Borrar
Kontakizun laburren hiru liburu

Kontakizun laburren hiru liburu

Sábado, 7 de enero 2023, 00:08

Gurean ere, gure literatura-mundutxoan, merkatuak bere legeak ditu. Orain gutxi, adiskide batek galdetzen zidan ea galbaherik egiten den argitaratzen diren liburuetan, edo irizpide handirik gabe denetarik agertzen ote den. Galbaheren bat egongo dela esan nion, baina ezin da ukatu argitaletxeek bildumen zuzendarien soldatak ordaindu behar dituztela, eta, beraz, nahi eta nahi ez argitaratzera behartuta daudela, testuen berritasunak salmentak bultzatuko dituela pentsatuz.

Hortaz, merkatuak bere legeak ditu. Eta bat da, eta ongi egina dago, argitaletxe handiek beren zilborraren inguruan eratzen dituztela estrategiak. Idazle bati saria eman, argitaratu, argitaletxeko aldizkarian bultzatu, dendetan lehen tokian kokatu eta abar.

Dena dela, 2022ko uzta eskasa izan dela entzun diot bati baino irakurle gehiagori. Ezin dut kontrakorik esan, euskal narratibaren erlojuaren kontrako irakurlea ez naizelako, lan bat agertu eta irentsi zalea ez naizelako, opor egunak behar ditudalako, egun lasaiak pilaturiko liburuen artetik begiz jota nituenak hartzeko eta irakurtzeko.

Eta gaur etxe epel dudan orrialde honetara ekarri nahi ditut uzta eskasaren inpresioa desegiten didaten hiru kontakizun liburu.

Jon Benitoren errealismo abstraktua

Lehena da Jon Benitok argitaletxe nagusien zirkuitutik at atera duen 'Lagun minak' poesiaz osaturiko ipuin liburu mingarria. Urteak dira idazle sendo hau libururik agertu gabe egon dela. Lehen-lehenik, arreta piztu dit lehen orrialdean egindako aitorpenak: Zenbat aldiz zuzendu duen liburu honetako bidea. «Idaztea, zuzenketak egitea da» esan ohi da, eta zuzen bete du legea Jon Benitok. Ipuinak miresgarriak dira. Poemak, ez gutxiago.

Kontaketa pertsonaiengan oinarriturik dago, baina gakoa ez da gertatutakoa, gertatu den horrek pertsonaiarengan utzi duen aztarna baizik, edo zauria, egileak maite duen hitza erabiltze aldera. «Zein ginen zauriaz lehen?/ Nola gara haren ostean?» idatzi du liburuko poema batean, eta trama nagusia hor dagoela esango nuke. Zauriak izan duen eragina. Hortxe dago koska.

Teknika desberdinak erabili ditu, esango nuke bat ipuin bakoitzean, eta «errealismo abstraktua» deitu dio bere lanari; kontakizun gehienetan, «iraganeko itzal bat hezur-haragitzen» da. Horregatik introspekzioa, barne begirada da nagusia, barne sentsazioei nagusitasuna emanez kontaketaren orduan, pentsakizunetan kiribilduz irakurlearen bidea.

Aspaldiko Anjel Lertxundi ekarri didate gogora: naturan eta haurtzaroan ageri diren krudeltasunaren oihuak, isilpean uzten diren zertzeladak, estiloz beteriko idaztankerak lanbropean eta iradokizunaren munduan utzi duen egoera latzen ibilbidea. Elkarrizketek erritmoa eman diete narrazioei, eta bai esan ez esan ari dira, agerikoaren ezkutua landuz. Badirudi egileak ipuin bakoitzaren konta moldea eta tankera aukeratu dituela, egokitasuna eta aldakuntza bilatuz.

