?

-Gutxi gorabehera. Parranda amaituta, Iñigitok taxi bat hartu zuen Lekeitiora joateko, eta Algortan utzi ninduen. 12.000 pezeta edo taxian, 'a lo Mick Jagger'. Etxeko telefonoa eman nion, baina 'ni de coña' espero nuen deituko zidanik. Anekdotarekin nahikoa nuen. Nire lagun guztiak flipatzen... Eta nire pisukide bat, Julen, beti txantxetan zegoen etxeko telefonora deiak egiten, Etsaiakekoak zirela esanez (ja, ja). Bi hilabete eta erdi pasatu ziren, eta, bat-batean, egun batean, Amaia nire pisukideak ondokoa esan zidan aurpegi zuri-zuriarekin: «Afrika, Auo telefonoan». Broma zela pentsatu nuen, «bai, bai... Auo», eta azkar eskegi nion. Gainera, ez nuen gogoratzen nik kantatzen nuela esan ote nien ere. Berriro deitu zuen arte, Amaia eta ni flipatzen. «Izango zen? Ez, ez... ez zen». Hori bai 'zoramena', imajinatu. Bigarren deian telefonoa ondo heldu nuen, noski. Auok esan zidan nirekin proba bat egin nahi zutela, antza koruak egiten zizkien neskak taldea utzi zuelako. Abesti guztiak nekizkien, eta Lekeitio nire zain zegoen. 1995. urteko Martxoaren 8an, eta guztiz morez jantzita, Afrika Bibang-ek Etsaiakekin debutatu zuen Gasteizko Gaztetxean, eta Emakumearen Egunean gainera.

-Yeah!

-Imagina ezazu... Kontzertuak mundu osotik (Mexiko, Kuba, Suitza, Katalunia, Frantzia), furgoneta, Auoren baserrian bizi izandako urte eta erdia, sekulako parrandak... Familia eta abentura, azken batean. Bizitza.

-Eta horrekin nahikoa ez eta urte batzuk beranduago, Fermin Muguruza.

-Bai, Kortatu eta Etsaiak izan dira betidanik nire talde faboritoak. Nire idoloak ezagutzen joan naiz, eta, Brigadistak Sound System-en ondoren (Afrikak proiektu horretan abestu zuen), Ferminek nire lehenengo bakarkako lana egitera animatu ninduen. Gainera, dirua jarri zuen diskoa grabatzeko. Horrela jaio zen 'Entzun' (2004).

«Ferminek nire lehenengo bakarkako lana egitera animatu ninduen»

Afrika Bibang, bere estudioan, gitarrarekin. Jordi Alemany

-Zer edo zer egitea falta zaizu euskal musikaren munduan, Afrika?

-Bai, asko, noski. Baina, Aitor Gorosabelekin ere Aitormena abesteko aukera izan nuen Eibarko institutu batean (ja, ja).

-Eta hortik aurrera?

-2005ean Korrikaren abestia egin nuen. Telebista programa batean ere egon nintzen ETB1en, hitzaldi asko eman nituen... Eta, gero, hemengo erritmo gogorra eta etengabearen ostean, Bartzelonara joan nintzen, eta handik Ibizara (Amnesia Diskoteka ospetsuan abesten ibili nintzen uda batzuetan), Paris, Roma, Londres, Varsobia (negu asko), Japonia (lau urte, hiru hilabete bakoitzeko), Dominikar Errepublika, Beirut edota Txinara. Kalima, The Johnny Freelance Experience eta bat-batean sortzen genituen talde inprobisatuekin ibili naiz bidaia aberasgarri horietan. Ia hamalau urte, 2018an bueltatu nintzen arte.

-Ba lasaitasunez hartu zenuen erretiroa, ezta?

-Musika da mugitzen nauena. Eta bidaia luze horrek nire azken diskoa (Nomada, 2019) kaleratzeko balio izan dit. Introa eta lau abesti ditu, baina oso bereziak. 'Begira' da bueltan etorri zitzaidana, eta maite dut kantu hori. Norbaitek interesa badu, edozein FNAC dendatan eskuratu dezake diskoa. Elkar dendetan ere bai, eta formatu digitalean Amazon Music-en. 7 edo 8 euro balio ditu. Gainera, diskoaren azalean agertzen diren argazkiak nik ateratakoak dira.

-Argazkilaritza ere bai, eh. Eta zenbat hizkuntza menperatzen dituzu?

-Argazkilaritza analogikoa asko gustatzen zait, betidanik. Eta hizkuntzekin ondo moldatzen naiz. Ondo edo nahikoa ondo hitz egiten dut euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta fang (nire gurasoen ama hizkuntza). Horiez gain, japonieraz ere nola edo hala moldatzen naiz, eta polonieraz. Azken hori munduko hirugarren hizkuntza zailena da.

-44 urteko emakume beltza lekittarrez hitz egiten. Hori ez da ohikoa, ezta?

-Nik gaztelaniaz ikasi nuen, A ereduan. Nire auzoko lagun guztiak gaztelaniaz hitz egiten zuten, baina hamalau urte nituenean, koadrilla berria ezagutu nuen eta euren artean askotan euskaraz mintzatzen zirenez, amari euskara ikasi nahi nuela esan nion. Hizkuntza hori oso zaila zela esan zidan, baina ezinezko hitza ahozkatu ez zuenez, AEKra joan eta gero ikastaro trinko batean sartu nintzen: astelehenetik ostiralera, egunero bost ordu. Horrela ikasi nuen euskara, eta, gero, urteetan izan dudan nahaste-borraste honekin, euskalki guztiak nahasten amaitu dut: lekittarra, ondarrutarra...

«Euskara hamalau urterekin ikasi nuen»

-Eta beti abesten duzu euskaraz?

-Euskaraz eta ingelesez. Gaztelaniaz 'Lunita' abestia egin nuen eta hori da hizkuntza horretan egin dudan abesti bakarra. Dena den, frantsesez abestu nahiko nuke.

-Zure abiapuntua, dena den, musika beltza izan da.

-Bai, musikarekiko lehenengo kontaktua musika afrikarrarekin izan zen. Mendebaldeko Afrikako musikarekin (Kongo, Ekuatore Ginea...), hain zuzen. Nire aita oso musikazalea da, eta etxean beti izan dugu musika asko: Diana Ross, Ray Charles, Miles Davis eta musika estilo desberdinak. 

-Eta horietatik zein da zure idoloa?

-Esan bezala, idolo asko ditut. Eta horietako asko ezagutu egin ditut gainera (irribarrea). Baina eztabaidaezina da niretzako Michael Jordan oso berezia dela. Berak NBA utzi zuenean, nik berarekin utzi nuen.

-Basketera jokatu duzu gainera...

-Bai, eta atletismoan ona nintzen ere bai. Gero, futbito, kickboxing... egin izan ditut. Orain, boxeoa egiten dut. Parrandazalea bai, baina kirolari lehentasuna ematen diot nire bizitzan.

-Kontzerturen batekin amesten duzu?

-Anestesia, Corazon del Sapo, Dut eta Etsaiak. Ni kantatzen, noski.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Kortatu eta Etsaiak nire talde gustokoenak ziren, eta azkenean nire idoloekin abestu nuen»