Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Patxi Juaristi (Markina-Xemein, 1967) soziologiako doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakasle titularra da. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate arloko zuzendaria izan zen mende honetako lehen hamarkadan, eta urte batzuk geroago UPV/EHUko hainbat batzordetako kidea ere.
Zenbait artikulu eta hamabost liburu argitaratu ditu euskal kultura, euskaldunen balio, euskara, eta, oro har, hizkuntzei buruz. Halaber, Gerra Zibilarekin eta memoria historikoarekin lotutako gaien gainean ere ikertu eta argitaratu du, eta zortzi doktorego tesiren zuzendari edo zuzendarikide izan da. Hori gutxi balitz, Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea da, eta 2017tik 2020ra bitartean, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordea izan zen.
Erronkak gustatzen zaizkio Juaristiri, eta, horregatik gustura hartu zuen Eusko Ikaskuntzak asteazkenetik ostiralera bitarte (urriaren 2tik 4ra bitarte) ospatuko duen XIX. Kongresuaren lehendakaritza. Gasteizko Europa Jauregian izango da, 'Elkartzen gaituena | Lo que nos une | Ce qui nos rassemble' lelopean. Han egon nahi baduzu, eman izena hemen.
-Zer neurri hartu behar dira herri baten, kasu honetan Euskal Herriaren, gizarte eta lurralde kohesioa areagotzeko?
-Kohesio hori posible egiten duten faktore asko daude, eta kongresu honetan guk hirutan jarriko dugu fokua. Lehenengo egunean arlo sozioekonomikoa izango dugu hizpide, ekonomia oso garrantzitsua baita kohesioa lortzeko. Azken finean, gure gizartea pobreziaz beteta badago, ekologia arazoak baditugu, edo belaunaldien artean harremanik ez badago, nolabait hor arazoak ditugu ikuspegi sozioekonomikotik.
Ondoren, bigarren egunean jendartea izango dugu ardatz, hau da, gizarte bateko harremanei buruz hitz egingo dugu. Eta gizarte bateko harremanak abiapuntutzat hartuta, hor helduko diegu hezkuntzari, identitate kolektiboei, kulturari, bizi dugun trantsizio-egoerari... Horiek baitira, besteak beste, kohesioa eragiten dutenak.
Azkenik, hirugarren egunean Eusko Ikaskuntzak lurraldearen gaia jorratuko du, kohesioa lurralde mailan ere eman nahi delako. Euskal Herriari kohesioa emateko nahia dago, hau da, Iparraldea, Autonomia Erkidegoa eta Nafarroaren artekoa. Eta, jakina, herri txikien eta handien arteko kohesioa ere axola zaigu. Izan ere, gero eta jende gehiago bizi da hiri handietan eta horri buruz hausnartu behar da. Azken finean, jende guztia hirietan bizi bada, eta herri txikiak hutsik badaude, hor ere kohesioa hausten da.
Beraz, kohesioaren inguruan gai asko daude eta kongresuan saiatuko gara gure ustez garrantzitsuenak direnak aztertzen.
Beste elkarrizketa batzuk
Jan Echevarría
Jan Echevarría
- Hezkuntza sistema, euskal nortasuna 2050ean, kultur politiken azterketa, herri txikien egoera eta beste hainbat gai jorratuko dituzue. Herri mailako itun bat lortzeko proposamenen bat aurreratu ahal didazu?
-Euskal nortasunaren inguruan argi agertzen da euskararen garrantzia, kohesionatzeko balio dezakeen ideia bezala. Eta gero, hezkuntza mailan, urrats ezberdinak eman dira Euskal Herriko hainbat eragilek elkar ezagutzeko prozesuan, eta hor ere aukerak ikusten ditugu.
Bestalde, herri txikien inguruan herri akademia bat sortu da, eta garrantzitsua da hor pausuak ematea, eta, bereziki, herri txikien bizi kalitatea hobetzen joatea. Kulturari dagokionez, kultur eskubideak ere aldarrikatu behar ditugu, eta ikuspuntu sozioekonomikotik, zaintzari buruz hausnarketa egin behar da, baina gogoetaz gain, gauzak eraldatu behar ditugu eta jasangarritasuna kontuan hartu. Zalantzarik gabe, enpleguari buruzko gogoeta egin behar da, etorkizunean gertatuko diren aldaketa guzti horiei ondo erantzuteko.
Teknologia berriek nola eragiten diguten ere azalduko dugu, hau da, gure gizartea nola ari den aldatzen. Zentzu horretan, proposamen batzuk egingo dira komunitatearen nostasun hori ez galtzeko, hor arrisku batzuk ditugulako... Beraz, esparru soziokomunitario hori indartzeko proposamenak izango dira batez ere, kulturaren, hezkuntzaren, identitatearen eta abarren ikuspegitik.