Izaskun Etxeberriaren mina eta poza

Ez dakit zerk esaten zidan gustuko izango nuela Izaskun Etxeberriaren 'Esaten ez den guztian' liburua. Zerbaitek kilikatu egiten ninduen. Irakurtzeko zain nituen liburu andanatik hartu eta utzi egiten nuen, eta orain arte heldu ez den hurrengo baterako ziurtatu nahi nuen irakurketa. Heldu da unea, baina. Eta jakin ez nuen hura gauzatu egin zait. Liburu borobila bere sotiltasunean. Beharbada honetan ere aspaldiko zantzuak entzun ditut. Macondoren edo Obabaren antzeko espazioa, Altsasuren antza duen espazioa, eta hor pertsonaiak denbora luze batean, etsipenez eta minez, bukaera tragikoaren zain beren ibilbidean.

Norbaitek adieraziko dit liburu larregi egituratua, eraikinaren itxurakoa dela Etxeberriarena. 'Ferrila' deituriko sailean bederatzi ipuinen bidez, bidaiarien bidean, Altsasuko historia kontatu zaigu, 1908ko uda bukaeran hasi eta gaur egunean lau adiskide emakumek Madrilera egiten duten bidaiaren berri eman arte. Hari kronologikoan lotzen dira historia kolektiboa ('Negua ematen zuen udazkeneko gau hartan') eta pertsonala ('Bidaideak'), edo bien lotura estua. Bigarren sailean, 'Eserlekuak' izenburua daraman horretan, berriz, pertsonaia baten bizitza osoa zatika emana. Izenen kontrajarpenak (Bidea/ eserlekua, gizartea/ pertsonaia) agerian dira, baina denek bete dute Liburuaren atal buru gisa jarritako Luis Cernudaren bertsoan esandakoa: «Burdinbideetatik mina eta poza igaro dira». Eta lan honetan kartsuki emana dago minaren eta pozaren deskribapena.

Sexuak eta maitasunak bere itzala zabaldu du itxaropenaren eta minaren artean. Badu egileak objektu jasoak aipatzeko joera, baina egokiak dira pertsonaien deskribapena moldatu eta haiei egiatasuna emateko. Harrituta ikusi dut liburuak ez duela iruzkin bakar bat ere gure kritiken hemerotekan. Itsu gauden seinale? Edo seinalea lehendik zegoen? Liburu ederra, betea, istorio mehar eta indartsuz josiriko herri baten historia eria.

Karmele Mitxelenaren min haragitua

Gure sisteman urtearen azken zatian argitaratzea madarikazioa da. Durangoren ateetan gaude eta luma ospetsuek hartu dute Azokaren eta merkatuaren eremua. Urtearen bukaeran agertu da Karmele Mitxelenaren 'Haragizko mamuak' liburu zoragarria.

Lan honek badu aurreko biekin zubirik. Izaskun Etxeberriak egin duen moduan, Mitxelenarena ere liburu eraikia da. Hartu gai bat, hain zuzen ere emakumeek pairatzen dituzten zenbait egoera mingarri eta erakusketa bat sortu: Hamar ipuin, hamar egoera larri. Jon Benitoren liburura hurbiltzen du mina haragitzeko ahaleginak.

Karmele Mitxelenaren pertsonaiek mina dute inguruan. Amaren –eta aitaren– zaintza ezinezkoa egiten delako, etxe baten barnean zerbitzariak nagusiaren abusua jasan behar duelako, etxeko neskatxa gazteak osabaren indarkeria sexuala pairatu behar duelako. Mitxelenaren kontakizuna beti gertatu ohi da toki itxietan, barnekoetan eta pertsonaletan, testigurik gabe, defentsarik gabe. Eta emakumeok lehen pertsonan kontatzen dituzte beren itolarria.

Beraz, literatura urtea ergela eta maingua izan dela diotenentzako hara hemen hiru liburu nagusi, gomendagarri, eta, bat edo beste, gure literaturaren historian geratuko dena, nahiz eta gaur arte (egin ez diren) iruzkinek hori esan ez.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kontakizun laburren hiru liburu