Borrar
'Mattin', saltxa ugaritako perrexila.

Ver 7 fotos

'Mattin', saltxa ugaritako perrexila.
Iñaki Martiarena Otxotorena, 'Mattin' Komikigile eta ilustratzailea

«Komikia paperezko zinema da, bai; aurrekontu apaleko filma»

'Mattin'-en azken lana 'Amona Tomaxa udazkenean' da, Ixabel Agirresaroberekin batera argitaratutakoa. Orain, beste komiki bat ari da prestatzen, eta, bitartean, sormen lantegietan murgilduta. «Nire burua janzten eta ikasten darrait», gaineratzen du

Leire Larrazabal

Martes, 2 de mayo 2023, 19:55

Ibilbide luzeko marrazkilaria dugu Iñaki Martiarena 'Mattin'. Urte mordoa komikiak egiten. Eta bide luze honetan, hamaika pertsonairi bizia eman die: Moko eta Karmele, Ander eta Graun, Belardo belar mota ospetsua eta Lokatzak, batzuk aipatzearren. Komikia, ilustrazioa, hitzaldiak, tailerrak… jorratzen ditu. Euskarazko prentsan ere umore grafiko lana egindakoa dugu 'Mattin'.

Bere argitalpenak bi multzotan bana daitezke. Batetik, 'Mattin'-ek ilustratutakoak, alegia, idazle batekin elkarlanean. Eta, bestetik, berak idatzi eta marraztutakoak. Zerrenda amaiezina; batez ere, beste idazle batzuekin burututakoak. Hor dira Pedro Alberdi, Ixiar Rozas, Joxemari Iturralde, Xabier Mendiguren, Katixa Agirre, Iñaki Zubeldia eta Antton Duesorekin, besteak beste, egindako lanak. Aldiz, bere uzta propioa direnen artean, 'Zulo beltzean', 'Moko eta Karmele', 'Ez naiz pegata hutsa!' edo 'Zarrakamalda' dauzkagu.

- Lan mordoa, ez zara aspertzen den horietakoa, ez.

-Adar ugari dituen zuhaitz bat bezala daukat nire burua. Sustraiak euskarazko prentsan ditut, horixe izan baita nire jatorri profesionala. Adarrak aldiz, ugariak: umore grafikoa, komikia, karikatura... Kontuan izan Informazio Zientzietan lizentziatua naizela, eta informazioaren munduak jakinmina sortarazi didala. Dena dela, komunikatzaile grafikoa naizela esango nuke, hau da, istorioak kontatzen ditut. Horretararako, hitza eta marrazkia erabili ohi ditut. Hala ere, oso etiketa zurruna da. Bizitza mugimendua da eta, ni, neu, mugitu egiten naiz.

-Zein arlotan sentitzen zara erosoen?

-Eroso nago alor guztiekin. Batzuetan, enkarguak izan ohi ditut, eta, beste batzuetan, aldiz, nire baitatik sortutako proiektuak dira.

- Irudia eta hitzaren arteko zubilana egiten duzu. Komikia paperezko zinema al da?

-Nire uste apalean, bai. Egileak berak sortzen ditu osagai guztiak: aktoreak, gidoia, eszenatokia... aurrekontu apaleko filma. Bidaia-agentzia ere bai, aise asko bidaiatzen duzulako, edonora. Zubilana kontzeptua gustatzen zait. Izan ere, hitza eta irudien arteko harreman hori atsegin dut.

-Autodidaktatzat jotzen duzu zure burua?

-Ekinez ikasten ari naiz. Haurtzaro eta gaztaroan ez zegoen nire inguruan artea edota adierazpen artistikorako inolako girorik. Are gehiago, denbora alferrik galtzeko jardueratzat hartzen zen. Klase sozial apalekoa izanik, marrazteko tresna xumeak baino ez zeuden gure etxean: paper merkea eta arkatzak. Segur aski, barruko indar edo premia batengatik jarraitu nuen marrazten. Ondoren, lanbide bihurtu zen. Eskertuta nago.

«Klase sozial apalekoa izanik, marrazteko tresna xumeak baino ez zeuden gure etxean: paper merkea eta arkatzak»

-Komikiak gazteentzako irakurzaletasuna areagotzeko tresna izan daitezke?

-Ba ez dakit. Adierazpide indartsua da komikia, aukera asko dituena. Zernahirako erabil daiteke: marrazki ederrak egiteko, hizkuntza lantzeko, denbora tarte atsegina izateko, bidaiatzeko… hainbat genero daude. Komiki lantegiak eskaintzen ditudanean, hitzari zein marrazkiari ematen diot garrantzia. Lan handia dago egiteko. Nire ikuspegia da ikasleari tresnak eskaintzea, berak ondoren bere bidea egin dezan. Ez dugu ahaztu behar jolasa eta plazera behar-beharrezkoak direla.

-Umorea gustatzen zaizu barneratzea zure lanetan...

-Umorea ezinbestekoa iruditzen zait. Mina baretzeko edota leuntzeko tresna bat da. Ez ote dugu galdu irri egiteko ohitura?

-Komikiak ez dira soilik gazteentzat; 'Klak' plazaratu zenuen.

-Bai, 2020an, ariketa polita eta dibertigarria izan zen. Komiki mutua izanik, harrera bikaina izan du. Ibby erakundearen Silent Books egitasmoan hautatua izan da. Munduan barna ibiltari izan da, nazioarteko beste hainbat libururekin batera.

-Euskaldunok komikizaleak gara?

-Ez da egon komiki tradiziorik. Aurreiritzi ugari ditu oraindik komikiak, baina astiro-astiro bere lekua hartzen ari da.

-'Zarrakamalda'-n zentratuko gara orain. Izan ere, urte batzuk igaro diren arren argitaratu zenuenetik, indartsu jarraitzen duela esango genuke...

-Nire etapa bat adierazten du. Elikadura eta agroekologiaz mintzo da. Etiketak ez ditut maite, baina komiki sozialtzat har daiteke. Kontutan izan 2016an argitaratu nuela. Hain zuzen ere, komikiaren leherketaren atarian. Oraindik bizirik dirau eta irakurleek atsegin dutela diote.

«Aurreiritzi ugari ditu oraindik komikiak, baina astiro-astiro bere lekua hartzen ari da»

-Protagonista, Lokatzak.

-Inguruak erasotua den pertsonaia baten kontakizuna da hau. Hiriak erasotzen du, lurrak erasotzen du, ingurukoekin harremanak izan nahi ditu baina ez du lortzen; bere lubaki partikularrean bizi da. Bizirauten du. Ingurunearekin eta ingurukoekin harreman ezberdin bat garatu nahi duen pertsona baten bidaiaren kronika da komiki hau.

-Zertan ari zara orain? Zer duzu esku artean?

-Gaur-gaurkoz egitasmo ugaritan nabil: berriki, 'Amona Tomaxa udazkenean' (Denonartean) eman da argitara Ixabel Agirresarobe kontalari usurbildarrak idatzia. Era berean, sormen lantegiekin buru-belarri nabil; handik eta hemendik deitu ohi naute, ikastetxe eta kultur-etxeetatik. Gainera, Udalbiltzak emandako beka bati esker, komiki bat prestatzen ari naiz. Azken batean, trasmisio lanean dihardut neurri handi batean, gure ondarearen transmisioan, alegia. Gainontzean, nire burua janzten eta ikasten darrait. Elkarlanerako prest nago!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Komikia paperezko zinema da, bai; aurrekontu apaleko filma»