Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Iruzkina sare sozial batean agertu zen: «Lotsagarria benetan jendearen portaera, ezin dut ulertu batzuen jokabidea. Lagunekin hitz egin nahi badute, zergatik ez dira haiekin tabernaren batean biltzen? Horrelakoetan heziera falta ikaragarria sumatzen dut nik».
Bilbon izandako Teenage Fan Club taldearen emanaldi ostean idatzi zen hori. Azken bolada honetan askotan irakur daitekeen kexa mota baten erakusgarri modura ekarri nahi izan dut hona.
Egia esan, hor deskribatzen dena guztiz ezaguna egiten zait. Nire kasuan, aitortu behar dut, egoera horren bi aldeetan ikusi dut nire burua noizbait. Amorru bizia sentitu dut nire ondoan kalaka bizian zeudelako, nik gustuko talde baten kontzertua dastatu nahi nuen bitartean, baina beste batean, abesti baten leloa kantatzen ari nintzela, norbaitek ni entzutera ez zela etorri aurpegiratu zidan...
Gaztaroa aspaldian atzean utzi badut ere, ez naiz ni arlo askotan eskarmentu handiko tipo bat sentitzen. Zerbaitetan esperientzia izatekotan, kontzertuak ikusten -eta ematen- daukadala esango nuke.
Laurogeiko hamarkadan gurean lehertu zen eztanda horretan ez zen batere ohikoa jendetza lasai eta hizketan ikustea. Zikatriz, Eskorbuto, La Polla Records, RIP, Hertzainak edota Barricada taldeen ikuskizunetan, oro har, partaidetza oso bizia eta beroa izaten zen. Bertaratzen zen edonork, musikariak bezain nekatuta edo marrantak jota amaitu zezakeen. Nazioarteko kontzertuetan ere horrelako zerbait gertatzen zen. Ezin ahaztu Ramones, Selecter, AC/DC, The Cramps, Lords of The New Church, eta Doctor Feelgood taldeen kontzertuetan, esaterako, sortzen ziren katarsiak.
Eta gakoa ez dago beti musika klasean. Niretzat ustekabe itzela izan zen New Orleansen jazz giroko tabernan sartu eta jendetzaren portaera ikustea. Taldeak jotzen zuen bitartean egundoko zarata zegoen hor. Batzuk hizketan, beste batzuk oihuka, edota koilareekin edalontziak joka... eta ez zuen ematen musikariak haserre zeudenik. Gironan aldiz, zerbitzari bat etorri zitzaigun isiltasun eske beste jazz emanaldi batean... eta zin egiten dizut, xuxurlatzen ari ginen.
Edonola ere, jendearen jarrera epaitzeko orduan, ez da berdina Benito Lertxundiren errezitaldi bat edo Saltsa ikuskizun bat, erlijio bakoitzak bere liturgia dauka.
Eta edozein kontzertutan ez da gauza bera lehenengo lerroan zutik eta dantza egiteko prest jartzea edo harmailetan eserita kokatzea...
Garai batean, kontzertuetan biltzen ginenak hogeitaka urtekoak ginen eta agian ez genion horrenbesteko garrantzia ematen inguruan gertatzen zenari. Beharbada, zahartzen garen heinean estuago bihurtzen goaz eta gure bezero-eskubideak kontuan hartzen hasten gara.
Nik azkenaldian nekez jasaten ditudan gauzen artean, mobilen erabilera obsesiboa dago. Ulertzekoa da oroigarri bat eskuratzea, baina batzuek emanaldi erdia beren smartphonen pantaila txikian ikusten dute, haien atzekoen ikuspegia erabat izorratuz. Badirudi inportanteena ez dela kontzertua bera, baizik eta lagunei bertan egon direla erakustea.
Eta betidanik jasanezina iruditu zaidana: neskalaguna edo semea sorbaldan igotzea hobe ikus dezan, kontzertuan eurak bakarrik egongo bailiran.
Eta ez dut nahi bukatu, hau esan barik: arreta lortzea artisten ardura ere bada, eta «oso motel ikusten zaituztet» erako esaldiek debekaturik egon behar lukete.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.