-Lurralde ezberdinetako adituak egongo dira?
-Bai, Eusko Ikaskuntzak hori du helburu eta ikerketa proiektuetan Iparraldeko, Nafarroako eta Autonomia Erkidegoko jendea dago. Orduan, guztiek parte hartuko dute eta zentzu horretan kongresu anitza izango da.
Gero, barneko begirada pluralaz gain (lurralde ezberdinetakoa, gazteena, gizon eta emakumeena...), kanpoko begirada kongresura ekartzen saiatu gara. Hau da, guk gogoeta egin behar dugu Eusko Ikaskuntzaren baitan, Euskal Herriko jendea gonbidatu, eta gero, ekarpenak ekarri kanpotik, han dauden gauza interesgarriak ezagutzeko helburuarekin.
-Nor etorriko da?
-Atzerritik ekarriko ditugun hizlari guztiak dira onak, baina elkartu ginenean, gehien harritu ninduena Hilary Cottam izan zen. Londresko University Collegeko Berrikuntza eta Asmo Publikoko Institutuko irakaslea da, eta, besteak beste, Radical Help (2018) liburuaren egilea. Bada, berak egingo du irekiera ekitaldiko hitzaldia, eta esan behar dut entzuteko modukoa izango dela. Izan ere, ikuspuntu soziokomunitario horretaz hitz egingo du: nola berreraiki ditzakegun harremanak eta nola hobetu dezakegun gure ongizate estatua (gai horretan da aditua).
-Ingelesez ariko dela suposatzen dut?
-Bai, bere hitzaldia ingelesez izango da. Kongresuaren saio gehienak euskaraz izango dira eta beste asko gaztelaniaz, nahiz eta gauza batzuk ingelesez ere izango ditugun. Dena den, bertaratu nahi duten pertsonek aldibereko itzulpena izango dutela jakin behar dute. Beraz, hizkuntza jakin ez arren, zuzenean itzuliko zaie bertan hitz egindakoa. Eta, gero, aurkezpen batzuetan euskara, gaztelania eta ingelesa nahastuko dira.
-Nork joan behar du bai ala bai Gasteizko Europa Jauregira?
-Deialdia gizarte osoarentzat da. Edonor joan daiteke, ez da ezer ordaindu behar eta ez da Eusko Ikaskuntzako bazkide izan behar ere. Gai horietan interesa edo erantzukizuna duten guztiei irekita dago, edo, besterik gabe, horri buruz hausnartu nahi dutenei. Eusko Ikaskuntza gizarte zibila da, eta azken finean gizarte zibilaren gogoeta da. Beraz, unibertsitateko jendea, erakundeak eta kultur eragileak izango dira, baina, batez ere, herritarrak. Herritarren ahotsa atera nahi dugu eta mundu guztiari irekita dago. Egia da jendeari web orrian izena emateko eskatu diogula, baina azken unean norbait etortzen bada, onartu egingo zaio.
-Harrera ona izaten ari da?
-Bai, momentuz ondo; pozik gaude.
-Dinamika parte-hartzaileak izango dira. Zer espero duzue bertaratuengandik?
-Denborak oso ondo kontrolatu ditugu, hau da, hizlariek hitz egingo dute, baina behin eta berriz azpimarratu dugu ordutegiak gorde beharko direla eta, ondoren, jendearen eztabaidarako eta galdetzeko uneak errespetatu beharko direla. Zalantzarik gabe, bertaratutakoen iritzia ere ezagutu nahi dugu eta, horretarako, ahotsa eman behar zaie.
-Kukai dantza taldearen hausnarketa sortzaileaz asko hitz egiten ari da. Zertan datza?
-Guk planteatu genien ikuskizun bat ekartzea, baina ez genuen nahi emanaldi hori 'florero' bat izatea, kongresua ixteko edo irekitzeko. Hau da, gogoeta bat izatea nahi genuen. Orduan, Jon Maiari eman genizkion azken urteotan Eusko Ikaskuntzan egin diren hausnarketen ondorioak. Bost bat aldiz bildu gara berarekin guk zer nahi genuen azaltzeko, hots, jendeak gogoeta egin dezala ikuskizun hori ikusita.
Bertan puntako dantzariak eta musikariak egongo dira, oso emanaldi berezia eginez, izan ere, gogoetarako ohikoa ez den hizkuntza erabiliko dute. Ez dakit zein egunetan duzun pentsatuta joatea, baina egun bakarrean joan behar baduzu, joan zaitez hor, benetan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.