Borrar
Jasone Mendizabal, Gorka Etxebarria, Leire Bildosola eta Isaac Amezaga, Ostera kultur festibalaren aurkezpenean, asteazken honetan, Bilbon.
Kontzertuak, ikuskizunak eta solasaldien ziklo bat, Ostera kultur festibalean

Kontzertuak, ikuskizunak eta solasaldien ziklo bat, Ostera kultur festibalean

Hogeita bosgarren edizioa ospatuko duen jaialdi ibiltariak Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiño zeharkatuko ditu urria eta azaroa bitartean

Miércoles, 25 de septiembre 2024

Ostera kultur festibalak 25. edizioa ospatuko du aurten, eta ohiko kontzertu eta ikuskizunez gain, 'Etorkizuneko GU imajinatzen' izeneko solasaldi ziklo berezia ekarriko du nobedade gisa. Euskaraz sortutako eskaintza kulturala bultzatu eta hedatzea helburu duen jaialdi ibiltari honek Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiñon egingo du lau eguneko geldialdia, urriaren 3tik abenduaren 1era bitarte, eta 'Euskaran mundu oso bat kabitzen da!' titulupean, «eskaintza aberatsa» ekarriko duela aurreratu dute antolatzaileek. Asteazken honetan Bilbon egindako aurkezpenean Isaac Amezaga Bizkaiko Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria eta Gorka Etxebarria eta Leire Bildosola Arrigorriagako eta Abadiñoko ordezkariak izan dira.

Amezagaren hitzetan, Ostera festibalak «hasieratik izan du helburu euskaraz sortutako kultur eskaintza balioan jartzea eta zabaltzea, eta hogeita bost urte hauetan garai ezberdinetara egokitu da eta Bizkaiko kultur eskaintzaren erreferenteetako bat bihurtu da». Hala, herri bakoitzean «puntako kontzertuak, flamenko eta dantza bertikaleko ikuskizunak, bakarrizketa saioak, haur eta familientzako emanaldiak eta hausnarketarako espazioak» eskainiko direla adierazi du. Interesatuek, gainera, «guztiaz gozatu ahal izango dute, doan».

Horren harira, Mendizabalek nabarmendu du aurtengo egitaraua «adin-tarte ezberdinetako publikoari zuzenduta dagoela, eta euskarak mundu oso bat barne biltzen duela erakustea duela helburu».

Udalerri bakoitzeko egitarauak

Balmasedako eskaintzari dagokionez, Enkarterriko udalerrian urriaren lehenengo egunetan ospatuko den festibalean 'Euskara bihar: Nola kudeatu hizkuntz-aniztasuna?' jardunaldiaz gozatu ahalko dute interesdunek (urriaren 3an izango da, 18.30ean, Kultur Etxean). Hurrengo egunean, urriaren 4an, Lidia de Lorenzo flamenko dantza konpainiaren 'Sentimundua' ikuskizuna eskainiko zaie (20.00etan, Klaret Antzokian) eta hogeita lau ordu beranduago Janus Lesterren kontzertu indartsua, aipatutako emanaldiaren toki eta ordu berean. Azkenik, urriaren 6an, haur eta familientzako 'Gora bihotzak' ikuskizunaren emanaldia izango da (12.00etan, San Severino plazan).

Bestalde, Ostera kultur jaialdia azaroaren 7an iritsiko da Arrigorriagara eta hilaren 10era arte egongo da bertan. Lehenengo egun horretan, 'Euskara bihar: Nola aktibatu erabilera?' solasaldia izango dugu (18.30ean, Kultur Etxean), eta hurrengoan, azaroaren 8an, Antton Telleria, Julen Portillo, Ana Goitia eta Maialen Sorzabalbereren bakarrizketa saioaren txanda helduko da (Lonbo Aretoan, 20.00etan). Hogeita lau ordu geroago, Gari eta Maldanbera taldeak publikoa dantzan jarriko du, leku eta ordu berean, eta, azkenik, azaroaren 10ean, Lonbo Aretoak haur eta familientzako 'Maddi pirata' ikuskizuna jasoko du, 12.00etan.

Azkenik, egitarauari amaiera emateko, jaialdia Abadiñon izango da azaroaren 28tik abenduaren 1era. Lehenengo egunean, 'Kulturgintza bihar: Nola sustatu kultur-zaletasuna?' solasaldiaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek (Txanporta Kultur Etxean, 19.00etan), eta, azaroaren 29an, 'Harrobi dantza bertikala: Geure(r)a' ikuskinaz (Matienako frontoian, 20.00etan). Nøgen taldearen kontzertua edizio honetan gehien espero den emanaldietako bat Probalekuan izango da (azaroaren 30ean, 20.00etan). Eta hurrengo ediziora arte agur esateko, bertaratzen direnek 'Iratxoen kantu sekretuak' haur eta familiako ikuskizunaz gozatu ahal izango dute (Errota Kultur Etxean, 12.00etan).

Euskararen erronkak, alor ezberdinetan

Aipatu bezala, festibalaren barruan herritarrei eskainiko zaien kultur-egitarauaren osagarri, solasaldi-ziklo bat antolatu da. Hiru mahainguruz osatua, 'GU' irudikatzea du helburu eta euskarak alor ezberdinetan dituen erronken inguruan hausnartuko du.

Isaac Amezagak eta Jasone Mendizabalek adierazi dute solasaldien helburua dela eskaintza ludikoari edukiz betetako programazioa gehitzea. «Gizarte hau oso azkar aldatzen ari da, eta horri eutsiko diogu zer ondorio ateratzen ditugun ikusteko. Adibidez, etorkinei buruz hitz egingo dugu, EAEko % 12 etorkinak baitira, eta uste baitugu ehuneko horrek gora egingo duela. Beraz, horiek erakartzen jakin behar dugu, eta hori ezin dugu euskararen mundutik bakarrik egin, hezkuntza eta gizarte osoaren babesa behar baitugu», esan dute.

Hala, Balmasedako solasaldia etorkizuneko migrazio mugimenduek euskararen erabileran izango duten eragina aztertzeko baliatuko da; Arrigorriagakoan, hizkuntzaren erabilera handitzeko eman beharreko pausoak aztertuko dira; eta Abadiñon, kulturgintzak dituen erronkak izango dituzte hizpide.

Horretarako, Enkarterriko udalerriko mahai-inguruan Clementine Bouzak (Nos Unimos GKE), Laura Penagosek (aktore kolonbiarra), Boubacar Dioufek (Mbolo Moye Doole), Andrea Heuschmidek (Baskele elkartea) eta Xabier Aierdik (Begirune Fundazioa) parte hartuko dute. Eta Arrigorriagakoan, Kike Amonarriz, Lutxo Egia, Ioldi Beristain eta Jon Maia izango dira solaskideak. Abadiñon, berriz, Onintza Enbeita, Joseba Sarrionandia, Leire Vargas eta Eneko Sagardoy izango ditugu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kontzertuak, ikuskizunak eta solasaldien ziklo bat, Ostera kultur festibalean